Loraldia Festibalak bere bosgarren edizioa aurkeztu du. Bilbo kultur sormenaren plaza bilakatuko du hilabete batez

Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa martxoaren 12a eta apirilaren 7a bitartean ospatuko da. Edizio honetako lema, Sentikariz blai! izango da.
22 egunetan, diziplina artistiko guztiak, bost produkzio berri eta erabateko estreinaldiak eskainiko ditu. Bilboko 12 gune euskal kulturaren plaza bilakatuko dira.
Festibalaren antolatzaileen helburuen artean: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, proposamen berritzaileak plazaratzeko.

Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa martxoaren 12a eta apirilaren 7a bitartean ospatuko da. Edizio honetako lema, Sentikariz blai! izango da.
22 egunetan, diziplina artistiko guztiak, bost produkzio berri eta erabateko estreinaldiak eskainiko ditu. Bilboko 12 gune euskal kulturaren plaza bilakatuko dira.
Festibalaren antolatzaileen helburuen artean: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, proposamen berritzaileak plazaratzeko.

 

Gaur goizean aurkeztu da Loraldia festibalaren bosgarren edizioa, Sentikariz blai! lema pean. Loraldia Festibalaren edizio honen aurkezpena egiteko antolatzaileek formatu berritzailea erabili izan dute eta Bilboko tranbian egin dute. Tranbiak ibilbidea burutzen zuen bitartean, Ane Pikaza aurkezleak Loraldiaren programazioaren gakoak kontatu dizkie bertaratutakoei.

Aurkezpen honetan parte hartu dute, Loraldia Festibalaren babesle diren erakundeen izenean: Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; eta Nekane Alonso, Bilboko Udaleko Kultura Saileko Zinegotzi Ordezkaria. Eta Loraldia festibalaren aldetik, Imanol Agirre, Loraldia festibalaren zuzendari artistikoak; eta hauekin batera festibalean ekintzen bat burutuko duten zenbait artista izan dira.

Loraldia Festibaleko bosgarren edizioak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan. Oraingoan, Sarrionandia eta Artze, besteak beste.

Loraldia Elkartearen helburu estrategikoekin bat eginez, festibalak euskal sortzaile eta produkzioak sustatu nahi ditu eta horretarako produkzio propioak sortzen ditu, Loraldia Festibalaren ondoren Euskal Herrian zehar biran has dezaten. Horrela, publiko berri eta anitzetara zabaldu nahi du kultura eta biztanleria euskal eta euskaraz sortzen den kulturara hurbildu. Eta lan honetan, memoria berreskuratu, iturri zaharretik edan eta ikasi eta proposamen berritzaileak sortzea du asmo.

Loraldiaren aurtengo edizioa martxoaren 12an hasiko da, Sarrionandia protagonista izango dugula: Iñigo Aranbarri idazleak Sarrionandiaren literaturaren ezaugarriak azalduko ditu hitzaldi batean. Hau martxoaren 15ean burutuko den Kalaportu ikuskizunaren abiapuntua izango da eta ikuskari hau hobeto ulertzeko gakoak ezagutuko ditugu.

Egun honetatik eta apirilaren 7ra arte Bilbo eta Loraldia Festibala kultur sormenaren plaza bilakatuko dira 22 egunetan zehar. 30 kultur hitzordu biltzen ditu Loraldia Festibaleko bosgarren edizio honetako egitarauak. Aurten diziplina artistiko guztiek lekua izango dute, formatu berritzaileak eta lau ekoizpen propio eta estreinaldi handiak izango ditu festibalak. Guztira, ia 200 artistek parte hartuko dute jaialdi honetan.

Bosgarren edizio honetan esan genezake Loraldia Festibala sendotu eta errotuta dagoela: sortzaileak nabarmendu eta ikusgarri jarriko ditugu beste behin ere; Loraldia Elkarteak produkzio berriak sortu ditu; eta sormen eta produkzio horiek sustatu eta ahalik eta hedatze handiena lor dezaten akordio interesgarriak lotu dira.

