Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa izango ditu gogoan aurtengo Loraldia Festibalak

  • Ikuskizuna martxoaren 18an egingo dute Bilboko Itsasmuseum-en 
  • Fernando Pessoaren eta Joseba Sarrionandiaren bategite literarioak izan zuen ondorio erreala agertuko da antzezlan baten bidez
  • Diana Villarinho Lisboako fadogilearen kantuek girotuko dute ikuskizuna

 

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon izeneko ikuskaria aurkeztu du prentsaurrekoan. Aurkezpen honetan parte hartu dute: Loraldia Festibalaren komunikazio arduradun Amaia Ocerinek; testuaren egile Mikel Antzak; eta antzelanaren kanpo begiradaren ardura izan duen Idoia Beratarbidek.

Ikuskizuna martxoaren 18an egingo dute Bilboko Itsasmuseum-en. Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa idazleen ibilbide literarioen bat egin zuten une bat irudikatuko dute aktore bik.

Mikel Antzak jarriko dio berba, Loraldia Kultur Elkartearen enkarguz, eta Lisboako Diana Villarinho fadogile gaztea arituko da kantuan. Hortaz, literatura, antzerkia eta musika uztartuko ditu ekitaldi berezi honek. 

 

Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia

1984an Joseba Sarrionandiak Fernando Pessoaren O Marineiro koadro bakarreko drama estatikoa antzerki lana itzuli zuen. 1985ean Luar antzerki taldeak taularatu zuena, Mikel Antzaren zuzendaritzapean (edo kanpo begiradaren laguntzaz, gaur egun esango genukeen moduan).

Abiapuntu horrekin, Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia izeneko pieza txiki bat idatzi du Antzak. Antzezlan honetan, iraganerako eta ametsen mundurako bidaia baten bidez, Pessoa, Sarrionandia eta Antza beraren arteko harremanaren ikuspegi berri eta ustekabeko bat agertuko da.

Errealitatea eta literatura txirikordatzen dira antzezlan honetan. Gertakariak eta amets idatziak: etorkizunaren igarle bihurtuko zirenak.

Hori guztia, Marinela obrako hiru dontzeila-beilarien arteko biren eskutik jasoko dugu.

Bi baino ez baitira egongo agertokian, hirugarrenaren aulki hutsaren ondoan. Jadanik ez dagoenaren ausentzia fadoaren tristeziaz betetzeko eta haren ametsak are presenteago egiteko.

Bi beilariek, ondo desberdindutako bi mailen bidez eskainiko dizkigute, batetik, aipu literarioak eta gertaera historikoak; eta, bestetik, Marinelan agertzen diren amets eta hausnarketa poetikoak. 

Azkenerako, bizitzaren halabeharrak egin bezala, bi maila horiek gure gogoan bat egin dezaten asmoz.

 

Eszenaratzea

Casa do Fado, etxe txiki bat, eta espazio bi.

Batean fadoa, Lisboatik ekarritako Diana Villarinho kantariak girotuko duena, eta, bestean, antzezlan bat, hiru idazle horien elkargunea azalduko duena. 

Antzerki pieza hori taularatzen lau kidek hartu dute parte: Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi arituko dira taulagainean, Idoia Beratarbidek eta Mikel Antzak izan dutelarik kanpoko begiradaren ardura. Argiztapenaren ardura, berriz, Miriam Ubanetek izan du.

Pessoaren Marinela bezala, hau ere koadro bakarreko drama (nahiko) estatiko bat izango da.

 

Pessoa eta Sarri Casa do Fadon aurkezpena