Alos Quartet laukoteak XX. urteurrena ospatuko du Loraldia Udagoiena Festibalean eskainiko duen kontzertu berezian

Urriaren 8an Azkuna Zentroko oholtzan betiko lagunak izango ditu ondoan taldeak, kontzertua ospakizuna bihurtzeko.

 

Alos Quartet taldeak 20 urte bete ditu eta Loraldia Udagoienean egingo duen kontzertuan ospatuko ditu, urriaren 8an, Azkuna Zentroan.

Xabier Zeberiok (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrerok (biolina), Lorena Núñezek (biola) eta Iván Carmonak (biolontxeloa) osatzen dute Alos Quartet kamera laukotea. Formazio klasikotik abiatzen da taldea, baina sortzen duten musika haratago doa. Sensibilitatea, soiltasuna, tradizioa eta iturri anitzetatik edaten baitu taldeak. 

Lau izeneko diskoa kaleratu zuen 2019an, taldearen laugarren lana, hain zuzen ere. Lau lan biribila da, melodia iradokitzailez beterik eta kontzertu honen oinarria.

Urteurrena ospatzeko, bere ibilbideko doinu esanguratsuenak bertsio berrituan eskainiko ditu taldean hainbat gonbidaturen laguntzarekin.

Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte. Batetik, Amaia Elizaran dantzari eta koreografo garaikidea; bestetik, Aukeran Dantza Konpainia, sustraietatik sortzen diren soinuak kolore eta mugimenduz janzteko.

Eta musika arloan Oskorri taldeko zenbait musikari eta ezusteko zenbait artista arituko dira taldearen gonbidatu bezala. 

Emozioak azaleratuko dira kontzertu honetan zalantzarik gabe.

Sarrerak eskuragai daude Loraldiaren eta Azkuna Zentroaren webgunetan.

 

Loraldia Esperientzia Digitala

Loraldia Udagoienak martxan jarri duen Esperientzia Digitalaren proiektu berriaren barruan, Alos Quarteten kontzertu hau streamingez ikusteko aukera izango da, zuzenean.

Emanaldia Loraldia eta EiTBren webgunetan eskainiko da.

EiTB Loraldia Kultur Elkartearekin kolaboratzen du emisio hauek eskaini ahal izateko.

 

 

Alos Quartet