Bilboko hamabi gune ezberdinetan garatuko da Loraldia Festibala: Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Bilboko Itsas adarra Itsas Museoa, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Bidebarrieta Liburutegia, Golem Alhondiga, Campos Antzokia, Bilborock, Bira! Kultura Bilbao, eta Elkar dendak.

Aurtengo lema eta arloak

Sentikariz blai! da aurtengo festibalerako aukeratu den lema eta Loraldian gertatuko denaren erakusle da. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, artea eta bertsolaritza presente izango dira.
Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira eta 22 egunetan zehar disko, teatro lan eta beste ekintza batzuen estreinaldiak izango ditugu. Izan ere, Loraldia Elkarteak lau produkzio propio aurkezten ditu aurtengo edizioan eta beste zenbait produkziotan laguntzaile izango da.

Musika

Musikarekin emango diogu hasiera Loraldia festibalaren 5. edizioari.
Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa agertuko da kantuan; martxoaren 15ean, Arriaga Antzokian estreinatuko den Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizunean euskal musikako hamaika izarrek parte hartuko dute, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Audience, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.
Hurrengo astean, martxoaren 21ean, Lupekariak taldearen kontzertua izango dugu. Oraingo honetan Itsasotik iturrira du izenburu ikuskizunak.

Festibalaren bigarren astean musika izango dugu protagonista.
Martxoaren 28an, Maite Larburuk Hezurren azpian diskoa aurkeztuko du. Bere proiektu propio eta berriaren aurkezpen kontzertua. Larbururen estiloa eklektikoa da eta ahotsa, biolina, gitarra klasikoa zein elektrikoa, ukelelea, sruti boxa…ditu musikaren osagai.

Egun bat beranduago, martxoaren 29an, iparraldeko Belatza taldeak Orhi diskaren aurkezpena egingo du hegoaldean. Eta larunbatean Aneguriak azken diskoaren sormen berriak ekarriko ditu Bilbronxera.

Astea musikarekin bukatuko da: Hibai Etxebarria Gernikako musikagileak, bigarren lan grabatua aurkeztuko du Euskalduna Jauregian. Udaberri honetan kaleratuko duen bigarren triptikoak, TripTics III-IV izeneko diskoak, jarriko du kantaldiaren abiapuntua.

Apirilaren 3an musikarekin lotutako hitzaldi berezia eskainiko digu Jon Zelestinok: Hau ez da euskal musika. Berbaldi honetan disko-jogailua da protagonista. 60ko eta 70ko hamarkadetako euskarazko pop musika ezezaguna deskubritzea da helburua.

Dantza

Dantza arloko lehen ikuskaria Aukeran Dantza Konpainiaren Biz Hitza lanaren estreinaldia izango da, martxoaren 16an. Euskara batuaren bilakaera dantzaren bitartez irudikatuko du Aukeranek, Xabi Payak sortu duen gidoian oinarrituta.
Eta edizio honetako dantzako bigarren hitzordua Basoa koreografiaren estreinaldia izango da, apirilaren 6an. Migranteen egoera salatu eta ikustarazten duen koreografia da.

Teatroa

Antzerkiari dagokionez, Loraldia Elkarteak bi produkzio propio sortu ditu festibalean estreinatzeko.
Martxoaren 22an Mundubira. Elkano, Primus ikuskariaren estreinaldia izango dugu. Patxo Telleriak sortutako gidoian oinarrituta, Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera munduaren itzulerari amaiera eman zion marinel baten arteko elkarrizketa taularatzen da, musikaz lagunduta.
Gure memoria berreskuratu eta plazaratu nahi duen teatro lan honek iaz Anton Abbadia sorkuntzak zabaldu zuen bideari ekiten dio. Formatu txikiko antzezlana da non musika eta bakarrizketak tartekatzen diren.

Teatro Eguna ospatuko dugu martxoaren 27an, bi ekintzekin. Alde batetik, Aizpea Goenagak, sortzailea eta aktoreak, euskal teatroari buruzko testu bat irakurriko du, teatro egunaren harira beren beregi sortuta. Gorka Benitez saxojoleak sarrera hornituko du.
Ondoren, Olatz Beobide eta La Cuerda Teatroak Izotza apurtzen den ertza antzezlana aurkeztuko dute.

