– EUSKAL KULTURA GAUR –
Mikel Inunekin
Emazurtz jaio hintzen
Lurraren erdira,
pobreen esperantzak
benetan zer dira?
Ama urrikariak
hala zinan erran,
esperantza guztiak
hil zirela gerran.
Baina inoren zorrik
Ez dun ordainduko,
Eure etorkizunak
Ditun apainduko.
Sufritua giauden
hamaika gosete,
ez genian sabela
alimentuz bete;
beti gau eta egun
gogorrik lanean
Jornal benetan pobre
Baten afanean
Ezkondu hintzenean
bost gona hituen,
bi bahituan jarri
bi saldu hintuen
soinean dunan hori
diagon zaharra
berriak erosteko
esperantza txarra.
Haurtxo bat sabelean
Beste bat besoan,
Senarra erbestean,
Artoa hauzoan
Hiru hilendi kentsu
Suaren ondoan
Beste argirik ez dun
Hiretzat munduan.
Hi haiz euskal herria,
Herri nekatua.
Inork ezagutzen du
Hire bekatua?
Baina inoren zorrik
ez dun ordainduko,
heure etorkizunak
ditun apainduko
Guretzat berdin dira
astea eta jaia,
lana bihurtzen dugu
kantatzeko gaia.
Har ditzagun eskuan
giltza eta laia,
gariz eta burdinaz
lantzeko Bizkaia.
Gitarrarekin aire berri bat
daramagu kantuz egun,
abesti libre eta leiala,
prestu eta noblezadun;
haren medioz zer garen, ongi
izan gaitezen ezagun,
herri langile nekazaria
hala defendi dezagun.
Gure gogoa ez bedi arren
kantu honekin akaba,
gure ekintza izan dadila
gure hitzaren alaba.
Egun batetan esan dezagun
ez “hala biz” bai “hala da”,
nekea eta lana dirade
zorionaren aldaba.
Bide honetan baldin bagoaz,
jakin dezagun zergatik,
zin egin behar dugu zintzoki,
bakoitzak duenagatik;
sinestedunek dudarik gabe
bere Jangoikoagatik
eta sineste gabeek berriz
bere ohoreagatik.
Gora ta gora beti,
haik gora Lapurdi!
Euskerak bizi gaitu
eta bizi bedi.
Gorantza doa agudo kapitala
eta Lapurdi beti dago apala,
aldrebesturik dago mundu zitala,
konformatzen ez bagara
ze pekatu mortala!
Gurea ez da bizi-modu normala
lurra lantzeko haitzurra eta pala,
lanaren truke kobratzen erreala.
Benetan da miserable
euskaldunon jornala.
Munduan ezin bizi daiteke hala,
merkatuetan dena gora doala,
etxera eta zopa guztiz argala,
kriseiluen oiloa
ez da postre formala.
Obrero eta nekazari leiala,
zuena ez da errenta liberala.
Diru zikinak putre motzak bezala
botatzen dizu gainera
hortxe bere itzala.
Jabeek dute kontzientzi zabala,
kaskatu dute gure lurren azala,
baina Lapurdi ez da hain zerbitzala;
burruka garbian dago
hori da printzipala.
Egia da, egia da,
neuk ikusi dudalako.
Egia da, egia da,
porque lo he visto yo.
Egia da, egia da,
neuk ikusi dudalako.
Egia da, egia da,
parce que moi je lai vu.
Arratsateko oskorritik
goizeko oskorriraino
gauean ez da entzunen
ez da entzunen gauean
gauean ez da entzunen
sorgin musika baino.
Egia da, egia da,
neuk ikusi dudalako.
Egia da, egia da,
porque lo he visto yo.
Gezurra dirudi baina
sano ta fresko gaude.
Musika da denboraren
denboraren musika da
musika da denboraren
sekretuaren jabe.
Egia da, egia da,
neuk ikusi dudalako.
Egia da, egia da,
parce que moi je lai vu.
Gazte odola duenak
festa eta algara,
hamabost urtez oraindik
oraindik hamabost urtez
hamabost urtez oraindik
hasi berriak gara.
Egia da, egia da,
neuk ikusi dudalako.
Egia da, egia da,
parce que moi je lai vu.
Egia da, egia da,
neuk ikusi dudalako.
Egia da, egia da,
porque lo he visto yo.
Zeren esperoan dago
gure herria?
Nondik etorriko zaio argi berria?
Nola kenduko zaio
lepotik uztarria?
Noiz onartu behar du
etorkizun gorria?
Noiz arte izateko da
horren garbia?
Zerbatik jarraikitzen du
maitagarria?
Zer salbazio nahi du
zerutik etorria?
Apainduko duena,
beretzat hilerria.
Sareak hedaturik
itsaso gorrian
galerna zekenaren
beti beldurrean
eguzkiaren pean
edo elurrean
beti arrantzalea maitea
dabil beharrean (bis).
Hala artzain gaixoa
mendi tontorrean
nekazaria ere
laiako lurrean
edo obrero eta
ola meharrean
beti arrantzalea maitea
dabil beharrean (bis).
