Loraldia Festibalak haurrei zuzendutako Sagutxo tuntuna produkzioa aurkeztu du

Sagutxo tuntuna Maider López sortzailearen ideia eta egitasmoa da, produkzioan Loraldia Kultur Elkartearekin elkarlanean sortutakoa.
Musika klasikoa, txontxongiloak, dantza eta teatroa uztartzen dituen sormen lana da, 2-6 urteko umeentzako bereziki sortuta.
Martxoaren 30ean estreinatuko da ikuskizun hau Loraldia Festibalaren programazioaren baitan; hemendik hasi eta Euskal Herriko hainbat tokitan eskaintzea da helburua.

 

  • Sagutxo tuntuna Maider López sortzailearen ideia eta egitasmoa da, produkzioan Loraldia Kultur Elkartearekin elkarlanean sortutakoa.
  • Musika klasikoa, txontxongiloak, dantza eta teatroa uztartzen dituen sormen lana da, 2-6 urteko umeentzako bereziki sortuta.
  • Martxoaren 30ean estreinatuko da ikuskizun hau Loraldia Festibalaren programazioaren baitan; hemendik hasi eta Euskal Herriko hainbat tokitan eskaintzea da helburua.

 

 

Loraldia Kultur Elkarteak Sagutxo tuntuna, haurrei zuzendutako ikuskizuna aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Maider López musikari eta sortzailearen ideia eta sormena da eta Loraldia Kultur Elkartearekin elkarlanean ekoitzitako proiektua da.

Aurkezpen honetan parte hartu dute: Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna; Maider López, sortzailea eta musikaria; eta Elena Bezanilla, lan honetako eszena zuzendaria.

 

Sagutxo tuntuna lanaren oinarria

Sormen hau Maider Lópezen ideia izan zen duela bi urte. Historia de un pequeño y tontorrón ratón (СКАЗКА О ГЛУПОМ МЫШОНКЕ) haurrentzako operan oinarritutako pieza, Dmitri Shostakovich-ek 1940ean konposatu zuena izenburu bereko animazio film-labur batentzako (Mikhail Tzekhanovsky-k zuzendua eta Samuel Marshak-en ipuinean oinarritua).

Sagutxo tuntuna obra honen moldaketa bat da, ganbera musika talde bat, dantzari bat, txotxongilo bat eta narratzaile batentzako eginda.

Etxalde bat espezie ezberdineko izakiak bizi diren ekosistema txiki bat da. Hori dela eta, literaturak, antzerkiak eta zinemak “etxaldean” eszenatoki metaforiko bat aurkitu dute pertsonen arteko erlazioak, emozioen, botere eta politika erlazioen, lurraldetasunaren ikuspuntutik jorratzeko… gure burura George Orwell-en Abereen etxaldea (Animal Farm, 1945) edo Anton Chéjov-en Gerezien lorategia (1904) ekarriz.

Esku artean dugun ipuina, Sagutxo Tuntuna, haur literatura errusiarraren sortzailetzat hartu ohi den eta bitxikeriaz beteriko biografia kosmopolita baten jabe den Samuil Marshak errusiar idazlearen ipuin baten oinarritua, “etxalde-ko” genero honen barruan kokatzen da, eta gainera Sagutxu Kaskarina ipuinaren antz handia du.

Istorioa Errusiako etxalde baten gertatzen da, animaliek ilunabarra iritsitakoan lotara joan nahi dutenean. Denak logura dira eta Sagu andereak bere semetxoa kulunkatzen du sehaska-kanta bat abesten dion bitartean, baina honek ez du lokartzeko gogorik eta sagu amak etxaldeko beste animaliengana jo behar du bere txikitxoa lokarraraz dezaten. Txakur eme zaindariak sagutxoa zaindu eta entretenitzen duen bitartean, sagu andereak Izeba Ahate-ri, Txerri andereari eta Behor andereari laguntza eskatzen die, baina azkenik, hauek helburua lortzen ez dutela ikusita, etxaldetik kanpora bizi den Katu andereñoarengana jo behar du, izan ere ematen du bere kantua sagutxoa lokarrarazteko tresna egokia dela nahiz eta pertsonaia sofistikatua den eta erdipurdiko ospea duen.

Katemeak, pentsatzekoa zen bezala, animaliatxoa bereganatzeko gogoa du hau kozinatu eta jateko, baina ez du bere helburua lortzen azken unean etxaldeko txakur emeak sagutxoa salbatu egiten duelako. Guztiak pozik bueltatzen dira etxera eta azkenik Sagu andereak bere txikitxoa, gertakariek akituta dagoena, lokarraraztea lortzen du.