Martxoaren 30ean haurrei zuzendutako Sagutxo tuntuna ikuskizunaren estreinaldia izango dugu. Ume ikuskari honek musika klasikoa, txontxongilo, teatroa eta dantza uztartzen ditu.

Literatura

Ekintza oso bereziak izango ditugu literaturaren alorrean edizio honetan: bi ekintza performatibo, omenaldi berezi bat, Munduko Poesia Egunaren ospakizuna eta hiru lan literarioen aurkezpena.

Aurtengo festibalari hasiera emango diogu Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioaren inguruko hitzaldi batekin, Lur bat idazteko: Pasieran Joseba Sarrionandiaren geografian, Iñigo Aranbarriren eskutik.

Hurrengo igandean, martxoaren 17an, emanaldi performatibo bat izango dugu: Hasier Larretxea poetak aita aizkolariarekin eta amarekin batera tradizioaren eta abanguardiaren arteko solasaldi sakon eta hunkigarria aurkeztuko digute; hitzak herriko doinu eta herri-kiroletako jardunarekin uztartzen diren Itzulerako bideetan barrena izango da.

Martxoaren 20an Txakur Gorria kolektiboa osatzen duten lau emakumek H-Artzetik: poesia musuzapietan ikuskizuna egingo dute, eskertze keinu xume bat egin nahi diona iaz utzi gintuen poetari.

Martxoaren 23an Munduko poesia kaia ikuskizunarekin bi ospakizun helburu: batetik, Susa argitaletxeak 2014an martxan jarritako Munduko Poesia Kaierak egitasmoak 30. zenbakira iritsi dela; eta, bide batez, Munduko Poesia Eguna. Bilduma honetan argitaratutako poemek ardaztutako ikuskizuna izango dugu: Susa argitaletxeak ekoiztuta eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak sortua.

Martxoaren 24ko goizean omenaldi berezia egingo da Loraldiaren eskutik. 1973. urtean, garai latz eta ilunetan, Verdes Liburudendak ate bat zabaldu zion euskal kulturari. Javi Escuderok eta Asun Zuloagak liburuz inguraturik oasi erakargarri bat eratu zuten Bilboko 7 kaleetako bihotzean. Berehala liburudenda elkargune ezinbesteko bihurtu zen euskal kulturgileentzat. Ekinaldi honetan Verdes liburudendaren hainbat lagun batuko dira merezitako omenaldia emateko asmoarekin. Euskaltzaleok zorretan gaude eta eskertu behar diegu eman ziguten guztia.

Hurrengo astean, martxoaren 31n, Garazi Goia eta Goizalde Landabasok 1362 km euri lan literarioa aurkeztuko dute. Eszenan performance bat aurkeztuko dute, Galde Perez antzerkigileak zuzenduta eta Nerea Alberdi musikariaren laguntzaz.

Eta beste bi libururen aurkezpena izango dira egileen eskutik: martxoaren 26an Josu Goikoetxeak Zer luzea negu hau bere lehenengo poema liburuari buruz montzatuko da. Apirilaren 1ean, Katixa Agirreren txanda izango da, Amek ez dute nobela aurkezteko.

Zinema

Bi dokumentalen proiekzioa burutuko dira aurten festibalaren azken egunetan.
Apirilaren 4an Iratxe Fresnedak Cold Lands – Lurralde Hotzak ez-fikziozko filma, sormenezko dokumentala aurkeztuko du. Eskandinaviako lurraldeak dira Iratxe Fresneda sortzailearen roadmovie honen paisaia nabarmenenak.
Eta apirilaren 6an Larart, Basotik Itsasora dokumentala aurkeztuko da. Aurretiaz aipatutako Basoa koreografiarekin batera, Gurs errefuxiatugune eta kontzentrazio esparruan du abiapuntua. Gursetik Mediterraneora ailegatzen diren gaur eguneko errefuxiatuen errealitatera eramaten gaitu. Beñat Gereka eta Dantzazen sormena.

