Elkartea

Euskarazko kultura sustatzeko eta honen inguruan lanean ari diren eragileen arteko elkarlana bultzatzeko sortutako elkartea da Loraldia.

Alde batetik, euskarazko kultura garaikidea publikorik zabalenera eraman nahi dugu, gazteengan indar berezia eginez; horretarako hezkuntza sarera joz. Bestetik, kultur sektoreko eragileen arteko elkarlana indartu nahi dugu, horretarako Loraldia horien guztien espazio komun bilakatuz eta sorkuntza lan berriak garatzeko aukera emanez.

Eskola

Kulturaren transmisioa gazteen eskuetan dago. Hala, hezkuntza zentroetan kultur jarduerak garatzen ditugu, etorkizunean sortzaile zein kontsumitzaile izango direnak kulturara erakartzeko.

Era berean, euskarak etorkizun oparoa izatearen giltza nagusia ere transmisioa da. Transmisioari esker iraun ditu euskarak milaka urte bizirik, eta halaxe segi dezan, gure hizkuntza erdigune duten kultur ekimenak sustatu nahi ditugu eskolan. Hizkuntza ez da ezer kutlurarik gabe, beraz, biak bat eginda txertatu nahi ditugu gure gazteengan.

Gainera, kultur ekitaldi eta proposamen ludikoez gain, bestelako ekimen eta baliabideak ere eskaini nahi ditugu, hala nola, bisitaldi interpretatiboak zein ikasleek hezkuntza programazioaren barruan landu ditzaketen gida pedagogikoak.

 

Plaza!

Kultur sektorea osatzen duten eragileen elkarlana sustatu eta indartzeko espazioa da; kulturaren alor ezberdinetan lanean ari direnen profesionalizazioa sustatzeko espazioa. 

Horretarako, profesionalizazioak berekin ekarri behar dituen ildo ezberdinak jorratuko ditugu. Alde batetik, negozio aukera berriak garatzeko testuingurua osatu nahi dugu, adibidez, ekoizpen berriak elkarlanean sortzeko baldintzak dituen ingurugiroa sortuz. Beste alde batetik, Plaza! hausnartzeko eremu izatea ere nahi dugu. Eta, azkenik, formazioa indartzeko xedea ere badu.

 

Festibala

Urtero euskarazko kultur ekoizpenaren erakusleiho izango da festibala. Diziplina artistiko guztiak hartuko ditu kontutan eta maila guztietako ikusle-entzuleengan pentsatuta diseinatzen da. Udaberrian eta Bilbon eratu dugun kulturaldia da, eremu integratzaile eta garaikidea.

Anton Abbadiak XIX. mendean sortu zituen Lore Jokoak diru oinarri. Hala, XXI. mendeko Lore Joko modernoak direla esan genezake. Abbadiaren xede berberarekin jarri gara lanean: euskarari merezi duen prestigioa eta espazio soziala ahalbideratzea.