Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 8. edizioaren arrakasta azpimarratu du

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 8. edizioaren arrakasta azpimarratu du

  • Loraldia Kultur Elkarteak oso balorazio positiboa egin du Loraldia Festibalaren 8. edizioaren alderdi guztietan: maila artistikoan, aurkeztutako proposamen artistiko guztien kalitate handia; antolakuntzari dagokionez, jarduera guztiak garatu eta edukiera berreskuratu ahal izan da; publikoak erantzun positiboa eman du; eta Loraldia Festibalak beste behin ere mugarri kultural historikoak lortu ditu.
  • Loraldiak 5300 ikusle baino gehiago bildu ditu 20 egunez eta 14 gune ezberdinetan, proposatutako 28 jardueretan.
  • Euskal Herri osotik etorritako 112 artistak hartu dute parte Loraldian eta, beste behin ere, une paregabe eta errepikaezinak eskaini dituzte.

 

 

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren 8. edizioa baloratu du. Zortzigarrena edizio handia eta emankorra izan da. Balorazio guztiz  baikorra.
Edizio honetan aretoetako edukiera berreskuratu da, jarduera guztiak mugarik gabe
garatu dira eta aurkeztutako proposamenen kalitate artistikoa azpimarratu behar da.

Loraldia Jaialdiaren 8. edizioa pandemiaren aurreko ohitura eta bizimodu askoren berreskurapenaren edizio bihurtu da. Antolaketari dagokionez, jaialdiaren garapena erraztu du, berme guztiekin. Artistentzat beren jarduerara baldintza normaletan itzultzea ekarri du. Eta publikoak pandemiaren aurretik bezala gozatzeko aukera izan du.

Bestalde, euskarazko kultur proposamen ugariak Bilbora ekarri dira eta Bilbo euskarazko kultur sorkuntzaren gune eta hiriburu bihurtu da hiru astez. Euskal Herri osoko ia 120 artista bildu dira 14 gune ezberdinetan.

 

 

Jendearen erantzunari dagokionez, Loraldia Kultur Elkartea pozik dago lortutako datuekin. Loraldia Festibala izan da edukiera osoak berreskuratu dituen tamaina honetako lehen ekitaldia. Gizartearen zati handi batek gune itxietan ekitaldietara joateko errezeloak dituela ikusi den arren, datuak positiboak izan dira.
Loraldia Festibalaren 8. edizioak 5.300 lagun baino gehiago bildu ditu.

Artistikoki, Loraldia Festibalak formatu, estilo eta sorkuntza ugari ekarri ditu zortzigarren edizio honetara. Eta mugarri gogoangarri batzuk lortu dira.

Horrela, euskal kulturaren izen handiak izan dira festibalean: Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Uxue Alberdi, Amaia Lasa, Urbil Artola, Hedoi Etxarte, Alaine Agirre, Olatz Salvador…

Eta une kultural historiko eta gogoangarriak bizi izan ditugu. Besteak beste, Hautsi da anphora kontzertuaren Bilboko emanaldian, Pott banako kideak berriro elkartzea; Maddi Oihenart Laboaren abestiak kantatzen ikustea; Walt Whitmanen lana euskara ekartzea Amaia Lasa eta Urbil Artolaren eskutik; Muguruzaren sormen oparoa ospatzea Muguruza Mani-Fest kontzertuan; edota Loraldia Kultur Elkartearen produzkio propioa den Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan lana sortzea.

Aipatu beharrekoa da baita ere Loraldia Kultur Elkarteak zabaldu duen Gaztea lan-ildoaren lehen uzta, Loraldia Terminala. Euskal sortzaile gazteen harrobia sortu da Zorrotzaurren eta egun osoko programazio berezia eskaini zen bertan.

 

Loraldia Jaialdiaren 8. edizioaren datuak

20 egunetan 28 jarduera egin dira Bilboko erdiguneko 14 gunetan.

Euskal Herri osoko 112 artista izan dira Loraldian aurten. Sortzaileek beren proposamenak Bilbon ezagutzera emateko aukera izan dute. Eta, aldi berean, publikoak artista berriak deskubritzeko eta sorkuntza berriez gozatzeko aukera izan du.