Euskaldun langileak
modu zuhurrean
dirau diru kontuan
lege zaharrean
gaizkien pagaturik
itsas-bazterrean
beti arrantzalea maitea
dabil beharrean (bis).
Zergaitik horrenbeste
gutxitan barrean
eta hain sarri gero
berriz negarrean
Adanen bekatuko
mentura txarrean
beti arrantzalea maitea
dabil beharrean (bis)
Apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da Fandangoa
Biba Berango!
Munduan beste asko lez
artaburua mozkorrez
atzo aspertu nintzaden
maisuez eta eskolez.
Poeta naizenez gero
ez dut zerurik espero
bederatzi kopla ditut
lau zuhur eta bost ero.
Ilargiaren adarra
handik zintzilik abarrak
gogoan larriak dira
zure bi begi nabarrak.
Zerutik dator harria
nundikan berriz argian
gau ilun honetan dakust
zure aurpegi garbia.
Artzoko oilar gorria
inundik ez etorria
goseak arintzearren
judu batek igorria.
Goizaldean eguzkiak
printzak daduzka bustiak
oso merke saltzen dira
euskaldunaren ustiak.
Gure amonak esan dit
aitak ardoa edan dik
Joan zaitez tabernara
eta ekar zazu handik.
Euskararen asturua
ez da gauza segurua
askozez hobekiago
dabil munduan judua.
Eta hau hola ez bazan
sar dedila kalabazan
ipuin txit barregarriak
kontatu nituen plazan.
Egun da Santi Mamina
benetan egun samina.
Goiko zeruan gorde dezala
luzaro neure arima
(errepika)
Esanen dizut egia
hau ez da usategia;
erroi artean izan nintzaden
benetan ausartegia.
Itsas aldean izarra,
hari begira lizarra.
euskera salbo ikusi arte
eztut kenduko bizarra.
Kantatu zuen oilarrak,
argitzen dira belarrak
Ageda gure martiriari
moztu zizkaten bularrak.
Bularrak moztu zizkaten eta
Euskalerriak diotsa.
Solomu luze dultzerik gabe
eman zaidazu bihotza.
Eman zaidazu bihotza eta
ken berriz nahigabeak.
Esan noiz garen izanen gure
etorkizunen jabeak.
Bizkaiko aberatsak
dira diruzale¡,
txerri-erosle eta
txorizo-saltzaile.
Dendaz bete dituzte
Bilbon zazpi kale,
inoiz ez dute eman
pausorik debalde,
burrukatzen baitute
diruaren alde.
Arratiko gizona
Bilbora doa maiz
Lemoako tranbian
eta beti garaiz
bere artean dio
umore txit alaiz
traje berri batekin
gaur bestituko naiz
lehengo arlotea
jantziko da galaiz.
Hura ikusi eta
dendari guztiak
zaharrak geldi eta
korrikan gaztiak
saldu nahi dizkiote
makailu bustiak
gauerdiko izarrak
eta eguzkiak
inor engainatzeko
nolako trastiak.
Somera, Artekale,
gero Tenderia,
han ikusi genuen
mila komeria.
Tenderoaren grinak
nork erremedia!
Gizonaren gainean
han erori dira,
hanka kendu diote,
ai, zer aberia!
Kojuaren moduan
joan da ihesi
hanka bakar batekin
baliteke bizi.
Mundu honetan ez da
batere justizi
zazpi kaleetan nahi
traje bat erosi
eta oinetakoa bertan
behar itzi.
Euskal baserritarrak
dadukan pobrezia,
baino haundiagoa
askoren grandeza.
Madrildik etorri den
Korte Ingelesa,
bertan sartuko balitz
euskaldun baldresa,
dirua gastatzeko
manera erreza.
Ez zaitez bertan sartu,
euskaldun maitia,
zabalik badaukazu
bertako atia,
galduko duzu eta
bigarren hankia
bai eta, bide batez,
zure hankartea.
Euskaldun batentzako
zer errematia!
Nire poesia oso merkea da
herriaren ahotik
hartu nuen debalde,
eta debalde ematen diot
herriaren belarriari.
Nik ere badut nire egia
eta bankero jaunarenak
bezainbat edo baino gehiago
balio du.
Munduko gauza guztiak gastatzen dira:
gastatzen da osasuna, maitasuna, deseoa…
bizioa, gutizia, bizia, eta erresen gastatzen da
munduko gauzarik iraukorrena, gogorrena, dirua.
Inork badio: nire etxean eztago bakerik
bila beza bakea auzoko etxean
edo munduko basterrik azkenean
baina etxean bakea balu,
eztezala gerrarik inun bila.
bakea eta etxea galdoko baitu
munduko basterretan.
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Euskara putzu sakon
eta ilun bat zen. (bis)
Eta zuek denok ur gazi bat
atera zenuten
handik nekez. (bis)
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Orain zuen birtutez
zuen indarrez. (bis)
Euskara itsaso urdin
eta zabal bat izanen da
eta guria da. (bis)
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Euskara putzu sakon
eta ilun bat zen. (bis)
Eta zuek denok ur gazi bat
atera zenuten
handik nekez. (bis)
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?