Loraldia Festibalaren 4. edizioa aurkeztu dugu Durangoko Azokan

10 abendua, 2017 - 5 minutu irakurketa

Badator Loraldia Festibalaren 4. edizioa. Martxoaren 5a eta 26a bitartean ospatuko da eta, beste behin ere, Bilbon eta udaberrian, euskal kultura eta euskarazko kultur proposamenik berritzaileenak izango dira protagonistak.

Lau sormen-haizetara

Hainbat ikuskizun eta hamaika protagonista. Loraldiaren 4. edizioa indartsu dator. Zaila bazen aurreko ediziotako proposamenen maila mantendu eta berriak plazaratzea, Loraldia Elkarteak eutsi egin dio eta prest dauka Loraldia Festibalaren 4. edizioaren egitaraua.

Imanol Agirrek, Loraldia Festibalaren zuzendari artistikoak, Durangoko Azokan aurkeztu ditu hurrengo edizioaren mugarri nagusiak. Agurtzane Intxaurragak, HIKA teatroa antzerki taldearen zuzendariak, publiko aurrean egin dion elkarrizketan Loraldia Kultur Elkartearen estrategia eta Festibalaren edizio berriaren gakoak azaldu ditu.

Laugarren edizioak hainbat protagonista izango ditu eta kultur sormen bereziak plazaratuko ditu, mota askotarikoak, gainera: Antxon Abbadia berpiztuko dugu berriro ere, oraingoan Txomin Heguyren bitartez; Ruper Ordorikaren kantuak azukre koxkor bihurtuko dituzte euskal musika unibertsoko hainbat izarrek; Kukai dantza konpainiak Oteizaren lanaren inguruko koreografia berezia eta bakarra antzeztuko du; Imanolen kantuak jazz estiloan entzungo ditugu; Izaro kantariak lan berria aurkeztuko digu; Mursego eta Amorante maitaleak bihurtuko zaizkigu; Mikel Martinez aktoreak bere tabernariaren bigarren izaerari eutsiz, kaña bat ondo botatzen erakutsiko digu; Mireia Gabilondok, Silvia Pathen testua hartuta, amatasunaren inguruko hiru emakumeen bizipenak taularatuko ditu; Estitxu kantariari omenaldia egingo diote beste hainbat euskal musikarik; testua, musika eta bertsoak elkartuko ditugu… eta horrela 23 ekitaldi osatu arte.

Loraldia Kultur Elkarteak ekoizpen propioak sortzeko konpromisoarekin jarraituz oraingoan ere estreinaldi bereziak aurkeztuko ditu. Eta Loraldia Eskolaren uztaren zati bat ikusteko aukera izango dugu baita ere: 2018ko edizioan bi proposamen taularatuko dira: Gernikako bonbardaketari buruzko pastolara, Gernikako San Fidel Ikastolako ikasleen eskutik; eta Lauro Ikastolako 7 kantu, 7 lur, 7 kontu ikuskizuna.
Bilbronx-eko edizio berria ospatuko da baita ere, sormen mota berriei aukera eman eta gazteei begira.

Festibalaren giltzak

Anitza

Aurreko edizioetan bezalaxe, laugarren honetan kultur aniztasuna islatuko da tauletan: musika (folk, kantautorea, hip hop, klasikoa, rock, esperimentala, jazz…), dantza garaikidea, performance, bertsolaritza, literatura, teatroa, arte plastikoak, zinema…

Garaikidea eta berritzailea

Festibalaren nortasunak agintzen duen bezalaxe, gehienak estreinaldiak dira eta oroz gainetik, proposamen artistiko ausartak eta garaikideak. Kultur berritzailea agindu genuen eta hona hemen sorkari multzo aitzindaria.

Erreferenteak transmisioan

Oteiza, Antxon Abbadia, Imanol, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia… euskal kulturaren izen handiak izango dira gurean. Gure kulturaren transmisioa bermatzen duen egitaraua da.

Gazteak

Sortzaile gazteen aldeko lana egin du festibalak eta aurten ere sortzaile berriei lekua egin diegu. Horra hor Izaro, Inun eta Mursego kantugileak edo Beñat Krolem artista plastikoa. Gure kultuaren kimu berriak.

Emakume sortzaileak

Sortzailea dugu festibalaren erdigune. Eta batez ere emakume sortzailea jarri dugu ikusmiran. Beraz, gaurko sortzailerik nabarmenetakoak laugarren edizio honetan parte hartuko dute: Estitxu (euskal musikaren aitzindariari omenaldia), Arantxa Urretabizkaia (2017ko Euskadi Saria), Maialen Lujanbio Uxue Alberdi eta Jone Uria (itzal luzeko bertsolariak), Izaro (etorkizun handiko kantugilea) Mursego (gaurko musikagintza berritzailea), Miren Narbaiza (boz aipagarria), Ainara Ortega (jazz kantari nabarmena), Anari (kantugile handia) Hiru Emakume antzezlanaren estreinaldia (Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean), Iratxe Fresneda (zineman aditua)…

Zubiak

Euskal kultura eta munduko beste kulturen arteko zubiak eraikitzen ditugu. 2018an, Alemaniara bidaiatuko gara Herejeen alaba aurkitzeko, Errusiako Shostacovich musikagilearen eskutik haur ipuinak entzungo ditugu, Sylvia Plath idazle eta poeta estatubatuarrak emakumeen bihotzean murgilduko gaitu… Joan etorri honetan denok irabazle ateratzen gara. Erdal eremutik euskara unibertsora hurbiltzeko asmoarekin lanean gaude.

Ikusle guztiak

Ikusle berriak sortzeko plana dugu. Hori dela eta, edizio honetan ikusle guztiei begira programatu dugu. Ume txikientzat, gazteentzat, helduentzat… abaniko zabala eta ikusgarria da egitaraua. Denentzat erakargarria izan nahi duena. Ikusle berriak lantzen dituen egitasmoari Loraldia Eskola deitu diogu eta festibalean izango du isla. Loraldia Eskola jokatzen da urtean zehar hainbat ikastetxetako gazteekin. Gazteak beraiek sortzaileak izango dira.

 

22 egun. Euskal kultura bete jardunaldi. Emozio festa ikusgarria. Euskaldunentzat eta euskaldunak ezi direnentzat plazaratutako udaberriko festibala.