Ikusle kopuruei dagokionez, Loraldiak 5.300 lagun baino gehiago bildu ditu hiru aste hauetan. Eta areto eta espazioen betetzea %84,5ekoa izan da.

Ezin ahaztu Loraldia festibalaren lagunen komunitatea, Lorazainak. Edizio honen bukaeran 1951 lorazain ditugu, aurrekoan baino 166 gehiago.

 

https://youtu.be/AnJesx2k5fg

Balorazio artistikoa

Ikusle andana hurbildu da 20 egun hauetan eta kalitatea nabarmendu dute bolo bolo. Aretoko kudeatzaileak oso pozik izan dira, aldez aurretik ikusleen kezka izan arren. Ikusleak, berriz, hunkituta eta zoriontsu irten dira emanaldietatik. Begien disdira lekuko. Honek ematen digu indarra bideari ekiten jarraitzeko.

Gure gainetik izarrak bakarrik

Zortzigarrenean zerua jo dugu. Zeru artistikoa, jakina. Sortzaileek ez dute huts egin eta kalitatea nabarmendu da ikuskizunetan.

Erreferentzia dirdiratsua duten izenek (Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia, Amaia Lasa, Uxue Alberdi, Patxo Telleria, Urbil Artola, Ixiar Rozas…) sekulako sasoi artistikoa erakutsi dute eta izen berriek  (Maria Oses, Hedoi Etxarte, Lide Hernando, Xanti Agirrezabala, J Martina, Beñat Yuste, Juantxo Arakama…) hodeiertz zabala eta ederra marraztu dute.

Urtero zabaltzen ditugu espazio berriak. Zorrotzaurreko Terminala dugu adibide. Gazteentzako plazan ezin hobe eman ditugu aurreneko urratsak. Urtero hartzen ditugu arriskuak. Abangoardia ugari izan dira tauletan. Lehengo eta gaurko abangoardiak garena egiten gaitu.

Urtero ekoizten ditugu sormen berriak. Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan ikuskizuna prest dago herriz herri abiatzeko.

“Gure gainetik izarrak bakarrik” zioen Hedoi Etxartek Itsasmuseumen. Horrela bizi izan dugu aurtengo edizioa. Kolosala izan da!

Hamaika dira bihotzean geratuko diren bizipenak, sentsazioak, hunkidurak… Guk bederatzi lili, bederatzi mugarri, hautatu ditugu:

  1. POTT BANDA

Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Joxe Mari Iturralde eta Joseba Sarrionandia, Pott Bandaren sortzaileak batu ziren berriro ere, lau hamarkadaren buruan.  Une biziki gogoangarria izan zen. 

Gure kultura garaikidearen mugarria izan zena gogora ekarri genuen eta garai hartan bezalaxe, gaur ere, “anphora hautsi” zuten geroari begira jarriz. Kontzertua kolosala izan zen! Ruper Ordorikaren kantak ez dira zahartu eta ñabardura berriez jantzita hunkitu gintuzten. Atxagaren, Sarrionandiaren eta Iturralderen testuak, berriz, zirriragarriak izan ziren. 

Aretoa lepo (Euskalduna aretoko kudeatzaileek zoriondu gintuzten), Anphora Hautsi dela ospatu genuen.

  1.  EULALIA ABAITUA

Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria agertu zen Arriaga antzokian. Eulalia Abaituaren bizitza eta batez ere irudi-lanak gure izanari buruz mintzo dira. “Oroimena garela akordatzen naiz ala ia ezer ez” Sarrionandiak esaten zuen bezala, gure memoria begirada garaikidearekin partekatu genuen. 

Patxo Telleriak idatzi duen teatro-lanak ere gure izana islatzen du. Zer ginen? Zer gara? Loraldia itzalean gorderik zegoen aitzindaria argira ekartzen saiatu da. 

Orain herriz herri joateko prest dago.

