Benito Lertxundik Askatasunari emanaldia eskainiko du Loraldia Festibalean, bere ibilbide musikal osoaren errepasoa

Benito Lertxundi Loraldian

Benito Lertxundik Askatasunari emanaldia eskainiko du Loraldia Festibalean, bere ibilbide musikal osoaren errepasoa

  • Kontzertu honetan euskal unibertsoan bihurtu diren ereserkiek eta labetik atera berriek partekatuko dute eszenatokia.
  • Benito Lertxundik mende erdi baino gehiago darama agertokietan askatasunari abesten. Diktaduraren garai ilunetan hasi zen, eta gaur egun, XXI. mendean, irrika eta indar berarekin jarraitzen du. Bere abestiak gure bizitzako soinu-banda dira. Etengabe sortu duen artista baten aurrean gaude, bere abesti berriak oso presente egongo dira kontzertu honetan.

 

Loraldia Festibalaren 9. edizioak Benito Lertxundiren Askatasunari emanaldi berezia dakarki martxoaren 18ean Arriaga Antzokian.

Loraldiak lekua egiten die urtero euskal kulturaren erreferente diren izenei. Zenbait urtetan zehar saiatu ondoren, lortu du Benito Lertxundi festibalean presente egotea eta emanaldia eskaintzea. Haren 80. urteurrena Loraldian ospatzeko proposamena egin zitzaion duela zenbait urte eta testuinguruak eta gertaera ezberdinek orain arte atzeratzera behartu gaituzte. 2023an, egin ahal izatea lortu izan dugu.

Loraldiak Askatasunari lema jarri nahi izan dio eta emanaldi berezi honetarako bere musika- eta bizi-ibilbidearen errepasoa egitea eskatu dio.

Hain zuzen ere, askatasuna du Benito Lertxundik kantak ehuntzeko haria. Kantatzeari bizitza oso bat eman du eta askatasuna du bidaide. Askatasuna sakratua dela dino Lertxundik. Saio ilunetan bidegilea izan zen, gaur, mende erdia baino gehiagoren buruan, sortzeko eta kantatzeko egarria ez du berdindu. Kimu bat zuhaitzean bezalaxe Orioko bardoak etengabe berpizten du hazia.

 

Gogo askaitza, autodidakta eta moda, araudi eta ordodoxiatik at kokatu izan den kantaria. Hamazazpi disko (horietako asko bikoitzak) plazaratu ostean, kanta berriak sortzen jarraitzen du etengabe. Kontzertu honetan euskal unibertsoan bihurtu diren ereserkiek eta labetik atera berriek partekatuko dute eszenatokia.

 

Zuzenean azken aldi honetan batu duen lagun taldearekin onduko ditu kantuok, desikastearen beharraz edota herri menderatuaren oldar askatzaileaz ari zaizkigun kantak. Oholtzan hamar lagun bilduko dira. Hainbatetan Jorge Bucay argeninarraren edo Fernando Pessoaren imaginario poetikoa biltzen dituenak. Hala nola Jon Maia bertsolariak eta Pako Arisiti idazleak idatzitako berbak musikatu ditu azken aldi honetan.

 

Kontzertu honetarako sarrerak agortuta daude duela bi hilabete.