Dokumentua, performancea eta antzerkia elkartuko dira Artxibo Biluzia obran
- Martxoaren 12an Joan Mari Torrealdairen kasuaren ikerketa ardatz duen antzerkia izango dugu Loraldia Festibalean.
- Obra hasi baino lehen ikusletegi bat egongo da, Lorea Agirreren eskutik. Bertan Joan Mari Torrealdai figurari buruz hitz egingo da, hobeto ezagutzeko helburuarekin.
Orain dela 10 urte baino gehiago gertatu zen Joan Mari Torrealdairen atxiloketa. Martxoaren 6an, Loraldia Festibaleko 10. edizioan, Metrokoadroka Kolektiboak egun horretan, eta kasu horretan, zentratzen den antzerki pieza aurkeztuko dute Arriaga Antzokian: Artxibo Biluzia. Bi aktore egongo dira oholtzan, ikerketa abiatzen.
Disziplina anitzak oholtza berean
Artxibo Biluzia obrak Joan Mari Torrealdai atxilotu zuten eguna erabiltzen du inspirazio iturri gisa. Sortze prozesuan hutsik, biluzik, geratu zen karpeta bat irudikatu dute, eta antzerkiaren disziplina desberdinekin jantzi dute: ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkia.
Eszenatokian Intza Alkain eta Javi Barandiaran aurkituko ditugu, eta antzezlana aurrera doan bitartean aktoreek pertsonaiak alde batera utziko dituzte eta benetako Intza eta benetako Javi izango ditugu oholtzaren gainean. Umorea klabea izango da lan honetan.
Artxibo biluzia sortzeko karpeta biluzi bat irudikatu dute, eta eszenatokia ere biluzik egongo da. Aktoreez aparte ez da elementu askorik aurkituko, atzekaldeko horman proiektatutako irudiak besterik ez. Sinplea, biluzik, baina indartsu.
Joan Mari Torrealdai hobeto ezagutzen
Metrokoadroka Kolektiboaren lana plazaratu baino lehen Loraldia Festibalak obraren inguruko Ikusletegi bat eskainiko du. Ikusle Klub honetan Lorea Agirrek Joan Mari Torrealdairi buruz jardungo du, nor zen azalduko digu. Artxibo Biluzia hobeto ulertzeko baliagarria izateaz gain, euskal kulturgintzaren, gure kulturaren, eragilerik inportanteenetariko baten bizitza eta lana ezagutzeko aukera bikaina da. Ikusletegia obra baino ordu bat lehenago hasiko da, 18:30ean hain zuzen.