  1. LORALDIA TERMINALA

Gazte-sormenaren plaza berria da Terminala. Deustuko irlaren erdian eta Bilboko etorkizun egitasmoan kokaturik espazio honek gazteentzako eszenatoki emankorra zabaldu du. Berlingo leku alternatiboen itxura duen espazio honetan Euskal Herriko beatbox txapelduna hautatu zuten: Tuterako IKE gaztea. Literaturari dagokionez, Maria Osesen “elkar sortzera kondenatuta gaude” aldarrikapenak astindu zuen larunbata emankorra.
Teatrogintzan, berriz, Xanti Agirrezabalak plazeraren aldeko pieza harrigarri bat plazaratu zuen.
Kresalaren dantza ikusgarriek eta J Martinaren pop elektronikoak biribildu zuten gazte-sormenaren plaza hau.

  1. XENDARINEKO AHIZPAK ETA GERIZONDOA LORETAN

Marzana moilean dagoen gerizondoa lorean zegoen, Xendarineko Ahizpak Baigorritik  Bilbora etorri zirenean. Lili zuri ikusgarri azpian Urepeleko ahizpa hauen ahots gardenek Bilbo Zaharra eta Zazpi Kaleak alaitu zituzten. 

Herri kantek arte garaikdiearekin eta bermutarekin batera liluratu gintuzten. Lehen aldia zen ahizpak Bilbon kantari. Iparra eta hegoaren arteko muga gainditzen ari ginen. Arte Galerian, berriz, aniztasuna hitza 90 hizkuntzatan eta ezpainetan Acha bermutaren historia luzearen lurrina. Domeka goiz xarmangarria!

  1. AMAIA LASA BELAR HOSTOETAN

70eko hamarkadan hasi zen idazten Amaia Lasa poeta. Ez da plaza andrea izan eta horregatik merezi duena baino onespen gutxiago du. Loraldiak ekarri du eszenara.

Walt Witmanen bidaia zoragarria bat ondu du eta alboan Urbil Artolak sortu berri duen banda. Bost musikari Txomin Artolaren Belar Hostoak folk amerikar mundura murgiltzeko. A zer nolako gozotasuna, sosegua, xarma… poeta ipar amerikarraren askatasuna bezain ederra.

  1. LABOA ETA MADDI

Mikel Laboak Maddi Oihenart miresten zuela kontatu zigun haren alabak. Behin eskatu zion zuberotarrari kantatzea bere aurrean, baina Maddiren errepertorioan ez zegoen apenas Laboaren kantarik. 

Loralaldiak eskatu zizkion Donostiarraren bost kanta moldatzea. Esperientzia ezin hobea izan da. Ensamble Kuraiak, musika garaikidearen maisuak, Maddi lagundute dute Laboaren unibertsoan moldatzen. 

Une hunkigarriak izan ziren. Zilarrezko ahotsak Arbailar oihanaren gardetasuna hartu zuen bihotzeko lau gelak busti arte.

  1. HEDOI ETXARTE, SORTALDEKOA

Sortaldetik mendebaldera etorri zen Hedoi Etxarte eta lagunok poesia plazaratzea. Lehen aldia zen. Ikuskizuna ere estreinaldia. Brother Brass bandaren laguntzaz inuindarraren testuek Gabriel Aresti ekarri ziguten gogora. Karrikak gora eta behera, pertsona konprometituak, gizakiaren sufrimendua… “Sortaldekoak” liburuaren baitan daude, Arestiren poemetan bezalaxe. 

Poema musikatuek edota kaleko soinuekin hornituriko poemek bidaia bat osatzen dute. Gure barneko erraietara doan bidaia.

  1. ARAKAMA ETA LA BASUREN HAIZE-ERAUNTSIA

Muguruza Mani-Fest festa handi bat izango zela aurreikusten genuen baina aldez aurretik uste genuena baino haratago joan zen. Festibal handi honek behar zuen amaiera apotesosikoa eskaini zigun. 

Kafe Antzokia lepo eta ikusleak musika notak banan banan sentitzen eta gozatzen. Eskuak gora, bihotzak bero eta bizitza oso bat gure memoriatik pasatzen. 

Ion Zelestinok soul soinu leunek zabaldu zuten gaua. La Basuk, gero, sekula entzun ez dugun rap basatia taularatu zuen. Berarekin batera Valentziako eta Galizako bi rapgile. Fermin Muguruzaren hitzak katalaneraz eta galizieraz entzun genituen, ikusleak jauzika aritzen ziren bitartean.
Gauari amaiera emateko: Arkamaren urakana. Radio Rahimen lehen notekin Kafe Antzokiak eztanda egin zuen. Giroa berotu zen eta skaren dantza berriro ere itzuli zen aretora. Ahaztezina, “sekulako martxa” zebilen. Fermin Muguruza Irunera itzuli zen liluraturik. 

