Aukeran Dantza Konpainiak eta Euskaltzaindiak ekoitzitako BIZ HITZA ikuskizuna Loraldian estreinatuko da

Aukeran Dantza Konpainiaren BIZ HITZA ikuskizun berria aurkeztu da gaur prentsaurrekoan Arriaga Antzokian. Loraldia Festibalaren baitan estreinatuko da ikuskizun hau martxoaren 16an. Aukeran Dantza Konpainiak bigarrenez estreinatzen du ikuskizun bat Loraldia Festibalaren programazioaren baitan. Izan ere, 2016an, “MAURIZIA” ikuskizuneko lehenengo emanaldia Loraldian eskaini zuen.

 

  • BIZ HITZA ikuskizunak euskararen bilakaera kontatzen du dantzaren bitartez.
  • Aukeran Dantza Konpainia eta Euskaltzaindiaren arteko ekoizpena da eta martxoaren 16an estreinatuko da Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren baitan.
  • Xabier Paya kulturgilearen gidoian oinarritua, Aitor Etxebarriak musika burutu, Ainhoa Aierbe zuzendaritza eszenikoaz arduratu eta Aukeran taldeak koreografiak sortu ditu.

 

 

Aukeran Dantza Konpainiaren BIZ HITZA ikuskizun berria aurkeztu da gaur prentsaurrekoan Arriaga Antzokian. Aurkezpen honetan parte hartu dute: Edu Muruamendiaraz, Aukeran Dantza Konpainiako zuzendari eta sortzailea; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Aitor Etxebarria, musikaria; Xabier Paya, gidoiaren egilea; eta, Imanol Agirre, Loraldia Festibalaren zuzendari artistikoa.

Aukeran Dantza Konpainiak bigarrenez estreinatzen du ikuskizun bat Loraldia Festibalaren programazioaren baitan. Izan ere, 2016an, “MAURIZIA” ikuskizuneko lehenengo emanaldia Loraldian eskaini zuen.

 

BIZ HITZA, euskara batuaren istorioa dantzaren bidez

BIZ HITZA ikuskizunak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez.

Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko abiarazi dituen egitasmo artistiko-kulturalen baitan dago ideiaren abiapuntua. Euskararen Akademiak gure hizkuntzarekin zerikusia duen dantza pieza bat sortzea eskatu zion Aukeran Dantza Konpainiari, eta elkarlan horren emaitza zoragarria dugu BIZ HITZA.

Ikuspegi artistiko eta sormenari dagokionez, Edu Muruamendiaraz da ikuskariaren zuzendaria eta lantalde anitza dabil elkarlanean: Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi eta Aukeran Dantza Konpainiak koreografiak sortu ditu; Aitor Etxebarria musikariak sortu du musika; Ainhoa Aierbe zuzendaritza eszenikoaz arduratu da eta jantziak Oskar Armendarizek egin ditu.. Aukeran Dantza Konpainiako bederatzi dantzari ibiliko dira oholtza gainean: Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun.

 

Aukeran Dantza Konpainia

20 urteko ibilbidea dauka Aukeran Dantza Konpainiak.

Aukeran DK Donostian 1997 urtean sortzen da Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez, eta orduz geroztik ibilbide luze eta aberatsa jorratu du hainbat ikuskizun ekoiztu dituztelarik.Dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen dira konpainiaren lanak, zenbaitetan musika eta dantza tradizionalaren erritmo bizia hautsiz, pausoak mantsotuz edota deseraikiz.

Aukeran-eko kideek proposamen berritzaileak gauzatu dituzte konpainia sortu zenetik; 2001 urtean ”Sutargi”ikuskizunarekin aurkezten dira.
Euskadin, Katalunian, Estatu mailan eta Frantzian bira egiten dute, eta bai publikoak bai kritikak harrera oso ona egiten diete; 2003ko udan Donostiako Kursaalen bigarren kreazioa estreinatzen dute, “Izena duen guztia omen da” , lan honekin dantza konpainia egonkor gisa finkatzen da, eta Manilaraino bidaiatzen dute Cultur Center of the Philippinesen antzezteko beren lana.


