Bilboko bi ikastetxek Eneko Aritza eta euskal mitologian oinarritutako pastoralak antzeztuko dituzte Loraldia Eskolaren baitan

Ospatuko diren euskal kultura berrienaren erakusgarri diren hogeita hamarren bat ikuskizunen bitartez eta 29 egunez, Bilbon ekarpenik anitz eta berritzaileenak publikora hurbilduz.

Loraldiaren hartzaile eta publikoa ez da bakarrik heldua izango. Festibala gizarte osoari heltzeko ahalegina egin dugu antolatzaileok eta helburu honekin sortu genuen lehenengo ediziotik Loraldia Eskola.

Loraldia Eskola haurrek euskal kulturara hurbiltzeko proposamen jantzia da. Hirugarren edizio honetan, Loraldia Elkartetik ikastetxeei zuzendutako unitate didaktikoa sortu dugu eta ikastetxeen parte hartzea eta sormen prozesu bat burutzea dugu helburu.

Loraldia Eskolaren helburuak

Loraldia Eskolak hezkuntza arloan euskarazko kultur aberastasun garaikidea ezagutaraztea bilatzen du, bertan gaurko kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten esperientziak sortuz. Gure arte sorkuntzarekiko interesa eta zaletasuna piztea, etorkizuneko balore bilaka dadin. Kultur transmisioa sendotzea eta bideratzea.

Horrela, XIX. mendean Anton Abbadiak euskal kultura bultzatzeko sustatu zuen kultur ereduari jarraituz, ikastetxean Lore Jokoak egingo ditugu. Sormenaren abiapuntutik, hainbat arlo artistiko landuko dira (Literatura, Musika, Dantza, Bertsolaritza...) arlo bakoitzean profesionala den artista baten laguntzarekin, Loraldia Festibalean ekoiztuko den ikuskari batekin amaituko dena.

 

2017ko parte hartzaileak

2017ko edizio honetan bi ikastetxeei proposatu genien ikasturte hasieran Loraldia Eskolaren baitan sormenezko lan bat hasieratik sortu eta festibalaren programaren barruan gauzatzea.

Bilboko Urretxindorra ikastola eta Deustuko ikastola publikoa dira aurtengo edizioan parte hartzen dutenak. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako taldeetako ikasleak dira publikoaren aurrean apirilaren 5ean emaitza erakutsiko dizkigutenak.

Bi ikastetxeak ikasturte hasieratik daramatzate euren lanak prestatzen, metodologia zehatz bati jarraituz. Ikasleek Lore Jokoen eta Anton Abaddiaren figuraren inguruan ezagutza lortu dute eta ondoren, talde bakoitzak sortuko duen ikuskizunaren sortze prozesuari ekin diote, hasieratik eta fase guztiak euren ardura pean hartuz: gaia aukeratu, materialak sortu, pertsonaiak banatu, antzezten ikasi…

Beraz, prozesu borobila eta integrala izan da. Gaia erabakitzeko unera heldu eta beste guztiak bideratu ahal izateko, ikasleek begirale eta dinamizatzaile baten laguntzaz mota ezberdinetako hainbat ekintza landu dituzte, disziplina zeharo ezberdinak ezagutu eta gaitasun ezberdinetan trebatzeko. Horrela, formato ezberdinen bitartez (jokoak, dantza, musika, esku-lanak…) eta bakarkako eta taldeko lanari esker, ikasleak gai bilakatu dira erabakiak eta ardurak hartzeko eta sormen prozesuari ekiteko. Hau dena, balore heziketarekin bat eginez.

https://www.flickr.com/photos/148406766@N06/albums/72157679477541510

Eneko Aritza eta euskal mitologiari buruzko pastoralak

Esan bezala, ikastetxe bakoitzak pastorala bana antzeztuko du apirilaren 5ean Campos Antzokian.

Urretxindorra ikastolako taldeak Eneko Aritza aukeratu du. Deustuko ikastolak, ordea, euskal mitologian, sinismenen eta naturaren indarraren oinarritutako istorioa osatu du.

Bi pastoralen gidoiak Unai Iturriagak egin ditu eta dagoeneko ikasleak badaude entsegutan eta antzezpenak prestatzen.

Apirilaren 5ean emaitza zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu, baina bitartean sortze lan hauen berri emango dizuegu hemen.