Loraldia Festibalak seigarren edizioa aurrera ateratzea lortu du eta balorazio positiboa egiten dugu

  • Loraldia Kultur Elkarteak festibalaren seigarren edizioa plazaratzea lortu dugu, udagoieneko tartean udaberrirako aurreikusitako programazio ia osoa berreskuratu dugularik.
  • Seigarren edizio honetan euskal kultur garaikidez blaitu gara Bilboko bihotzean. Udagoienean ere loratu da.
  • Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu sortzaile, babesle, kolaboratzaile eta publikoari. 

 

Loraldia Festibalaren seigarren edizioa plazaratu dugu oztopo guztien gainetik. Erronka ez zen makala. Martxoan gizartea eta mundua gelditu zenean gure festibala bertan behera geratu zen.

Ez dugu etsi eta irtenbideak bilatzeko gaitasuna erakutsi dugu. Festibalaren sentikari gehien gehienak estreinatu dira eta ikusleak beldur guztien gainetik gure ondoan izan dira.

Sormena gara eta nekez bizi gaitezke kultura barik. Horregatik Loraldia ezinbesteko plaza eskaintzen du. Seigarren urtez kultur garaikideak Bilboko erdigunea eta Euskal Herriko bihotza bereganatu du.

Bi unetan zatitutako edizio batean, martxoan hasi ginen, egin ahal izan genituen bi ekintza programatuetan aforo osoarekin. Martxoaren 10 eta 11ko ikuskizunak egin ahal izan genituen. Martxoaren 12an, kontzerturako dena prest zegoenean, Arriaga Antzokiak ateak ixtea erabaki zuen. Martxoaren 13an Loraldia Festibala bertan behera utzi behar izan genuen.

Udaberri eta uda osoan zehar lanean ibili ginen, seigarren edizioa berreskuratzeko aukera guztiak aztertzen.

Azkenean, irailaren 26a eta urriaren 22a bitartean egin ahal izan dugu.

Urriko bigarren edizioan, beste 17 ikuskizun berreskuratu ahal izan ditugu, eta ikuskizun guztietarako aforoak bete ditugu.

 

Seigarren edizioko berrikuntza: Esperientzia Digitala

Edizio honetan berrikuntza nabarmena baloratu behar dugu: esperientzia digitala. Hiru esperientzia burutu ditugu eta horien bidez Loraldiak jalgi egin du mundura.

Loraldia Udagoienean kimu berria landatu dugu eta modu presentzialean ezezik, onlineko formatoan zenbait ekintza garatu dutugu.

Lehenengo Esperientzia Digitalak abiatu ditugu esperimentu gisa. Pozik gaude emaitzarekin.

Ekintzen emisio digitala baino gehiago eskaintzea zen gure helburua eta horregatik Esperientzia Digitala izena jarri genion ekimen berriari. Esperientzia Digitalak presentzialen osagarri gisa sortu genituen, baina berezko eduki eta formarekin

Hauetan, eduki eta formato berritzailea garatu dugu: hamaika osagaiez sortutako zuzeneko saioak: 

  • Gure ikuskizunetako protagonistak zuzenean, ekintzan bertan
  • Ekarpenak egiteko gonbidatu ditugun beste lagun eta sortzaileak
  • Ikus-entzunezkoak
  • Publikoa. Bai bertan ekintzan gurekin egon dena ikusle moduan eta baita etxetik emisio hauen jarraipena egin izan dutenek.
  • Hauekin batera, aldez aurretik sare sozialen bitartez publikoari parte hartzea proposatu genion, bi ekintza sustatuz.

Ia 1500 ikusle bildu dira zuzeneko hitzordu digitalean eta sormenaz eta bizitzaz berba egin duten elkarrizketak eta kantaldiak gozatu dituzte.

Ekimenari hastapena eman diogu eta hurrengo ediziotara begira badugu nondik jarraitu.

Zuzenean gurekin presente egon zen publikoa aseturik geratu zen. Aparteko esperientzia da zuzeneko emanaldi batean parte hartzea eta sortzailea hurbiletik ezagutzeko aukera izatea.

 

Loraldia Festibalak egiten duen ekarpena

Erreferente bilakatu den Loraldia plaza ezin da galdu, gure herriaren bihozkadak batzen dituelako.

Sasi eta birus guztien gainetik eta kultura segurua den babesaren azpitik Loraldia Udagoienak egin du arrakasta handiz. Antolatutako emanaldi guztiak, 17 kultur hitzordu, burutu ditugu eta aretoak lepo izan dira, osasun alarma honek uzten duen neurriraino. 

