Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara antzezlanak emango dio hasiera Loraldia Festibalari

  • Loraldia festibalaren lehenengo edizioan Aitor Mazok hartu zuen Anton Abbadiaren izana eta izena. Martxoaren 7an Txomin Heguy aktorea bihurtuko da Abbadia.
  • Patxo Telleriak idatzitako testua abiapuntu, Txomin Heguyrekin batera hiru musikari taularatuko dira.

 

Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara ikuskizuna aurkeztu du gaur Loraldia festibalak Arriaga Antzokian. Loraldia festibalaren produkzio arduraduna den Aitor Narbaizarekin batera, lanaren gidoilaria, Patxo Telleria; Txomin Heguy, aktorea eta Anton Abbadiaren irudia hartuko duena; eta Xabier Zeberio, musikaria, izan dira.

2015eko udaberriari ongi etorria eman genion Loraldia festibalaren lehenengo edizioarekin. Horretan, Aitor Mazok Anton Abbadiaren izana eta izena hartu eta Patxo Telleriak idatzitako testuan oinarrituz, zientzia eta kultur gizon hartan bihurtu zen, bakarrizketa zoragarria eskainiz. Tamalez, handik gutxira Aitor Mazo joan zitzaigun.

Festibalaren laugarren edizio honetan, Aitor Mazo gogoan, Patxo Telleriaren testua berreskuratu dugu eta Anton Abbadia berriro eszenara itzuliko da. Orain Txomin Heguy aktore lapurtarrak hartu du antzezteko lana eta berarekin batera hiru musikari taularatuko dira. Formatu txikiko antzezlan honek laugarren Loraldia Festibalari hasiera emango dio.

 

Ikuskizuna

Formatu txikiko ikuskizuna izango da, Arriaga Antzokiko eszenatokian bertan gauzatuko dena. Aktore, musikari eta publikoak espazio berdina partekatuko dute, pertsonaiak transmititu nahi duena hurbilago sentiaraziz.

XXI. mendeko Lore Joko modernoak antolatu nahi izan ditugu eta antzezlan hau Loraldia Festibalak sustatutako ekoizpena da, Chimères Antzerki Taldea eta Metrokoadroka Sormen Laborategiarekin elkarlanean. Patxo Telleriaren istorioa eta Arriaga Antzokiko babesa dira elkarlanaren beste bi zutabe.

Ikuskizunaren abiapuntua Patxo Telleriaren gidoia izango da;  Metrokoadroka Sormen Laborategiko Oier Guillanek zuzendu du.

Txomin Heguyk hartuko du Anton Abbadiaren figura eta antzeztuko du. Eszenatokian beste hiru lagun izango ditu, hiru musikari: Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea); eta Alaia Phillips Ducau, boza.

Musikak antzezlanaren soinu banda gidatuko du, Irlanda, Brasil, Etiopia, Paris, Zuberoa… eremuetatik abiatuz.

Ikuskizun hau bi saiotan egingo dugu. Iluntzeko zazpiretan lehenengoa; eta zortzi terdietan bigarrena. Azken honetarako sarrerak agortu dira dagoeneko.

Anton Abbadia

Orain dela mende bi Anton Abbadia etorri zen mundura Dublinen. Bertan erakutsi zioten euskaraz berbetan eta bertatik abiatu zen bere bizitzaren bidaia. Bere bizitza luzean bidaia emankorra izan zen: Irlanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Egipto, Etiopia… ezagutu zituen. Nabarmena da Afrikan, Etiopian hain zuzen, eman zituen urteak. Bertoko etnografia aztertu zuen eta hainbat hizkuntza ikasi ere.
Bizitza bidaiaren amaieran Hendaian aurkitu zuen landarik egokiena azken egoitza eraikitzeko. Itsasoari begira gaztelua altxatu zuen. Bertan liburutegi handia altxatu eta, bertatik, euskal kultura munduko beste kulturen pare xedearekin hainbat ekimen jarri zuen abian.

1853ko udaberria zen eta Anton Abbadia geografoa, astronomoa eta kulturgilea kezkaturik zegoen euskal kultura nola biztu behar hausnartzen. Erromantikoa zen Abbadia eta Euskal Pizkundean partaidea.

Aipatu urte hartan, musika, dantza eta batik bat euskal poesiari buruzko jardunaldiak antolatzea otu zitzaion. Horrelaxe sortu ziren aurreneko Euskal Lore Jokoak. Urruñan plazaratu ziren eta euskal kultura ikusgarri jartzen zuen bide luze bat zabaldu zuten.

Hemen ETBk eskainitako albistearen bideoa: