Julio Villarren “E, Petrel” liburuaren antzezlan-moldaketa, Campos Antzokian

4 apirila, 2017 - 1 minute irakurketa

e petrel 4Datorren ostiralean, apirilak 7, 20:00etan, Campos Antzokian, E, petrel! Julio Villarrekin solasean antzezlana aurkeztuko du Loraldia Festibalak. Astrolabium Teatroak taularatuko du, Mikel Sarregi zuzendari eta protagonista dela. Bizkaia mailan estreinua izango da.

Antzezlan horren oinarrian Julio Villarren ¡Eh, petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburua dago, Mikel Sarriegik moldatua. Liburuan, Julio Villarrek Mistral belaontzian egindako bidaia gogoangarria kontatzen da: 1968an Bartzelonatik abiatu eta, 38.000 itsas milia egin ostean, Lekeitiora iritsi zen 1972an, munduaren bira eginda. Arriskuz, gorabeheraz eta zirraraz betetako bidaia bat, askatasun-sentimenduaren bultzadaz egina.

Astrolabium Teatroaren lan honek Julio Villarren bidaia hura kontatzen digu, garai hartako eta egungo protagonistaren ikuspegitik. Lagun baten eta musikari baten eskutik, Julio Villar abentura hartara bultzatu zuten arrazoien berri izango dugu, haren nortasunean barneratuko gara, eta bidaia gogoangarri hartako zenbait pasadizo biziko ditugu. Gaur egungo Julioren nondik norakoak ere agertuko dira, orain egiten duen bizimodua eta haren bidaiak.

Ordubete inguruko lan honetan Julioren hainbat alderdi agertuko dira: batetik, mendizalea, abenturazalea eta nabigatzailea; eta, bestetik, Julio ameslaria eta poeta. Naturak eta Lurrak liluratuta bizi den pertsona ulertzen saiatuko gara, bai eta haizeak, izarrek eta ilargiak harengan sortzen dituzten sentimenduak ere. Gure bizimoduari eta egungo gizarteari beste ikuspegi batetik begiratzera gonbidatuko gaitu antzezlanak.

Astrolabium Teatroa antzerki-konpainia 2015ean sortu zen, Mikel Sarriegiren eskutik. Obra hau orain urtebete estreinatu zen Albaola Itsas Kultur Faktorian, baina, nahiz eta Gipuzkoako hainbat herritan antzeztu, orain arte ez da inoiz Bizkaian erakutsi.