Seigarren edizio honetan euskal kultur garaikidez blaitu gara Bilboko bihotzean. Udagoienean ere loratu da.

Martxoaren 10ean eman genion hasiera aurtengo festibalari eta udazkeneko urriaren 22an amaitu egin da. Udaberrian hasi eta udagoienean amaitu.

Behartutako etenaldian erabaki irmoa hartu genuen: Loraldiaren Plaza ezin genuen galdu. Horregatik oztopo guztiak gainditzeko lan eskerga egin dugu eta lanak emaitza ezin hobeak eman ditu.

Gure sortzaile profesionalentzat ezinbestekoa da gure plaza eta esan bezala, Loraldia mantendu da egoera zail honetan. Ehun bat sortzaile igaro dira Loraldiaren tauletatik eta agindu genuen bezalaxe gure sormen berritzailena eszenaratu da.

Sortzaileak erdigunean jarri ditugu. Gure geroaren artisauak diren einean, sortzaileek badute eszena profesional bat Loraldian. Baldintza guztiak eta berme guztiak eskura jarri dizkiegu.
Sortzaileei eskertu nahi diegu euren adorea eta prestutasuna Loraldia ikusgarria eta zirraragarria plazaratu ahal izateko. 

Festibala arte arloen bidegurutzea izan da berriro ere. Poesia berriaren kabia, Musika esperientzia zirriragarrien agertokia, Literaturaren sormen eremua, Dantza esperimentalaren harrobia, Teatroaren sormen lantegia, Bertsolaritzaren kaia, Performanceren babes tokia, Digitalizazioaren abiapuntua… Loraldiaren hamaika leku artistiko hauek Bilboko 8 areto bete dituzte. 

Udazkeneko euriarekin batera, garaikidea ari du Loraldiaren lurraldeetan. Sormen arriskuak hartu ditugu eta ikusleek onetsi eta eskertu dizkigute.

Horregatik Festibalak eskerrak eman nahi dizkie bertaratu diren guztiei. Beldur eta oztopo guztien gainetik 1.700 ikusle izan ditu Festibalak. Aretoen %98 bete dugu eta bizi izan ditugun emozioak oso gogotsuak izan dira.

Loraldia segurua izan dela (gaur egun kulturgintzan antolatzen diren ekinaldi gehienak bezalaxe) argi eta garbi agertu da, ez baita inolako gorabeherarik izan. 

Eta, zeresanik ez, eskerrak eman nahi dizkiegu baita ere gure babesle diren Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxari. Horrelako laguntzarik gabe ezinezkoa da kalitatezko festibalarik antolatzea.

 

Lorazainak

Publikoaren zati esanguratsua da Lorazainen komunitatea. Komunitate hau aurten ere hazi da eta gaur egun ia 1500 lorazain biltzen dira festibalaren baitan. Iaz baino 400 gehiago.

Biziki ederra izan zen Lorazain Egunean bizitakoa. Thierry Biscary musikari nafarraren Muda proiektuaren doinu gozoekin lorazainok ospatu genuen gure kulturaren bizia.

 

Balorazio artistikoa

Akordu gozoak eta argitsuak ditugu urte ilun eta triste honetan. Udaberrian hasi ginen Loraldiari ekiten. Bi lore baino ez, baina biak lirainak.

Joseba Martin kazetariak euskal musikagintzaren azken 200 urte ordu eta erdian laburbildu zituen. Iparragirrerekin hasi eta Mikel Urdangarinekin bukatu. Berbaldi hauek transmisioaren arloan kokatzen dugu. Atzera begirada hau beharrekoa baita geroa eraikitzeko.

Bigarren emanaldian “Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari” kontzertu eszenikoa estreinatu genuen Arriagan. XIX. mendean ibili zen bardoaren bizitza emankorrari begirada feminista erantsi genion. Iparragirre neskazale amorratuaren itzala heldu zaigu eta garai hartako emakumeen iritzia ezagutzea ariketa aberasgarria zelakoan geunden. Mitoak desmontatzen ere ez da lan makala. Urretxuko kantariaren melodiak gaurkotu eta begirada kritikoa plazaratu genuen Loraldiaren zabalera egunean.

Geroago gure produkzio hau, Tanttaka eta Demode Quartetekin elkarlanean egindako antzezlana, Euskal Herrian zehar ari da zirkuitatzen: Urretxu, Astigarraga, Donostia… Loraldia Bilbotik Mundura abiatzeko asmoari helduz.