 

Ikuskizuna

Obra hau D. Shostakovich-ek 1940ko animazio film-laburrarentzako konposaturiko musikaren inguruan antolatuta dago. Lan honetako pertsonaiak, berez ahots bakarlarientzat konposatuta daudenak, Maider Lópezen egokitzapenean ganbera taldeko instrumentista ezberdinek antzeztu eta karakterizatzen dituzte. Hauek, eszenografia eta jantzi ezberdinez bidez, istorioan agertzen diren animaliak irudikatzen dituzte. Instrumentuen tinbre ezberdinek, janzkerekin batera, bere “kantuaren” bidez sagutxoa lokarrarazi nahi duen pertsonaia konposatzeko balioko dute.

Musika-tresnei dagokionez, flauta, fagota, klarinetea eta biola agertzen dira eszenan pertsonaia ezberdinak interpretatuz. Maider López biolajolea kantari moduan arituko da ere, paper bokal bakarra, taldeko gainontzeko tinbreengandik ezberdintzen duena.
Sagutxoaren papera txotxongilo bat darabilen antzezle eta narratzaile batek antzezten du, eta azkenik, etxaldeko zaindaria den Txakur-emea, txikitxoa nork lokarraraziko duen animalia aurkitu bitartean, bere dantzaren bidez sagutxoa zaindu eta entretenituko duen dantzari bat da.

 

Parte hartzaileak

Musikarien aldetik ikuskizun honetan parte hartzen dute: Carmen Martínez (zeharkako txirula); Izadi Velez de Mendizabal (fagota); Elena Arbonies ( klarinetea); eta Maider López (biola eta ahotsa); Ainhoa Pineda aktoreak ere parte hartzen du eszenan.

Ikuspegi artistiko eta sormenari dagokionez, Maider López da sortzailea eta zuzendari artistikoa; Elena Bezanillak egin du eszena zuzendaritza; Txotxongiloa eta aholku artistikoa Anita Maravillas Tallerren lana izan da; Inalvis Pando izan da koreografiaren eta dantzaren sortzailea; eta Juan Kruz Igerabidek egin du gidoia.

 

Maider López
Biola, ahotsa, moldaketa musikala eta zuzendaritza artistikoa

Maider Lopéz-ek (Gasteiz,1984) musikaz zipriztindutako haurtzaroa izan zuen bere amari esker. Instrumentista eta musikari bezala urtez luzez formazio sakona jaso ondoren, lehenbizi Gasteizen eta beranduago Londresen (Royal College of Music) eta Alemanian (Stuttgart Musikhochschule), freelance musikari bezala orkestra eta ganbera talde ezberdinekin era askotako jarduna eraman izan du, bereziki Khantoria musika taldearekin, talde honetako biola eta moldatzailea delarik.

Gaur egun Durangon (Bizkaian) bere bizitza familiar eta artistikoak uztartzen ditu, herri honetako kontserbatorioan musika analisiari buruzko eskolak ematen ditu eta haur txikientzako eta beraien familientzako musika ikastaro bat eskaintzen du.

 

Elena Bezanilla
Zuzendaritza eszenikoa

Elena Bezanillak (Bilbo, 1961) Filosofiako eta Gizarte Antropologiako ikasketak bukatu zituenerako, modu profesionalean aritzen zen arte eszenikoen munduan. Garai hartan Gipuzkoan bizi zen eta 1986an Elene Sustatxarekin batera, bikote satiriko bat sortu zuen – Tarratada izeneko musikala – Trikipunk izenarekin ezagunagoa, arrakasta handia izan zuena. Oraindik ere, labur bezain apurtzailea zen ikuskizun hari buruzko elkarrizketak egiteko bilatzen dituzte.

Ordutik hona, ez dio antzerkia egiteari utzi zuzendari, produktore, pedagogo, musikari eta eszenografo bezala konpainia eta proiektu nazional eta internazionaletan: Bread and Puppet (USA), Dream Community (Taiwan), Central Saint Martins (Londres, Sevilla), Sala Endanza (Sevilla), Centro Andaluz de Teatro (Sevilla), La Nave del Pasaje (Sevilla), Pikor Teatro (Maeztu, Araba), Agerre (Donostia), Sebastopoleko Titiriteroak (Donostia), etb. Gaur egun Bilboko PANTZART konpainiako zuzendari artistikoa da.

 

Bira egiteko helburua

Ikuskizun honek ume txikiak eta belaunaldi berrientzako kultur proposamen atsegina izatea du helburu. Horregatik, Euskal Herrian zehar bidaiatu nahi duen produkzioa da, ahalik eta txoko gehienetara heltzeko.