  1. GERORIK BALEGO

Festibalaren itxierak Guggenheimera garamatza urtero. Alaine Agirrek “gerorik balego” plazaratu zuen hamaika galderaz eginiko testu literario batekin.
Existentzialismotik abiatuta gure bizitzari errepasoa egin zion.  Zenbat kristalezko pote huts gordetzen dugu armairuan? 

Bertsolariak Ukrainako errefuxiatuen larruan jarri ziren, jenero tira birak aztertu zituzten eta euskararen egoerari errepasoa egin zioten. 

Olatz Salvador, berriz, Maite Larbururen “Gona” kanta moldatu zuen eta pieza berri bat (Gerorik balego) ondu zuen, besteak beste. “Erori eta gero gorantz” errepikatzen zuen estribiloak. Hunkigarria oso. 

Hiru sormen arloren uztarketa bikaina. Erein dugu, datorren urteetako loraldiak ekartzeko.

 

Loraldia festibala bat baino askoz gehiago da

Mugarritik haratago Loraldia ideien eta sormenen truke ahalbideratzen duen foroa da. Hona hemen aurten biztu diren begirada batzuk:

FESTIBALAK MUNDU BAT BILDU 

Gabriel Arestiren itzala luzea izan da zortzigarren honetan.
Bernardo Atxagak birritan aipatu zuen Aresti, Hautsi da Anphoran. Azken batean, Atxaga idazlea da Arestiren eupadari esker eta horrela itzuli zion eskertza. Gogora ekarri zuen Arestiren bi eskutitza. Bigarrenean Vietnameko gerra aipatuz. Zergatik amerikarrek bonbak jartzen zituzten umeentzako papinen barruan? Basakaria ulergaitza. “Beti paratuko naiz gizonaren alde”.

Nire aitaren etxea”ren irakaspen sobrenaturala gogora ekarri zuen Irati Jimenezek. Etxea defendituko dut besorik gabe, sorbaldarik gabe, bularrik gabe… 

Gure izana eta izenaren aldeko manifestu honek Loraldiarekin bat egiten du. Gure izana eta izenaren isla baita euskal kultura garaikidearen festa erraldoi hau.

Xendarinako Ahizpek “Emazurtz” a cappela kantatu zuten Marzana moilean. Orain Duela ehun urte burdina kargatzen zen moila berean entzun genuen Arestiren poema: “Hi haiz Euskal Herria / Herri nekatua / Inork ezagutzen du / Hire bekatua? / Baina inoren zorrik ez dun ordainduko / heure etorkizunak/ ditun apainduko.” Loraldiaren konpromisoa lau haizetara zabaldu zen: herrigintzan jarraitzen dugu euskaratik eta euskaraz.

BASAKERIARI AURRE EGINEZ

Loraldia ez da entretenigarri hutsa. Are gehiago Loraldiak giza konpromiso irmoa du. “Mundu berri baten melodia” eskatu zuen Walt Whitmanek, Amaia Lasaren bozaren bitartez. Atxagak, berriz, basakeria salatu zuen Paul Kleeren irudi bat erabiliz. Gerra hotsak entzuten dira Loraldiatik at eta festibalaren baitan gerraren aurka altxatu dira sortzaileak. Migrazioak sortzen duen mina agerian izan da tauletan. Hegoaldeko esplotazioa hitzetan. Gaurko esklaboak hurbil bizi dira. Justizia eske altxatu da poesia, kanta eta arte bisuala. 

Horregatik festibala beharrezkoa da eta izan da sortu zenetik. Giza-basakeriari aurre egiteko arma.

