Kalaportu ikuskariak emango dio hasiera Loraldia Festibalaren bosgarren edizioari

Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizunak hasiera emango dio Loraldia Festibalaren 5. edizioari eta gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan. :artxoaren 15ean estreinatuko da eta Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan Kalaporturen emanaldiak eskainiko dira Euskal Herriko hainbat tokitan.

Joseba Sarrionandia euskal idazlerik musikatuena da. Kalaportu sentikariak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du.
Gure oroitzapenak egitasmoan oinarritutako ikuskaria izango da. Sarrionandiaren poesia musikatua eszenan.
Korrika kulturalaren programazioan sartu da ikuskizun hau eta, Bilboko estreinaldia eta gero, Euskal Herriko beste lau hiriburutan eskainiko da.

Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizunak hasiera emango dio Loraldia Festibalaren 5. edizioari eta gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan.
Martxoaren 15eko iluntzean estreinatuko da ikuskaria, Bilboko Arriaga Antzokian. Gaurko aurkezpenean, Loraldia Festibalaren produkzio arduraduna den Aitor Narbaizarekin batera, Audience taldeko Gaizka Insunzak parte hartu du, artista guztien ordezkari moduan; eta AEKtik, Asier Amondok, Korrika arduradunak.

Ikuskaria

Joseba Sarrionandiaren testuak sarritan bihurtu dira kantu. 145 kantu burutu dituzte poetaren poemekin. Zalantzarik gabe, euskal idazlerik musikatuena da. Ikuskari honek Sarrionandiaren testuekin sortutako kantuen bilduma plazaratuko du.
Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz sentikariak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du. Horretarako hamaika kantari eta bi idazle bilduko ditugu tauletan. Kontzertu poetikoa izango da, Sarrionandiaren sormenarekin bat egiteko bide musikatu zirraragarria.

Ikuskizunak Gure oroitzapenak proiektuan du abiapuntua. Gure Oroitzapenak egitasmoa izen bereko poesiatik abiatzen da. Aurrena, film bat burutu dute, hamabi zinegilek eginiko film kolektiboa. Bigarrenez, kantu, testu eta poemen bilduma den disko-liburua. Eta azkenik, sentikaria: Kalaportu. Sarrionandiaren poesia musikatua eszenan.
Loraldia Festibalaren produkzioa da eta Mireia Gabilondok egin du zuzendaritza artistikoa; Fernando Bernuesek asmatu du eszenografia. Eta oholtza gainean, musikariak, idazleak eta aktoreak bilduko dira eszenan Sarrionandiaren poesia kantu bihurtzeko. Besteak beste, Audience, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.

Kalaportu ikuskizuna - Loraldia - aurkezpena

Korrika kulturalarekin elkarlana

Loraldia Festibala eta Korrikaren artean lotu den elkarlanari esker, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan Kalaporturen emanaldiak eskainiko dira Euskal Herriko hainbat tokitan.

Horrela, martxoaren 15eko Bilboko estreinaldiaren ondoren, Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz Euskal Herriko beste lau hiriburutan eskainiko da: Gasteizko Principal Antzokian, martxoaren 21ean; Baionako Antzokian martxoaren 23an; Donostian, Victoria Eugenia Antzokian, martxoaren 24an; eta Iruñako Gayarre Antzokian, martxoaren 28an.

Asier Amondok, Korrikako arduradunak, elkarlan honetatik sortu den emaitza azpimarratu nahi izan du, bi ekimenak, bai Korrika eta Korrika Kulturala eta baita Loraldia ere elkarlanean oinarritzen direlako. Eta eskerrak eman nahi izan dio Kalaportu eta Loraldiari, honi esker lehen aldiz Korrika Kulturala Euskal Herriko bost antzoki nagusietara iritsiko delako.

Kalaportu ikuskizuna - Loraldia - aurkezpena