Irailaren azkenetan, Iñigo Astizen poesiarekin eman genion hasiera udagoienari. Analfabetoa liburuaren “Hogeita bat” poema luze bezain mamitsuarekin zabaldu genuen festibalaren berabiaratzea. Afera ez da nora goazen, noiz arte baizik. Mezu apokaliptiko honekin gure barruak astidu zituen. Mundu honen kontraesanak eta zentzugabekeriak azalerazi zituen. Arestik esango zuen bezalaxe, poesia mailu bat da. Iñigo Astizen ekinaldi poetikoan mailu horrek ondo ederto kolpatu gintuen.

Elkar Fundazioaren laguntzarekin bi emanaldi interesgarri izan dira edizio honetan. Alde batetik gure folk musikaren mito bat: Xabier Leturia panderojolea. Panderoa jotzeko metodo berri batekin etorri zen eta bere berrogei urteko eskarmentuaren abenturak eta desbenturak kontatu zizkigun. Sutondoan izango bagina bezala, solasaldi atsegin eta argigarria izan zen. Gero, Itasmuseumen atarian metodoa barra barra saldu zuen etorritako pandero zaleen artean.

Bestetik, Mikel Sotoren lehen poema bilduma. Berarekin batera  bi lagun etorri ziren errezitatzera: Galder Perez eta Irati Jimenez. Minaren salaketa entzun genuen garrasi ixilean.

Zinegoak jaialdia eta La Fundicion aretoarekin elkarlanaren ondorioa “Lurrun Minez” antzezlanaren estreinaldia izan genuen. Bi festibalek eta sormen leku batek bat egiten dute Galder Perez antzerkigilearen testu bat plazara eramateko. Erronka ederra zen. LGTBIQ+ lurraldean kokatzen den sormen honek ez zuen inor hotz utzi. Jelosia gaiari tiraka teatrolanak gure begiak zabaldu zituen, askotan iluntasunean geratzen diren giza jarduerak azaleraziz. Nabarmendu beharrean gaude zuzendaritza, ikuskizunari ikuspegi oso original bat eman ziolako.

Noam Chomskyren Manipulazio Estrategiak festibalaren gailurretako bat izan da. Petti kantariak Harkaitz Cano idazlearekin batera oso lan musikal bikaina sortu du. Kontzertua biziki ikusgarria eta zirraragarria izan zen. Hamar musikari oholtzan. Joseba Irazokiren gitarra lagun, Juantxo Zeberio pianoan eta soka laukote bat eta guzti.

Kontzertu ostean “Kanta batek mundua eralda dezake” esperientzia digitala antolatu genuen. Bertan sortzaileek sormenaz, munduaz, etorkizunaz… egin zuten berba. Gogora ekarri dugu Harkaitz Canok emozioa eta sentimenduen arteko ezberdintasuna azaldu zuen unea. Zaldi emozionalak ote gara. Chomskyk ere egin zuen berba aurretik grabatutako korte txiki batean. Musikak bakarrik ezin izango du mundu eraldaketa egin, baina eraldaketa guztietan musika izan da bidaide.

20 urte bete du Alos Quartet musika taldeak eta ospakizun honen azken geltokia Loraldian izan da. Festibalean eskaini zuen ikuskizuna biziki ikusgarria izan zen. 20 sortzaile oholtzan. Gonbidaturiko musikari nabarmenak: Oreka TX, Natxo De Felipe, Anton Latxa, Bixente Martinez… eta mugimendua emateko dantzari talde bat. Ikuskizun osoa eta kalitate handikoa. Euskalduna izatearen harrotasuna bizten duen horietakoa. Klasikoa eta folk berriaren bidegurutzean Alos Quartetek bide garaikideak zabaldu ditu eta gure etorkizunaren zerumugarantz abiatzen dira.

Euskal Herriko lurralde guztietatik datoz Loraldiaren kultur artisauak. Horregatik, Lapurditik ekarri genuen Mizel Theret dantza koreografo emankorra. Bizitza oso bat eman dio dantzagintzari. Orain, eskarmentu handia metatu ondoren esperimentazioari ekin dio. Loraldiak eskaini zion estreinaldiaren lekua eta pilotariaren esku mugimendua abiapuntua harturik koreografia esperimental bezain harrigarria eskaini zuen. Abangoardia eroso sentitzen da gure festibalean eta ikusle berriak erakartzeko baliogarria da.