DANTZA ETA UR MINEZ

Aurten hiru aldiz hartu dugu Guggeneheim, hiri honen abangoardiaren artearen ikurra. Atrioan Haatik konpainiaren dantzarekin gozatzeko aukera izan genuen (espazio ikusgarria, zinez). Hortxe Koldo Izagirreren hitzak entzun ziren, hamaika herrialdeetatik etorritako ikusleen artean:”Etxea egin daiteke ametsez”. Amestu genuen etxe berri batekin. Ur minez eginiko etxe batekin. Gizarte likido honetan gure hizkuntza dugu helduleku eta zortzigarren edizioan hitzak izan duen indarra nabarmendu beharrean gaude. Koreografiaren bukaeran dantzariak blaitu ziren urez. Irudi metaforiko indartsua, zinez.

Ikusleek zutik eta txaloka agurtu zuten Aukeran konpainiaren koreografia berria: Migratzaileak. Ikuskizun biribila. Xabi Aburruzagaren musika epikoa, Edu Muruamendiarazen dantza-lan artistikoa, dantzariaren trebezia… migrazioaz berba egiteko. Dantzak eraman gintuen lurralde miresgarrietan barna. Horregatik ikusleak zutitu ziren guztiz hunkiturik. Emozio festaren partaideak izan baiziren.

Dantzaren indarra agerian geratu da zortzigarren edizio honetan. Arestian aipatutakoaz gain Kresala dantza taldearen koreografia nabarmendu beharrean gaude. Dantzari gazteek Aztarnak. Dantza Mihisean estreinatu zuten festibalean. Lehen aldia zen eta estreinaldiak aztarnak utzi zizkigun. Dantzarien oinek pintura beltzez bustita marraztu zuten paper zuriaren gainean. Irudi poetikoa eta guztiz ederra.

ESPERIMENTAZIOAREN BIDEAN

MugMus Laborategiak denboraren gogoeta fina ekarri zuen Alondegira. Garaikidea, garaikidearen palazioan. Dantza, musika eta Alaia Martinen testuak uztartuz joan ginen murgiltzen denboraren hari singelean. 

Esperimentazioak eremu berriak zabaltzen ditu eta Loraldiak badu joera hori. La Fundicionen ere  Unisonoa izeneko ikuskizuna esperimentazioaren lurraldeetan ibili zen. Soinuetan oinarriturik amets bat irudikatu zuten, ikusleen erraiak mugiarazten.

IPARRA ETA HEGOAREN MUGEN GAINETIK  

Bozak esperientzia digitalak gogoera plazartu zuen: gure arteko mugak nola gainditu. Bereziki ipar eta hegoaren artean. Lide Hernando, Maddi Oihenart, Maddalen Arzallus, Itziar Ugarte, Johañe Etchebest eta Aitor Argote batu ziren ezbaian eta ondorizatu zuten kultura zela irtenbidea. 

Askotan aldarrikatu dugu “Sormena dela bidea”. Horrela ikusten dugu gure arteko mugak gainditzeko baliabidea. Kulturak batzen gaitu, euskarak batzen gaitu. Segi dezagun sortzen, herria batzen eta izana trinkotzen! 

Babesle eta laguntzailei aipamen berezia

Loraldia Jaialdiak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntza du.

Zortzigarren edizioan Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren babesa izan du. Euskal Kultur Erakundearekin lotutako hitzarmenari esker, Iparraldeko proposamenak Bilbora ekartzeko aukera du Loraldiak. Elkar Fundazioaren laguntza izan du literatur aurkezpenak egiteko. Dantzertik Loraldia Festibala jaialdiarekin bat egin du aurten, eta Arrakalak jardunaldiak programaren parte izan dira.
Euskal Telebistak Bozak Esperientzia Digitalean parte hartu du.

Eta euskal hedabide ugarik bat egiten dute Loraldiarekin, ekintzak eta sortzaileen lanak hedatzeko: Berria, Gara/Naiz, Deia, Kmon, Bilboko Uriola, Hiruka, Anboto, Aikor, Aiaraldea, Begitu, Radio Euskadi, Euskadi irratia, Euskadi Gaztea, Naiz irratia, Bilbo Hiria irratia eta Bizkaia irratia.

Azkenik, Loraldia Kultur Elkarteak bereziki eskertu nahi die Loraldia Festibalaren hiru babesle nagusiei emandako laguntza. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Laboral Kutxa Loraldiarekin izan dira aste hauetan. Zuen laguntza, laguntza eta adorea izan dugu.