2019/03/11
MUSIKA ETA TEATROA

LORALDIA FESTIBALAK MUNDUBIRA.

ELKANO, PRIMUS PRODUKZIOA AURKEZTU DU

  • Mundubira. Elkano, Primus ikuskizuna Loraldia Elkarteak ekoiztutako antzezlana da. Oholtzan lau artista bilduko ditu.

 

  • Lehen Mundu Bira espedizioaren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du; ezinezko bidaia historiko haren gertaeretan oinarrituriko teatro-lana.

 

  • Martxoaren 22an estreinatuko da formatu txikiko ikuskizun hau festibalaren programazioaren baitan eta helburua Euskal Herrian zehar bira egitea da.

Loraldia Kultur Elkarteak Mundubira. Elkano, Primus antzezlana aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Loraldiaren produkzio propioa da, formatu txikiko teatro-lana eta Lehen Mundu Bira espedizioaren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du, ezinezko bidaia historiko haren gertaeretan oinarrituriko istorioa.

 

Aurkezpen honetan parte hartu dute: Aitor Narbaiza, Loraldia Festibalaren produkzio arduraduna; Rafa Zulaika, Elkano Fundazioaren proiektuen koordinatzailea; Patxo Telleria, gidoiaren egilea; Karlos Panera, lan honen eszena zuzendaria; eta hauekin batera, artista hauek: Iñigo Aranburu eta Xabi Ortuzar aktoreek; eta Ainara Ortega, kantaria.

 

Gure memoria berreskuratu eta plazaratu nahi duen teatro lan honek iaz Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara sorkuntzak zabaldu zuen bideari ekiten dio. Formatu txikiko antzezlana da non musika eta bakarrizketak tartekatzen diren.

 

Teatro-lan honek transmisioa du helburu. Euskal Herriko historia ezagutaraztea ezinbestekoa da eta, hori dela eta, publiko orokorrari zuzendutako estreinaldia baino lehen, ikasleentzako emanaldia eskainiko da. Loraldia Elkarteak gida pedagogiko bat sortu du baita ere, ikastetxeetan landu dezaten.

 

Dibulgazioa Elkano 500 Fundazioaren lan lerroetako bat da, jakinmina pizten duten estimuluen bitartez, esaterako Mundubira. Elkano, Primus ikuskizuna. Elkano eta lehen zirkumnabigazioari lotutako gertaerak, garrantzi handikoak izan ziren arren, gutxi ezagutzen dira gure gizartean. Fundazioak, gainera, ezagutza historikoan sakondu nahi du, egungo gizartearen desafioak aztertzeko eta eredu sozio-ekonomikoak birpentsatzeko. Bere jardunean, fundazioa kultur, gizarte zein ekonomia arloko agenteekin elkarlanean aritzen da, elkarlanerako sare iraunkor eta jasagarriak sortuz.

 

Orain dela 500 urte Victoria naoak bete zuen munduaren bira aurreneko aldiz. Leman Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera munduaren itzulerari amaiera eman zioten beste euskaldun batzuk zihoazen. 1519an San Lucar de Barramedatik itsasoratu ziren 265 marineletatik 18 baino ez ziren itzuli.

 

Elkanoz gain hiru bizkaitar eta Victoria naoa, baliteke, Ondarroan eginiko itsasontzia zela kontuan izanik, Euskal Herria itsastarraren itzala ageri da historia pasarte honetan.

IKUSKIZUNA

Teatro-lan honen eszena aktoreen interpretazioak eta musikak osatzen dute. Alde batetik, bi aktorek bakarrizketen bidez istorioa kontatuko dute. Beste aldetik, musikari bik antzezlanaren soinu banda jarriko du: musikaria eta kantaria.

Patxo Telleriak idatzi du teatro lan honen gidoia eta Karlos Panera da eszena zuzendaria. Oholtza gainean agertuko diren antzezleei dagokionez, Iñigo Aranburu Juan Sebastian Elkano bilakatuko da; Xabi Ortuzar, Juan de Zubileta itsasmutilaren papera hartuko du; eta hauekin batera, Ainara Ortega kantuan eta Nerea Alberdi musikaria.

Soinu bandari dagokionez esan, XVI. mendeko giroa islatu nahi dugula, garaiko baladen bidez. Euskal balada historikoak ditugu teatro-lan honen ardatz ikusgarria. Biolina izango da balada hauen lema.

 

Antzezpen honen sormenean aholkularitza jaso dugu, bai musika alorrean eta baita ikuspegi historikoa lantzeko ere: Ander Berrojalbizek laguntza eskaini digu musikan eta historia aholkularitza Xabier Alberdi eta Julian Diazengandik jaso dugu. Alberdi Elkano 500 Fundazioko Batzorde Zinetifikoko kidea da, eta Julian Diezek Aholku Batzordean parte hartzen du.

 

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, Elkano 500 Fundazioaren eskutik. Fundazioaren Patronatoa honako erakundeek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kosta Mankomunitatea eta Getariako Udala.

BIRA EGITEKO HELBURUA

Loradia Elkartearen helburua produkzio hau ahalik eta leku gehienetan ikusteko aukera izatea da eta bira egiteko helburua kontuan izanda antolatu da produkzioa.

 

Arrazoiak argiak dira: alde batetik, Juan Sebastian Elkanoren figura aldarrikatzea; bigarrenez, Euskal Herria itxastarraren izaera berreskuratu eta plazaratzea, belaunaldi gazteei jakinaraztea; eta, hauekin batera, gure historiaren pasarte ezinbesteko honen garrantzia nabarmentzea.

 

Horregatik, produkzio txiki eta jasangarria sortu da, baliabide tekniko gutxiekin eskaini daitekeena eta Euskal Herriko edozein txokotan eskaini daitekeena.