Loraldia Eskola ekimena aurkeztu dugu gaur

5 apirila, 2017 - 2 minutu irakurketa

Prentsaurrekoa0_E4A2483Gaur goizean Loraldia Eskola euskal kulturaren transmisioa bermatzeko proiektu berritzailea  aurkeztu dugu.  Haurrek euskal kulturara hurbiltzeko asmoa duen proposamen jantzia da Loraldia Eskola. Loraldia Kultur Elkarteak sortu du, Festibala gizarte osoari helarazteko xedez.

Egitasmo berritzaile hori irailean abiatu zen, ikasturtearekin batera, San Adriango Urretxindorra ikastolarekin eta Deustuko Ikastola eskola publikoarekin elkarlanean: Loraldia Elkarteak unitate didaktiko bat sortu eta, tresna hori baliatuta, sormen-prozesu bat garatzea proposatu zien ikastetxeei. Horretarako, gida didaktiko bat kaleratu du Loraldiak, non, besteak beste, honako hauek azaltzen baitira: edukiak, prozedurak, metodologia eta baliabideak. Sormen-lan hau eskolako curriculumean txertaturik dago jada.

Horrela, bada, 22 astean zehar zenbait diziplina artistiko landu dituzte ikastetxe horietan —literatura, musika, dantza, bertsolaritza…—, arlo bakoitzean aditua den artista baten laguntzarekin. LH5eko eta LH6ko ikasleek hartu dute parte proiektuan, Bilboko 10 eta 11 urteko 106 haurrek, hain zuzen ere. Kultur adierazpen asko bildu dituzte eta, oinarri artistikoa Zuberoako Pastorala bazen ere, XXI. mendeko ikuskizun modernoak egin nahi izan dituzte.

Deustuko Ikastolako ikasleek euskal mitologiari buruzko pastorala prestatu dute: Mar eta Maddi. Urretxindorra Ikastolakoen antzezlanak Eneko Aritza Nafarroako errege-erreginen dinastian lehen izen ezaguna du ardatz. Emaitza gaur antzeztuko dute, Campos Antzokian, 19:00etan, Loraldia Festibalaren programazio barruan.

Gida pedagogikoa

Loraldia Kultur Elkarteak sortu du gida pedagogikoa eta bideratu ditu eskolako saioak, ikastetxe bakoitzeko irakasleari laguntza emanez. Izan ere, hezkuntzaren arloan euskarazko kultur aberastasun garaikidea ezagutaraztea bilatzen du Loraldia Eskolak, gaurko kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten esperientziak sortuz. Helburua, finean, zera da: gure artean sorkuntzarekiko interesa eta zaletasuna piztea, etorkizuneko balore bilaka dadin.

Gida pedagogikoa hiru hilabeteko lan mardula izan zen: ideia orokorretik abiatuta, eta lanean ariko zirenen curriculumaren profilari so, saioz saio berezko eduki eta jarduerak sortzen joan ziren, urritik apirila bitarte, astean behin (ordubeteko 22 saio, beraz). Besteak beste, hizkuntza, genero-ikuspegia, kultur aniztasuna, elkartasuna, askatasuna eta errespetua izan dira irizpide, eta, apurka-apurka, lantaldean zein indibidualki, antzeztuz, margotuz eta eztabaidatuz ikasteko eta sortzeko jarduerak antolatzen joan dira.

Loraldia Eskola proiektuaren garapenak Azkue Fundazioaren laguntza, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan du.

Datorren ikasturtean ekimena errepikatzeko asmoa agertu du Loraldia Kultur Elkarteak.