Sormena loratuko da seigarrenez Bilbon. Badator Loraldia festibalaren edizio berria

Loraldia festibalaren seigarren edizioa aukreztu dugu gaur Bilbon. Sormena loratuko da beste behin ere eta 20 egunetan 15 gune ezberdinetara helduko da Loraldia, askotariko diziplinak agertuz.

 

  • Loraldia Festibalaren seigarren edizioa martxoaren 10a eta 29a bitartean ospatuko da. Edizio honetako lema, Hamaika desira! izango da. 
  • 20 egunetan zehar, diziplina artistiko guztiak, produkzio berriak eta estreinaldiak aurkeztuko ditugu. Bilboko 15 gune euskararen plaza bilakatuko dira. 
  • Festibalaren antolatzaileen helburuen artean: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, proposamen berritzaileak plazaratzeko. 

 

Gaur goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren seigarren edizioa Bilboko Rekalde aretoan, Hamaika desira! lemapean.
Aurkezpen honetan parte hartu dute Loraldia Festibalaren babesle diren erakundeen izenean: Aitziber Atorrasagasti, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia. Eta Loraldia festibalaren aldetik, Imanol Agirre, Loraldia festibalaren zuzendari artistikoak; eta hauekin batera festibalean ekintzen bat burutuko duten zenbait artista izan dira, plazaratuko dituzten sormenen lagin txikia erakutsiz. 

Loraldia Festibaleko seigarren edizioak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Iparragirre, 200 urte beteko baitira aurten Urretxuko bardoa jaio zenetik. Bizizale amorratua zen Iparragirre, baina guk haren bizitzan ibili ziren emakumeen begietatik ikusiko dugu; Joseba Sarrionandia; Agustin Xaho; edo Fermin Muguruza, besteak beste.

Nazioarteko hainbat pertsona ere gogora ekarri eta gure begiradaz berrinterpretatuko ditugu, izan ere, Bob Dylan euskara unibertsora ekarri dugu eta Lisboako fadoak ere plaza izango du. Fernando Pessoak Sarrionandia gonbidatuko du ardo berdea edatera Casa do Fadon. Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik, ez denboran, ez espazioan ere.

 

Aurtengo lema eta arloak

Hamaika desira! da aurtengo festibalerako aukeratu den lema eta Loraldian gertatuko denaren erakusle da. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza presente izango dira. Lehenengoz, rol joko bat burutuko dugu baita ere. Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira eta 20 egunetan zehar teatro lan eta beste ekintza batzuen estreinaldiak izango ditugu. 

 

Musika

Musikarekin emango diogu hasiera seigarren edizioari

Joseba Martin kazetariak euskal musikaren historia bat ekarriko du martxoaren 10ean Bira! kultur gunean, bi menderen arteko bilakaera aztertuz. Izan ere, Iparragirre eta Urdangarin kantautoreren arteko sokari tiraka gure nortasuna azalaraziko du. Kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko. 

Mikel Urdangarinek berak eskainiko du kontzertua martxoaren 12an Arriaga Antzokian. Kantautorea lehenengoz bakarrik pianoarekin arituko zaigu oholtzan. Errepertorio zaharra izango du abiapuntu, azken bi urteetan ondutako bertsioak plazaratzeko asmoarekin baina sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe. 

Martxoaren 16an, Bob Dylan artista eta literaturgilerik bikainenetakoaren omenez antolatutako ikuskizunaz gozatuko dugu Bidebarrietako liburutegian. Bertan Minesotako kantautorearen zenbait kantu hilezkorren letrak euskaraz entzun ahal izango dira. Iker Diaz Letamendi aktoreak (itzulpengintzaz ere arduratu da) errezitatu egiten ditu, Adolfo García perkusionistak pultsu literarioari eusten dion bitartean. 

Euskal Herriko ardoa eta gazten dastaketak eta Iparraldeko emakumezko ahotsen kantek bat egingo dute martxoaren 20an Bira! kultur elkartean. Jon Martinez sommelierrak ardo-bidaia egingo du Euskal Herrian zehar, eta Aire Ahizpek eratuko dute soinu banda. 

Egun berean aurkeztuko du Thierry Biscary kantari baxe nafarrak Muda izeneko proposamen artistikoa Azkuna Zentroan. Uxue Alberdi, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maiaren hitzak erabili ditu abestiak ehuntzeko. Proiektu honen musikari gehienek musika tresna sokadunak jotzen dituzte: gitarrak, mandolina, kontrabaxua, txeloa eta eskusoinua eszenan izango dira.

