Basabi taldearen azkenengo lana izango da aurtengo Lorazain Eguneko plater nagusia festibalean

Basabi - OMA

Basabi taldearen azkenengo lana izango da aurtengo Lorazain Eguneko plater nagusia festibalean

  • Martxoaren 9an Basabi taldeak OMA, bere hirugarren musika lana, aurkeztuko du Loraldia Festibalean.
  • Ekitaldia Lorazain Eguna ekimenaren barruan dago, Loraldiak sortutako komunitatea ospatzeko eguna.
  • Pieza honek naturari eta egungo egoerari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.

 

Urtero bezala, Loraldia Festibalaren 10. edizioak ere bai Lorazain Eguna ospatuko du, aurten martxoaren 9an. Lorazain Eguna horretarako Basabi taldearen hirugarren musika lanaren estreinaldia aukeratu da: “Oma”. Ekitaldia Campos Antzokian izango da, 19:30ean.

 

Basabi taldearen hirugarren lanaren estreinaldia

Basabi taldeak Urdaibaiko Biosfera Erreserba erabili du inspirazio iturri bezala Oma, bere hirugarren musika lana, sortzeko. Izan ere, industria aurreko aztarnak aurkitu daitezke: Bolunzuloko errotak, Agustin Ibarrolaren baso margotua, Santimamiñeko haitzuloetako labar-pinturak, Arrolako kastroa eta Gastiburuko santutegia.

Lan honetarako taldea bostkotea bihurtzea erabaki dute, eta musika klasikoaren eta txalapartaren nahasketa izateaz gain, musika elektronikoko elementuak uztartzea ere erabaki dute. Guztira bederatzi piezek osatzen dute disko berria, eta kanpoko espazioetan gizakiaren esku-hartzea irudikatzen duten soinu-paisaia berriak arakatuko dituzte. “Oma” lanarekin Basabik publikoa gogoeta egitera gonbidatu nahi du, naturari eta egungo egoerari buruz. Lan honetan sustrai folklorikoenetatik eta  klasikoenetatik aldentzea erabaki dute.

Lorazain Eguna, Loraldiako komunitatearen ospakizuna

Loraldia Festibalak bere hirugarren edizioan sortu zuen Lorazain Eguna, eta harrezkero urtero ospatzen du. Lorazain Eguna Loraldiak sortutako komunitatearen (Lorazainak deiturikoak) ospakizun eguna da. Lorazainek prezio berezia izaten dute Loraldia Festibaleko ekitaldi guztietan eta Lorazain Egunean doakoa da ekintza guztientzako.

Lorazainak euskal kulturaren eta Loraldiaren zaleen komunitatea da, Loraldia zaintzen dutenak. Doakoa da Lorazain egitea, eta webgunetik egin daiteke prozesu osoa. Gainera, abantailak baino ez ditu ekartzen: Festibalean eta urtean zehar egiten diren ekintza desberdinen informazio esklusiboa eta aurretiazkoa; urtean zehar egiten diren ekintza berezi batzuetan parte hartzeko aukera; Ikuskizun berezi eta esklusiboetan parte hartzeko aukera izatea; Loraldiak antolatzen dituen ekitaldietarako sarrerak prezio murriztuan eta lehentasunez erosteko aukera; eta opari bereziak jasotzeko aukera.

Gainera, aurten Loraldiak abantaila berria gehitu du jadanik handia den onuren katalogoari. Aurtengo Loraldia Festibaleko ekintzen sarrera-sorta prezio berezian erosteko aukera izango dute. Eskaintza berezi honetan sartzen diren ekitaldiak honakoak dira: “Ai gure juaneteak!”, “Oma”, “Munduari begiratzeko” eta “Gorputzaren atzean”.