Loraldiako ekoizpenek ibilbide propioa hasi dute: Streap-Tease antzezlana eta Lou Topet bandak Pete Seegereri egindako omenaldia biran

10 abendua, 2017 - 3 minutu irakurketa

Loraldia Elkarteak sortu eta sustatutako bi ekoizpenek ibilbide propioa hasi eta abenduan zehar beste hiri eta gune ezberdinetan disfrutatzeko aukera izango da. Bata, antzerkia, Strip-Tease antzezlana; bestea, musika, Lou Topet bandak Pete Seeger musikari amerikarrari egindako omenaldia eta Loraldiaren aurreko edizioan estreinatutako kontzertua.

Loraldia, Bilbon eta udaberrian ospatzen den Festibala baino askoz gehiago izateko asmoarekin jaio zen. Loraldia Kultur Elkartearen ardatz estrategikoetan daude euskarazko kultura industria eta euskal kulturaren transmisioa sustatzea. Bi ardatz hauetan ezarritako helburuak betetzeko ekintza eta ildoak euskarazko ekoizpen propioak sortzen gauzatzen dira. Eta asmo honetatik jaio ziren bi ekoizpenek euren ibilbidea hasi dute, Loraldia Festibalan estreinatu ondoren.

Loraldia Kultur Elkarteak ez ditu soilik diseinatu kulturaren sormena bultzatzeko moduak, aldiz modu aktiboan parte hartu du ekoizpen propioan, jaialdiaren hiru ediziotan horiek gauzatzera helduz: proposamen eszeniko berriak, joera eguneratuenek dakartzaten eduki berriak (scratch, body modification, beat- box, Dj…), sortzaileen arteko kolaborazio proposamen berriak, kultura transmisioko mintegien ekimen berriak…

2017ko Loraldia Festibalaren aurreko edizioan aurkeztutako ekoizpen propio bik Euskal Herri osoan zehar ibilbidea hasi dute, hainbat lekutan ikuskizun horiek plazaratuz. Bi arlo ezberdinetakoak dira: teatroa bata; eta musika, bestea. Biek erronka polita suposatu zuten eta arrakastaz estreinatu ziren Bilbon. Gaur, beste herrialdetan gozatzeko aukera dugu.

Strip-Tease antzezlana

Lau eszena zuzendariei erronka bota zien Loraldia Elkarteak iaz, gai baten inguruan sormen esperientzia berria plazaratzeko zirikatuz. Gaia streap-tease-a izan zen eta horri erantzunez Garbi Losada, Mireia Gabilondo, Fernando Bernués eta Jokin Oregik lau lan taularatu zituzten, Arriaga Antzokian estreinatuz: Orduan, ez naiz biluztuko? (Jokin Oregi), Zutaz blai (Mireia Gabilondo), Lady Godiva, ikusten ez dena, ez da (Garbi Losada) eta Begirunea (Fernando Bernués).

Hari probokatzaile honetatik tiraka lau strip-teaseren lekukoak izan ginen. Arrakasta handia lortu zuten lau lantaldeek Arriagako antzezpenean, martxoan. Eta aurreko astean, Gasteizko Principal Antzokian taularatu zen Strip-Tease berriro, bi saio ezberdinetan: goizez, gazteei zuzendutakoa; eta iluntzean publiko orokorrarentzat.

StripTease - Loraldia - Gasteizen

 

Lou Topet bandaren Eutsiko diogu, Pete!

Lou Topet bandak Pete Seeger musikaria berpiztu zuen aurreko Loraldian. Amerikako Estatu Batuetako folk kantari garrantzitsu honen itzala luzea da era nazioarteko musikari erraldoiak diren Bruce Springsteen edo Bob Dylanek bakarlari honen eragina aitortu dute. Gurean ere, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak edota Garik ekarri zuten Seeger euskal kantagintzara. Aurreko udaberrian Lou Topet bandaren txanda izan zen.

Talde honek Arriagan aurkeztu zuen lehenengoz Pete Seegeren omenez prestatutako kontzertu berezia, haren kantu klasikoak berritu eta euren estilora ekarrita.

Kontzertu berezia izan zen eta ondorioak ekarri zituen taldearentzat. Izan ere, dagoeneko #PeteSeegerGogoan bira bataiatu eta Euskal Herriko hainbat herritan plazaratu dute kontzertu hau. Bilbon zenbait alditan errepikatu izan dute, baina Gasteiz, Erronkari, Oñatitik eta beste hainbatetan izan ondoren, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainiko dute urte bukatu baino lehen, abenduaren 27an.

Aukera duzu oraindik ikusteko…

 

Loraldiaren 4. edizioan ere horrelako sorpresak izango ditugu. Zenbait proposamen berri plazaratuko ditu Loraldia Kultur Elkarteak, sortzaileekin batera ekoiztutako mota ezberdinetako lan berriak aurkeztuz. Une bereziak eta errepikaezinak eskaintzeko zaletasunarekin sortutako ekoizpenak dira. 

Adi egon programaziora…