Alos Quartet laukoteak Lau izeneko diskoa kaleratu du aurreko urtean eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatzeko egin duen kontzertu sortaren arteko azkena egingo du martxoaren 21ean Euskalduna Jauregian. Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte: alde batetik, Aukeran Dantza Konpainia sustraietatik sortzen diren soinuei kolore eta mugimenduz janzteko; bestaldetik, Amaia Elizaran, dantza garaikidearen irudimena eszenaratzeko.

Musika, marrazkiak eta irakurketa dramatizatua uztartuko dituzte martxoaren 22an Itsasmuseumen. Zuberoatik datorkigu XIX. mendeko historian izan dugun pertsonaia nabermenetako bat, baina ez oso ezaguna. Kontuan izan Agustin Xaho abertzaletasuna eta gure eskubide historikoen sortzailetako bat dela diote historiagileek.
Asisko Urmenetak Xahoren irudia nabarmentzeko AztiHitza komikia sortu zuen. Lan honekin, hain zuzen, azken Literatura Euskadi Saria irabazi zuen. Orain ikuskizuna plazaratuko dute. Asisko Umenetak marrazkiak eta solasak gidatuko ditu. Irakurketa dramatizatuan, berriz,  Daniel Arbeletxe, Mariañes Gorostiaga, Xanmari Hirigoien izango dira eta musika eta kantua emanez Ihitz Potorena.

Martxoaren 28an, Fermin Muguruza izango dugu ikusmiran. Jakin badakigu Ferminen kantak ez direla sekula zahartzen. Horregatik, manifestu berri bat idatzi nahi izan dugu eta festa baten bidez eskaini. Kafe Antzokian izango dira Mad Muasel & La Tokokera Kumbia Power, Juantxo Arakama (Glaukoma) & Asmathic Band eta Nerea Erbiti, Ion Celestino & Eskola Ergatiboa

 

Teatroa

Loraldia Kultur Elkartearen produkzio propioa da Iparragirre. Bihotzeko Joxe Mari ikuskaria. Ikuskizuna Tanttaka, Demode Quartet eta Loraldiaren arteko ko-produkzioaz sortu da.
Iparragirreren ondareari hautsa kentzeko sormen artistikoa aurkeztuko dute martxoaren 11n Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarainek Arriaga Antzokian, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean. Iparragirrek ezagutu zituen emakumeen ikuspegia eszenaratuko dute eskutitzen bidez; eta testuekin batera bardoen kantak entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek, Angel Unzu kitarra jolearen eskutik. Hortaz, fikzio gutunez osatutako kontzertu eszenikoa izango da. 

Martxoaren 27an ospatuko dugu Teatro Eguna. La Fundición-en ikusi ahal izango dugu Lurrun minez izeneko lana. Hiru homosexualen arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala da. Orain dela urte bete, Galder Perezek idatzi zuen gidoia; lan honekin Café Bar Bilbaoren teatro lan laburren saria irabazi zuen. Eta orain estreinaldia dator Loraldian. Esan bezala, sauna batean hiru gizon elkartuko dira eta horien arteko hitz-aspertuan hainbat gaiez eztabaidatuko dute. Nabarmenduko dugu Joseba B. Lenoir musikagilearen presentzia teatro lanean. 

Gauean, teatro-afaria izango dugu Mirigorri Kultur Elkartean. Ederto afaltzeaz gain, teatro esketxekin gozatzeko aukera izango dugu. Mahai artean bi bikote azalduko dira. Zizka-misketan, Komuna teatro laburraren umorea; azkenburukoan, berriz, Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Martinezen irudimen zorrotza. Horrez gain, Lurrun Minez antzezlana zuzendu duen Olatz Gorrotxategi sortzailearekin berba egiteko aukera izango dugu.

 

Literatura

Martxoaren 14ko goizean Metro Bilbaoko San Mameseko geltokian ekintza berezi bat burutuko dugu, Euskal Idazleen Elkartearen eskutik. Elkarteak bultzatutako Irakurri mesedez kanpainarekin bat egiten du Loraldiak. Eszenatoki bat jarriko dugu elkarlanean San Mames geltoki intermodalean eta bertan testu literarioak, bertsoak eta musika entzuteko parada izango dugu. Zenbait idazle, Paddy Rekalde, Nere Arrien eta Ekaitz Goienetxe, besteak beste, testuak irakurriko dituzte. Beraiekin batera, Miren Amuriza eta Ohiana Bartra bertsolariak eta Nerea Alberdi musikaria bibolinarekin izango ditugu.

Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da Hariak sentikaria eta emakumea, memoria zein isiltasuna dira bere osagarri nagusiak. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko ditu kontagai martxoaren 14an Itsasmuseumean bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Horretarako, Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña izango ditugu gurekin. 

Hurrengo egunean, martxoaren 15ean, Guggenheim Bilbao Museoan Manipulazio estrategiak ikuskizuna izango dugu. Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik, goi-mailako musikariz inguratuta. Hain zuzen, hedabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk pentsalariak. Hamar estrategia destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok. Eta kanta ez, gezi bilakatu ditu Pettik bere ahotsaren eta musika-senaren bidez. Hala, gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua.

Martxoaren 17an, poema berriak plazaratuko ditu Miren Agur Meabek Bidebarrieta liburutegian, Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe ikuskizunean aurkeztuz. Egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: oroitzapenen gaurkotzea, nortasunaren berrespena, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota hitz poetikoaren balioa eta eginkizuna. Asmo horretan, zenbait emakume esanguratsu izango ditu solaskide, hala nola Mary Shelley, Marguerite Yourcenar, Ellen Ripley tenientea edota Brontë ahizpak. Ikuskizun poetiko honen soinu bandari dagokionez, Amorante gonbidatu du, eta Aitor Gametxoren ikus-entzunezko sormenak ilustratuko du giroa. 

Joseba Sarrionandiak eta Fernando Pessoak ere euren lekua izango dute aurtengo Loraldian. Martxoaren 18an, idazle bien hitzordu literario bat irudikatuko dugu Itsasmuseumen. Mikel Antzak  erronka hartu du eta hitzorduari berba jarri dio. Beste aldetik, Lisboatik datorkigu kantari gazte bat: Diana Villarinho. Fadogile berri honi esker eta Albisuren begira literarioari esker Pessoaren eta Sarrionandiaren Lisboara abiatuko gara.

Martxoaren 23an, Xabier Berasaluze, Leturiaren Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea Liburuari buruzko solasaldia izango dugu Elkar dendan. Astebetean panderoa ikasteko metodoa eta DVDa eskaintzen du liburu honek, baina, horrez gain, Leturiak bere bi panderorekin izandako elkarrizketa, non bere ibilerak kontatzen dituen, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak azalduz, abentura xelebre eta pasadizo mundialekin batera.

Karmele Jaioren Aitaren etxea liburuaz jardungo gara martxoaren 25ean Elkar dendan. Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez, generoaren eraginaz eta familietan sortzen diren isiltasunez ari da Karmele Jaioren azken eleberria.

Egun berean, Muga proiektua ikusteko aukera izango dugu Euskararen Etxean, zentro honetako arduradunek sortutako Hi(zki)bridoak programaren baitan. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da. Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. Anfentamiña izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 banden partaidea) kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea.

Eta literaturarekin amaitzeko, Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavat. Martxoaren 26an egingo dute La Fundición-en. 

 

Dantza

Dantza ikuskizunak ekarriko ditu ere aurtengo Loraldia Festibalak.
Rafa Eizagirre, Iñaki Maruri, Bitxor Pastor eta Ander Sanchez izango ditugu martxoaren 13an BBK Salan, klakea, txalaparta eta pianoa uztartzen. Errepertorioa oso anitza izango da: espatadantza jazz mundura eramanda, afrikar eta asiar erritmoak agertuko dira edota alakiketa bat umorez josiko dute. Musika eta dantza, biak batera ikuskizun bitxi, bakarra eta erakargarri batean.

Martxoaren 15ean, Diagonalean zehar koreografia plazaratuko du Mizel Theret iparraldeko dantza sortzailerik garaikidenetakoak. Esku pilotarien keinua du abiapuntu. Pilotariaren keinu hori testuingurutik atera eta moztu egingo du koreografoak. Gero mugimendu horiek dantza abstraktu bihurtu dira.

Bertsoari mugimendua emango dio Haatik Dantza Konpainiak martxoaren 19an Azkuna Zentroan, Errimak bi oinetan ikuskizunarekin. Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizun dibertigarri, berri bat da. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. 

Domo itxura duen karpa txiki baten barruan dantzari bat. Ikusleak hiru urtetik aurrera. Dantzariak kantari ekingo dio. Gertu-gertu dantza garaikidea eta herri tradizioa uztartzen ditu O! lanak. Hunkidura kuttunak. Irudika dezagun itsaso zabalean harri bat altxatzen. Handitasunean koskorra. Mitologiaren izadi bat, agian. Lurralde miresgarri honetan mugimenduak eta haren itzalak harritzen gaitu. Espazio zirkular honetan ikusle ttipiak eta handiak partaide dira. Iparraldetik datorkigu proposamen artistiko xarmangarria.

