Loraldia Festibalak Hariak ikuskizuna eskainiko du, memoria eta isiltasuna oinarri

  • Hariak ikuskizuna Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peñaren arteko elkarlanarekin gauzatu da. 
  • Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da Hariak sentikaria eta emakumea, memoria zein isiltasuna dira bere osagarri nagusiak.
  • Ikuskizuna martxoaren 14an eskainiko dute Itsasmuseum-en.

 

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren seigarren edizioan aurkeztuko duen Hariak ikuskizuna aurkeztu du prentsaurrekoan. Aurkezpen honetako parte-hartzaileak izan dira: Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna; Yoseba Peña, nobelaren egilea; eta Rafa Rueda musikaria.

Ikuskizuna martxoaren 14an eskainiko dute Itsasmuseum-en. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko ditu kontagai, bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Loraldia Festibalean, gainera, Maria Teresa Verdes bilbotarra izango dute gogoan, Emakume Abertzale Batzan parte hartu zuen militantea.

Horretarako, Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña izango ditugu gurekin. 

Hariak sentikaria 

Yoseba Peña idazlearen Hariak izeneko nobelatik abiatuta sortu da izen bereko sentikaria eta emakumea, eta memoria zein isiltasuna dira bere osagarri nagusiak.

Emakumeak eta euren isiltasuna izango dira protagonista. Askapen pertsonala igo beharreko eskailera bat dela imajinatuko dugu. Hariak sentikariak igoera horretan zenbait eskailera-maila deskribatzen ditu; garai bateko euskal emakumeek zer pentsatzen zuten, zer sentitzen zuten edota zer egiten zuten. Kartzela da gizartea, eta hainbat emakumek handik ihes egiteko ahalegina egin zuten. 

Hariak sentikariak porrot horiek kontatu eta musikatuko ditu. Horretarako, poesia, prosa, musika eta bertsoa uztartuko dituzte protagonistek, Yoseba Peñaren Hariak nobela inspirazio-iturri hartuta.
Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko dituzte kontagai. Izan ere, azken laurogei urteetan, garaiko moldeak puskatu eta gainditu zituzten hainbat emakumeren bizitzek eta haien porrotak, denboraren poderioz, garaipen bihurtu dira. 

Musikari dagokionez, hainbat kanta berri konposatu ditu Rafa Ruedak. Horrez gain, Oskorriren Adela abestia ere interpretatuko du. Iraia Eliasek egingo du hainbat testuren irakurketa dramatizatua, eta Nahikari Gabilondo arituko da bertsotan. Azkenik, honako idazleen poesiak erabiliko dituzte: Audre Lorde, Inge Müller, Gabriel Aresti eta Amaia Lasa. 

Loraldia Festibalerako prestatu duten ikuskizunean, gainera, Maria Teresa Verdes bilbotarraren figura ekarriko dute gogora, Emakume Abertzale Batzan parte hartu zuen militantea. Alava Sarearen baitan oinarrizko rola bete zuen, Euskadiko presoei babesa emateko eta orduan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren artean informazioa transmititzeko. 

Loraldia-Hariak-aurkezpena