2006ko Uztailean Donostiako Antzerki feriaren barnean “Bideak” azken lana aurkezten dute, Azpeitiko antzerki topaketetan ikuslearen saria jasotzea lortuz.
2007 urtean, konpainiaren 10.urteurrena ospatzeko aurreko hiru lan garrantzitsuenetan oinarritutako ikuskizuna eramaten dute Euskal Herriko hainbat antzokietara.
“GERNIKA, mihise gaineko dantza” (2009) Donostiako Victoria Eugenia Antzokian (Dferia) estreinatzen da eta 2011. urtean Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin batera Neguko Kontzertuen barne eszenaratzen dute elkarkidetzan, Erkidegoko hiru hiriburutan; Argentina eta Uruguaien ere antzeztu zuten ikuskizun hau.
“Burnia” 2011 urtean estreinatua, Arriaga Antzokiaren eta Aukeran Dantza Konpainiaren arteko ekoizpena da.

2014an, “Geltokia” ikuskizuna Donostiako Dferian estreinatzen dute Victoria Eugenia Antzokian, kritika eta publikoaren harrera ezinhobea jasoz.

2014 eta 2015 urteetan zehar Bilboko Arriaga Antzokiak ekoiztutako “El Caserio” zarzuelan aritu dira konpainiako kideak Oviedo eta Madrilen antzeztuz baita ere.

2015ean “Fusioak” kale ikuzkizuna aurkezten dute plaza bakoitzerako neurrira sortu eta moldatutako koreografiekin. 2015eko abenduan Alos Quartet musika taldearen “Garden” lanaren aurkezpen biran kolaboratzaile gisa hasten dira eta gaur egun ere jarraitzen dute.
2016ko udan konpainiak Whasington-go “Smithsonian Folklife Festival” jaialdian parte hartzen du.

“MAURIZIA” (2016) Bilboko Campos Antzokian estreinatzen da Loraldiak Festibalean, publikoaren arrakasta lortuz. 2017an zehar hainbat hiri eta herrietan “MAURIZIA” ikuskizunaren birarekin arituko dira.

Bestalde, aurten (2017an) konpainiak bere “20.urteurrena” ospatzen du eta dantzarekin lotutako hainbat ekimenak garatuko ditu.


Edu Muruamendiaraz

Aukeran Dantza konpainiaren sortzaile, koreografo eta zuzendari, dantzaria ere konpainiaren sorreran.

Bere oinarrizko formakuntza dantza tradizionala izanik, ibilbide profesionala lengoai garaikidea eta tradizionalaren arteko esperimentazio eta berrikuntzara bideratuta egon da, ondorioz koreografi berritzaileak sortu eta osatu ditu berak zuzendutako lanetan.

1994, 1995, eta 1996 urteeetan Gipuzkoar “Aurreskuko” eta “Dantza Solteko” Euskadiko txapelduna izan da; Donostiako Zinemaldiko dantzari ofiziala hainbat urteetan; Kepa Junkera, Oreka TX musikariekin edota Euskadiko gazte Orkestrarekin, elkarlanean aritu da; Carlos Saura, zinegile ospetsuaren “Iberia” filmean parte hartu du; Bilbao Ballet elkarteak, “Euskaldunak eta dantza”, ekitaldietan ere izen handiko dantzari profesionalekin partekatu du eszenatokia, Lucia Lacarrarekin eta Igor Yebra, besteak beste.

Aholkulari artistiko eta koreografo lanetan aritu da azken urtean, Pier Paul Berzaizek zuzendutako “Haien ametsa gurea da” (Amaiur) antzezlanean eta “El Caserio” (2011, 2013), Ainhoa Artetarekin, Arriaga Antzokia eta Oviedoko Campoamor antzokien arteko koprodukzioan besteak beste.

Hezitzaile gisa, hainbat dantza eskoletan irakasle izan da eta aritzen da Euskal Herriko hainbat herritan, baita atzerriko dantza eskoletan ere, Pariseko Eskualdeko Kontserbatorioan (2011) irakasle eta ikasleei zuzendua, besteak beste.

Gaur egun eta honi lotuta, dantzaren sentsibilizaziorako hainbat proiektu bultzatzen eta zuzentzen ditu Urnietako Sarobe AEGarekin elkarkidetzan.

Loraldia Biz Hitza aurkezpen prentsaurrekoa