Bertsolaritza

Argazkilaritzak lekua izango du festibalaren edizio honetan: Oskar Alegriaren Hitz Enea argazki erakusketa ikusgai izango dugu aste batez. Bidaia honek, gure artean hain aberatsa den onomastika, etxeen izenak aztertzen dituen zientzian barnera eramango gaitu. Iraganetik, etxeek eta etxeen izenek mapa zaharrenak ahoz egiteko balio izan dute, oraindik paperezko kartografiarik ez zegoenean ere.
Eta erakusketa honen bisitaldi gidatu berezia izango dugu apirilaren 5ean; Sustrai Colina bertsolariak gure izenari eta izanari buruzko bertsoak plazaratuko ditu.

Eta tradizio bilakatu den ikuskizunarekin agurra emango diogu Loraldia festibalaren 5. edizioari apirilaren 7an, etorkizunera begira. Oraingoan, bost emakume izango ditugu oholtzan: Itxaro Bordak geroari buruzko Bustinezko etorkizuna testua irakurriko du, Loraldiak eskatutako testu librea. Tartean, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran bertsotan arituko dira, Amaia Agirre gai jartzailearen agindu pean eta Mursegok musika jarriko dio ekitaldiari.

Bilbronx

Bosgarren urtez Bilbronx gaua ospatuko da martxoaren 30ean, lau ekintzekin: Aneguriaren kontzertuaz gain, kaleko dantzen erritmoak ikasteko aukera izango dugu Dena Bilbaoren eskutik; Loraldia Eskolaren programaren baitan ikasleek sortutako ikus-entzunezkoak ikusiko ditugu; eta Euskal Herriko Beat Box txapelketa ospatuko da.
Lau ekintza hauek Bilborocken izango dira.

Elkarlan bereziak

Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira. Bosgarren edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak.

AEK Korrika kulturala
Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizuna Korrika kulturalaren programazioaren baitan izango da. Honi esker, ikuskizuna Bilbotik Donostia, Gasteiz, Iruña eta Baionara helduko da.

EKE
Euskal Kultur Erakundearekin lotu den elkarlanari esker, iparraldeko sortzaileek aukera izango dute festibalean parte hartzeko.

Elkano 500 Fundazioa
Mundubira. Elkano, Primus Loraldiaren produkzio propioaren hedapenean Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso da, Elkano 500 Fundazioaren eskutik.

Susa argitaletxea
Munduko poesia kaia ikuskariaren sortzailea.

Bidebarrieta kulturgunea
Bilbao Poesia eta Bidebarrieta Kulturgunearekin batera Munduko poesia Kaia eta H-Artzetik: poesia musuzapietan ikuskizunak aurkeztuko ditugu.

Elkar
Urtero bezala, zenbait liburuen aurkezpena Elkar dendetan izango dugu.

Taupaka Elkartea
Bilbronx gaua antolatzen laguntzailea.

 

Elkarketak egitasmoa

Loraldia Elkarteak Elkarketak erakusketa antolatu du. Festibalaz aparte garatutako egitasmoa da, baina epetan Loraldiarekin bat egingo duena ikusgai egongo den lehen egunetan.

Mikel Lertxundi eskultore bizkaitarraren zazpi artelan Bilboko erdiguneko gune ezberdinetan kokatuko dira, ibilbide eskultorikoa proposatuz.
Erakusketa honekin, lehenengo aldiz Bilbon euskal artista baten kale-erakusketa ikusgai izango da. Egitasmo berezia da Loraldia Elkartearentzat eta hilabete batez iraungo du, martxoaren 23tik apirilaren 23ra.
Gainera, zabalera egunean, martxoaren 23an, ikuskariak eskainiko ditugu zenbait eskulturen inguruan.

Babesleak

Loraldia Festibala burutu ahal izateko, ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza.
Edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak.
Hauekin batera, Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dugu baita ere.
Eta bosgarren edizio honetan Euskotrenekin lotu den hitzarmen berezi bati esker, Bilboko tranbia bat Loraldia Festibalaren irudiarekin errotulotuta egongo da egun batzutan zehar.

Loraldia Festibalaren 5. edizioaren aurkezpena