Loraldia Festibalak Mikel Urdangarin ekarriko du Arriaga Antzokira, pianoarekin arituko da lehenengo aldiz kantautorea

  • Kontzertua martxoaren 12an izango da, Bilboko Arriaga Antzokian.
  • Errepertorio zaharra izango du abiapuntu, azken bi urteetan ondutako bertsioak plazaratzeko asmoarekin, baina sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe.
  • Pianoak ikusmira aldatu diola azaldu du Mikel Urdangarinek, musikara hurbiltzeko eta bera sentitzeko bide berria.

 

 

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren seigarren edizioan proposatzen duen hirugarren ikuskizuna aurkeztu du prentsaurrekoan, Mikel Urdangarinen kontzertua, hain zuzen ere. 

Aurkezpen honetan parte hartu dute Mikel Urdangarin kantautoreak; eta Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna. 

Kontzertua martxoaren 12an izango da Arriaga Antzokian. Mikel Urdangarin kantautorea pianoarekin arituko da lehenengo aldiz oholtzan. Aspaldi jo gabeko kantuak aukeratu ditu hainbat moldaketa egiteko, baita berriagoak diren batzuk. Hortaz, kanta ezagunez gain, sorpresaren bat edo beste egongo da. 

Mikel Urdangarin eta pianoa

Esaten duenez, bere baitan aspaldi inkubatzen egon den ideia da pianoa jotzearena, berak jakin gabe ere agian. Dena den, orain dela 20 urte erosi zuen Mikel Urdangarinek bigarren eskuko piano bat, eta gauza bat dela bestea dela, 17 urte behar izan ditu tapa altxatu eta nota bat jotzeko. 

Azkenean, 2017ko udaberrian hasi zen pianoa jotzen. Eta orduan sortu zen hiru urteren buruan Arriaga Antzokian kontzertu bat egitearen ideia.

Ikasteko prozesuari dagokionez, bereziki etxeko lana izan dela dio kantautoreak, intimitatean egin duena. Hala ere, tarteka hiru irakasleren laguntza eta aholkuak izan ditu  azken urtetan, ezinbestekoak bere iritziz.

Musikalki prozesu intentsuak bizi izan dituen arren, oraingoa ezerekin alderatu ezin daitekeela uste du Urdangarinek: “Pianoan eman ditudan orduak, jotzen eta pentsatzen, ez ditut beste ezerekin eman. Etengabeko lana eskatu didan prozesu berezia izan da, erronka izugarria”. 

Etengabeko lan horren baitan, zati oso garrantzitsua betetzen dute moldaketek: “Kantuak berpentsatu behar izan ditut, egirura eta armonia aldetik, bere jatorrizko bertsiotik guztiz aldendu gabe”

Batez ere lan zaharrekin egin du lan, baina kantuak aukeratzerako unean pianora eta bere jotzeko erara ondo moldatuko direnak hautatzea izan du irizpide.

Arriaga Antzokiko kontzertua

Loraldia Festibalaren baitan eskainiko duen kontzertuari dagokionez, errepertorio zabal eta orekatua prestatu du. Aspaldi jo gabeko kantuak aterako ditu oholtzara, duela asko kantatu nahi zituenak. Eta baita berriagoak ere. Gainera, kontzertu honetarako bereziki sortu dituen hiru kantu aurkeztuko ditu.

Arriagan aurkeztu ahal izatea amets bat dela dio kantautoreak: “Sekula ez dut normaltzat hartu Arriagako oholtzara ateratzea, beti ikusi dut sari baten modura, berezia da”. Sari hori gozatu ahal izatea eta ondorioz, bertaratzen direnak gozaraztea da kontzertura begira bere buruari eskatzen dion guztia, besterik ez. 

Etorkizunari begira

Litekeena da Arriaga Antzokiko kontzertua grabatzea, hortik zer atera daitekeen ikusteko. Datozen hilabetera begira ere, estudioko disko bat grabatzeko asmoa du Urdangarinek, baita egindako lanari etekina atera eta udazkenean pianoarekin bigarren bira bat egiteko ere. Dena den, erabakitzeke dago dena, denborak esango du. 

Proiektu berri honekin pozik dagoela adierazi du: “Lan egiten ari naiz sekula ez bezala gauza polita izan dadin eta benetan merezi dezan. Baina oso esker oneko sentitzen naiz dagoeneko pianoak ireki didan ateagatik eta ate horren atzean dagoen munduagatik”.

 

 

Mikel Urdangarin Loraldian