Loraldiak eta Athletic Fundazioak, Euskaltelen babesarekin, bideo sortze-lanen Thinking Football lehiaketa aurkeztu dute

15 ekaina, 2017 - 3 minutu irakurketa

loraldia-eta-athletic

Loraldiak eta Athletic Club Fundazioak Euskaltelen babesarekin euskaraz egindako bideo sortze-lanen proiektuen Lehenengo Thinking Football Lehiaketa plazaratu dute. Lehiaketaren xedea euskarako bideo-sormena sustatzea da. Lehiaketaren gaia futbola izango da. Fubolak gizartean duen eragina eta harreman estua, hain zuzen. Adin nagusiko edonor, norbanaka zein taldeka, aurkez daiteke lehiaketara. Proiektua nahitaez euskaraz aurkeztu behar da eta argitaragabekoa izan behar du. Ez da onartuko bestelako lanen moldaketarik; ez literatura-lanenak, ezta zinemarenak ere.

Lehiaketan parte hartzen duenak proiektua aurkeztean adierazi eta egiaztatu egiten du proiektuaren egilea eta egile-eskubideen titularra dela. Jabetza intelektualaren eskubide guztien titularra, patrimonio eta lanaren hedapenari dagozkionak barne. Egilea da edukiaren erabateko arduraduna. Parte-hartzaileak salbuesten ditu Athletic Fundazioa, Euskaltel eta Loraldia, hirugarren eragile baten edozein erreklamazioren edota kalte-ordainaren eskaeretan.

Lehiaketan landuko den gaia “futbola gogoan” da. Parte hartzeko idatziz aurkeztu behar da proiektua ahalik eta xehetasun gehien agertuz: ideia, aurrekontua, esperientzia, erreferentziak, etab. Proiektua film labur dokumentala, bideoartea, animazioa… izan daiteke. Edozein genero onargarria da. Proiektuaren txostenarekin batera egilearen ustez beharrezkoa den beste edozein euskarri aurkez daiteke: storyboard, irudi, argazki edota bideo. Aurkeztutako materialean pertsonen irudiak edo identitateak agertzekotan, parte-hartzaileak dagokion baimen legala izan behar du, antolatzaileak edonolako erantzukizunaz salbuetsiz.

Proiektuak aurkezteko epea 2017ko irailaren 15era arte izango da. Proiektuak postaz bidal daitezke (Athletic Club Fundazioa, Thinking Football Lehiaketa, Mazarredo 23, 48009 Bilbo) edo digital bidez Wetransfer artxibo bat erabiliz (fundazioa@athletic-club.eus). Ez da bestelako webik onartuko artxiboak bidaltzeko. Sari bakarra izango da lehiaketaren irabazlearentzat. Honako hau izango da: Euskaltelekin produkzio hitzarmen bat sinatuko da aurkeztutako proiektua burutu ahal izateko (sei hilabetekoa, hain zuzen). Ez zaie dirurik ordainduko parte-hartzaileei lanen prestaketa eta aurkezpenaren truke. Ez dago gutxieneko edota gehieneko kantitate ekonomikorik produkzio hitzarmenari dagokionez. Epaimahaiak proiektuaren aurrekontua eta bideragarritasuna kontuan izango ditu. Sormen lanaren ondorioa 2018ko Thinking Football Film Festivalaren zabaltze emanaldian eta Loraldia Festibalean aurkeztuko da. Sariaren irabazleak uko egingo balio Euskaltelekin hitzarmena sinatzeari, orduan saria bigarrenak hartuko luke eta horrela, hurrenez hurren.

Athletic Club Fundazioak lehiaketaren emaitza egokien uste duen moduan plazaratzeko eskubidea erreserbatzen du. Parte-hartzaileek euren nortasunaren berri ematea onartuko dute. Epaimahaia Athletic Club Fundazioak eratuko du eta bideo sortze-lanen profesionalek eta Athletic Club Fundazioaren, Euskaltelen eta Loraldiaren arduradunek osatuko dute. Lehiaketaren erabakia erantzunezina izango da eta hutsik geratzeko aukera ere badago. Epaimahaiak originaltasuna eta sormena baloratuko ditu, baita jasangarritasuna eta proiektuak berak eskaintzen duen futbolari buruzko hausnarketa ere.

Tags: , , , , , ,