Hariak” sentikariak lau emakumeren bizitza puskak kontatzen zituen. Yoseba Peña idazlearen izen bereko liburutik dator ikuskizuna. Hiru sortzaile eszenan: kontalaria (emakumeen bizitza bortitzen lekukotasunen ahotsa), kantaria (emakumeei eskainiko kanta hunkigarriak) eta bertsolaria (poesia bihur ziren bertsoak). Sentikari gordina. Salataria. Bihotz barruetan ziztada ematen duena.

Sei urte daramagu literatura, bertsolaritza eta musika uztartzen ikuskizun berean. Aurten literatur testua Garbiñe Ubedak jarri zuen, “Zaharkitze programatua” izenburu pean Maddalen Arzallusek eta Onintza Enbeitak bertsoak eta soinu banda Don Inorrezen eskutik zetorren. Ironiaren unibertsoan murgilduta, sortzaileek geure buruari barre egin zuten. Homo sapiens sapiens edo homo artaburu artabaru agertu ziren Guggenheimeko eszenatokian. Zentzu asko gabeko gizarte honen ispiluan jarri gintuzten. 

Literaturarekin jarraituz, Miren Agur Meabearen txanda etorri zen. Idatzitako azken poemak plazaratu zituen. Baina ez zegoen bakarrik. Amorante eta Aitor Gametxo, musika giroa eta ikus-entzuneko irudiak, hurrenez hurren, zituen bidaide. Miren Agur Meaberen mundua ez zen erraza. Minez beteriko mundua, alegia. Iluna eta sentibera. Wendy eta Peter Pan. Amodio galduak. Poesiak astindu gintuen barruraino.

Bob Dylan ere poeta da eta haren idazkiek Nobel saria irabazi zuten. Loraldian euskarara ekarri genituen eta kanten testuak entzun ziren, zeruko ateetan jotzen diren bezalaxe. Euri latza eroriko zelakoan, Dylan unibertsoak gazte denborak gogora ekarri zizkigun. Beti gazte!

Thierry Biscary bide berriak zabaltzen ari da gure herri musikan. Lehen Manex eta Kobreak izan ziren, orain Muda. Bi proiektu eder eta berritzaile. Muda estreinatu genuen mandolina, gitarra eta kontrabaxuen artean. Emozio festa handia izan zen. Kalitate handikoa. Edertasunaren enbajadorea. Festibalak goia jo zuen eta ikusle askorentzat (egun horretan denak lorazainak ziren) deskubrimendu handia.

Iparraldetik datozen sortzaileak Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin eszenaratzen dira. Elkarlana baita gure nortasunaren ezaugarrietako bat. Eragile askorekin egiten dugu lan eta horren emaitza da festibalaren arrakasta.

Azken txanpan sarturik Mikel Urdangarin kantugilearen azken ausardia zetorren. Sortzailea eta pianoa, aurrez aurre. Urdangarinek aitortu zuen bezalaxe norabide bakarreko maitasuna zegoen. Baina pianojole bikaina ez izan arren, Mikel Urdangarin gai izan da pianotik abiatzeko eta haren kanta ederrak dimentsio berri batera eramateko. Ikusleek zutik txalotu zuten kantariaren arriskua. Gau magikoa izan zen. Xumea eta gardena. Gure bihotzaren soinu banda.

Urdangarinekin, hain zuzen, hirugarren esperientzia digitala burutu genuen eta nabarmedu beharrean gaude Ilaski Serrano eta musikariaren arteko konplizitatea, “Gure herriaren eta bihotzaren soinu banda”. Hitz aspertu luzea ikusi ahal izan genuen bide digitaletik eta Urdagarinen sormena egiteko joeran sakotzeko aukera eman zuen, 90 minutu berbetan eta bost kanta zuzenean jotzen zuen bitartean. Esperientzia interesgarria eta emankorra, zalantzarik gabe.

Festibalak “Muga” izeneko proiektuarekin amaitu zen. Orain dela 40 urte Xabier Montoiak idatzi zituen poemek bigarren bizitza bat izan dute. Oraingoan melodia bihurturik, ikuspegi garaikide hartu dute denboran zahartu ez diren testu poetikoak. Modernitatean gaudela berresten duen ikuskizun honek festibalaren atea itxi zuen.

 

Zazpigarren ediziorantz

Osasun alarmaren bilakaerak mugatuko du datorren udaberriko festibala. Gu ari gara eta ez dugu etsiko!

Ohi den legez martxoan izango da. Martxoaren 9tik 28ra bitartean euskal kultura garaikidea loratuko da zazpigarren urtez.

Zazpi zenbaki magikoa dela kontuan harturik egitaraua magiko bat prestatzen gabiltza.

Datorren udaberriaren zain.