Dantza garaikidea eta herri tradizioa gertutik bizitzeko aukera izango dugu martxoaren 21ean Azkuna Zentroan, Pantxika Telleria koreografoaren bidez. 

 

Zinema

Zinemari dagokionez, edizio honetan bi film pantailaratuko ditugu; Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Josu Martinezek zuzendutako Anti film laburra. Biak martxoaren 24an Arte Ederretako Museoan. Muga deitzen da pausoa Xixongo Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zen eta Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako Zinemaldia.cat jaialdian dokumental onenaren saria irabazi zuen.
Anti film laburrak, berriz, Argentinan, Madrilen, Bilbon eta Lekeition saritutako Josu Martinezen lan hau Baxenafarroko Bizkarsoroko herrixkako eskola batean kokatzen da 1921eko neguan. Euskaraz berba egiten duten ikasleak ANTI izeneko ziri mutur batekin markaturik izango dira, juduak edo agoteak bezalaxe.

 

Bertsolaritza

Martxoaren 29an, Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako Zaharkitze programatua izeneko testuaren gainean inprobisatuko dute Alaia Martin eta Onintza Enbeita bertsolariek Guggenheim Bilbao Museoan. Testuaren irakurrialdiari Don Inorrez taldeak jarriko dio soinu banda. Hauxe da geroari begira Loraldiak antolatzen duen seigarren hitzordua, eta festibalari amaiera emango diona. 

 

Gorordodromoa

Martxoaren 28an rol joko bat egingo dugu. Gorordodromoa Azkuna Zentroko hallean eta mediatekan kokatuko dugu eta bertan bost mahaitan banatuko dira hogei jokalariak. Jokalariek euren pertsonaiak sortuko dituzte eta mahai bakoitzean maiztez edo narratzaile bat izango dute. Abiapuntua Atopia liburuan datza. Taldean sortu, idatzi eta marraztu den liburuarekin jokatuko dugu.

 

Loraldia Eskola

Loraldia Eskola abian jarri genuen euskal kulturaren transmisioa haur eta gazteen artean sustatzeko. Ikasturtean zehar proiektu ezberdinak bideratu dira zenbait ikastetxetan.
Loraldia Festibalean horietako bien emaitzak plazaratzeko tenorea heldu da. Ikasleek sormena izan dute ikasgai eta Getariako Iturzaeta Herri eskolan eta Dimako Ugaran Herri Eskolan loratu dira gazte-pastoralak.
Zuberoako Pastorala formatua gaurkotu eta ikuskizuna prest dago. Getarian Lehen Mundubira izan da gidoiaren haria, Diman, berriz, Mitologian murgildu dira. Martxoaren 27an egingo dute ikuskizuna, Azkuna Zentroan.

 

Elkarlan bereziak

Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira. Seigarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak. 

  • Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa
  • Bilbao Poesia 
  • La Fundición
  • Iparraldeko Euskal Kultur Elkartea (EKE)
  • Euskararen Etxeak plazaratu duen Hi(zki)bridoak programa
  • Zinegoak
  • Mirigorri Kultur Elkartea
  • Izar & Star programa
  • Euskal Idazleen Elkartea

 

Lorazain komunitatea eta Lorazain Eguna

Lorazain figura Loraldiaren lagunari dagokio, festibalaren komunitatea osatzen duten norbanakoek. Hauek deskontu bereziak lortzen dituzte festibaleko ekintzetako sarreretan eta beste ekintza berezi eta esklusibo batzuk bideratzen ditugu beraientzako.

Edizio honetan zenbait abantail edo ekintza berezi prestatu ditugu Lorazainentzat. Alde batetik sarreren prezio berezia eta doako ekintza batzuen eskaintza. Honetaz gain, aforo txikia duten ekintza batzuetan sarrera lehenetsia daukate Lorazainek.

Eta, bereziki, beste bi ekintza jarri ditugu martxan seigarren edizio honetan: Mikel Urdangarinen etxean kontzertu pribatu batez gozatzeko aukera eskaini diegu zozketaren bitartez zorionekoak izan diren lagun batzuei. Eta edizio honetan Lorazain Eguna ospatuko dugu baita ere: martxoaren 20an eskaintzen diguten babesa eskertuko diegu, Thierry Biscaryk eskainiko duen kontzerturako doako sarrera emanez.

 

Babesleak

Loraldia Festibala burutu ahal izateko, ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza. Edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere. 

Eta Berria taldeak ikuskizun bat babestuko du edizio honetan.

Loraldia Festibalaren 6. edizioaren aurkezpena