Hibai Etxebarria musikagileak bigarren lan grabatua aurkeztuko du Loraldia Festibalean, kontzertu errepika ezinean

Martxoaren 31an Hibaik hamaika lagun bilduko ditu oholtzan TripTics III-IV disko berria  Euskalduna Jauregian aurkezteko.
Lan berrian bi triptiko kaleratuko dira: TripTic III: Euskarazz, jazz hirukotean grabatuta; eta TripTic IV: Bouquet, hiru loreri idatzi dizkien kantuak biltzen dituena.
Loraldia Festibalean eskainiko duen kontzertua bereziki emankizun honetarako prestatu du eta errepika ezina da, bai formatua eta bai parte hartuko duten musikariengatik.

  • Martxoaren 31an Hibaik hamaika lagun bilduko ditu oholtzan TripTics III-IV disko berria  Euskalduna Jauregian aurkezteko.
  • Lan berrian bi triptiko kaleratuko dira: TripTic III: Euskarazz, jazz hirukotean grabatuta; eta TripTic IV: Bouquet, hiru loreri idatzi dizkien kantuak biltzen dituena.
  • Loraldia Festibalean eskainiko duen kontzertua bereziki emankizun honetarako prestatu du eta errepika ezina da, bai formatua eta bai parte hartuko duten musikariengatik.

Hibai Etxebarria musikagileak bigarren lan grabatua aurkeztuko du Loraldia Festibalean martxoaren 31an. TripTics III-IV izeneko disko berriak jarriko du kantaldiaren abiapuntua. Gaur goizean egin da diskoaren eta berezia izango den kontzertu honen aurkezpen prentsaurrekoa.
Aurkezpen honetan parte hartu dute: Hibai Etxebarria, musikagilea; Ubane Uzin, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduraduna; eta Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna.

 

TripTics III-IV lan berria

TripTics III-IV Hibai Etxebarriaren bigarren estudioko lana da. Oso intimoa eta pertsonala da, pianoak eta orkestrak dute presentzia nagusia. Lan berrian bi triptiko kaleratuko dira: TripTic III: Euskarazz, jazz hirukotean dagoena grabatuta; eta TripTic IV: Bouquet, hiru loreri idatzi dizkien kantuak biltzen dituena eta Loraldia Festibalerako bereziki sortu dituenak.

Lan autoekoitzia da eta Gaztelupeko Hotsak zigiluaren bitartez banatuko da.

Diskoetan baino, triptikoetan banatu du lan anitza Hibaik. Triptiko bakoitza bere unibertso musikal sakonaren aurpegi bat da. Oiartzungo Mecca Estudioetan prestatzen ditu bere kantuak. Musikari eta lan talde zabal eta profesional bat zuzentzen du bere ideiak modurik naturalenean grabatzeko asmoz.

Aurkezten dituen bi triptiko hauek pianoan daude oinarrituak, jazz hirukotean eta harizko orkestrarekin jantziak. Abesti intimo eta oso pertsonalak.

Hibaik lan honetan landu dituen gaiak bizipen eta esperientzia pertsonalekin oso lotuak daude: amodioa, bizitza-heriotza, familia…  

TripTic III: Euskarazz diskoa ikerketa baten emaitza da, Hibaik, Ander Garcia eta Carlos Sagirekin batera burutu duena azken urtean. Euskal musika eta jazzaren fusioan lanean aritu dira, orain arte egin ez den modu batean, euskal melodiak inprobisaziorako material bezala erabiliz, hain zuzen ere.

Disko honen kantu guztiak euskaraz sortuak dira. Hirukote honek grabatutakoak dira, ondoren orkestrarekin jantzi direla.

TripTic IV: Bouquet, esan bezala, hiru loreri idatzitako kantuak daude eta Loraldia Festibalerako bereziki sortu dira. Hauen artean, Pagotxa abestia, Hibaik familiari idatzi dion kantu oso pertsonal eta sakona.
Bigarrena, Lotus noir, beste altxor intimo bat, frantsesez abestuta. Eta hirugarrena, Hibairen ustez inoiz egin duen kanturik ederrena, To a pale orchid, ingelesez.

Disko honetan euskarazko kantuak dira nagusi baita ere, aipatutako frantsesezko eta ingelesezko bi hauek salbu.

 

Loraldia Festibalean kontzertu berezia eta errepika ezina

Martxoaren 31an Euskalduna Jauregian aurkeztuko du Hibaik TripTics III-IV lan berria. Loraldia Festibalerako bereziki prestatutako kontzertua izango da, aukera bakarra eta errepika ezina. Lehen aldiz, abestiak formatu handi batean eta orkestrak lagunduta zuzenean entzungo dira eta ez da beste aukerarik izango.

Hamaika lagun izango ditu ondoan gernikarrak, tartean zenbait sorpresa berezi izango dituela emanaldiak.

Pianoa eta orkestrak lagunduko diote Hibairi eszenan eta hamabost bat musikari bilduko ditu oholtzan. Xabi Aburruzaga trikitilaria bere oinarrizko bandako partaidea izango da eta beraiekin batera gonbidatu berezi batzuk parte hartuko dute.

Sorpresa handiak izango dira kontzertuan zehar, esaterako, Valentina Ridolfi abeslariarekin lehen aldiz kantatuko duela, orkestrarekin lagunduta.

Oholtzan hamaika musika formatu ikusiko ditugu, emanaldi oso intimo eta pertsonala burutuko duela.

Kantuen aldetik, estilo eta hizkuntza ezberdinak entzungo ditugu, Hibaik bost hizkuntza ezberdinetan kantatuko baitu. Disko berriko zein aurreko laneko abestiak eskainiko ditu, baina kontzertu honetarako bereziki egindako moldaketekin.

 

Hibai Etxebarria

Hibai Etxebarria (Gernika, 1980) musikaren munduan hainbat esparrutan lanean dabilen pedagogo, ikertzaile, dibulgatzaile, multi-instrumentista, konpositore eta ekoizlea da.

20 urte baino gehiago daramatza proiektu ezberdinetan lanean, estiloen paleta oso anitza lantzen.

Hibai Etxebarria Loraldian