Ai Gure Juaneteak! lanaren estreinaldia Loraldia Festibalean, Mikel Laboaren mundua erakusteko
- Loraldia Festibalak gure kulturaren ezinbesteko figura den Mikel Laboaren lanean inspiratutako Ai gure juaneteak! lanaren estreinaldia hartuko du, Patxo Telleriaren azken sormena.
- Martxoaren 15ean, Itsasmuseum Bilbaon musika eta hitza uztartzen dituen lana aurkeztuko da.
- Patxo Telleriak Mikel Laboaren letrak hartu ditu eta berkodifikatzeko eta berregituratzeko ausardia hartu du lan honetan.
Loraldia Festibalak Ai Gure Juaneteak!, Patxo Telleriaren azken lanaren estreinaldia aurkeztuko du 10. edizioan. Lanak Mikel Laboa abeslari eta musikagileari omenaldia eskainiko dio. Martxoaren 15ean Patxo Telleriak, lan honen dramaturgoak eta aktoreak, ikuskari eszeniko hibridoa erakutsiko digu Itsasmuseum Bilbaon. Antzezlan honek hitzak eta musika uztartzen ditu.
Gure ondare emozionala, berriztuta
Mikel Laboaren abestiak eta kantak ezinbestekoak dira euskal kulturarentzako, gure kulturarentzako. Gure ondare emozionalaren oinarrizko zatiak dira. Oholtza gainean hiru pertsona aurkituko ditugu: aktore-musikari bat, eta bi musikari-aktore.
Patxo Telleria izango da oholtza gainean ikusiko dugun pertsonetako bat, eta lan honen dramaturgoa. Telleriak gure ondare kulturalaren zenbait abesti hartu, eta gaur eguneko ikuspuntuaz birsortzeko ausardia erakutsi du. “Hegazki errariak”, “Izarren hautsa”, “Bedeikatua”, Negu hurbila”, “Lili bat”, “O Pello, Pello”, “Haika mutil”, “Baga biga higa”, “Ihes betea”,… eta kanta gehiago izango ditugu foku azpian, inoiz bizi izan ez ditugun ikuspegi eguneratu batekin.
Ai Gure Juaneteak! lana musika ekitaldia eta antzerkiaren artean dagoen lan bat da, poesiaren eta prosaren artean ere dagoena, spoken word deritzon estiloan. Artearen disziplina desberdinen uztarketa hau aktore eta musikarietan ere ikusi daiteke: aktorea musika bihurtuko da zenbaitetan, eta musikariak aktore. Eszenatokian ez da osagai handiegirik aurkituko, minimalismoa erabiliko da aktoreak, musikariek eta, batez ere, Laboaren musikak protagonismo handiagoa izan dezaten.
Patxo Telleriarekin batera, Maider López eta Adrián García de los Ojos arituko dira.
Patxo Telleria
Patxo Telleria, zine eta antzerki idazle, zuzendari eta aktorea da. Dozenaka antzezlan estreinatu ditu, besteak beste, “Torito Bravo” , “Kontenedore Baten Istorioak” , “Euskera Sencilloaren Manifiestoa”, “Lingua Nabajorum”, “Zergatik Jamil?, “Ez Dok Hiru”, “Soinujolearen Semea”, “Pankreas”, “Azken trena Treblinkara”, “Simplicissimus”, “Ghero”, “Ezdokero”…