Loraldia Festibalak Teatro Eguna ospatuko du Izotza apurtzen den ertza lanaren estreinaldiarekin

Martxoaren 27an Teatro Eguna ospatzeko Loraldia Festibalak bi ekintza prestatu ditu.
Aizpea Goenagak euskal teatroari buruzko testu bat irakurriko du; Gorka Benitez saxojoleak jarriko du musika. Ondoren, Izotza apurtzen den ertza antzezlana estreinatuko da.
Izotza apurtzen den ertza Olatz Beobide eta La Cuerda Teatroaren ekoizpena da; dramaturgia Eva Redondoren sormena da.

  • Martxoaren 27an Teatro Eguna ospatzeko Loraldia Festibalak bi ekintza prestatu ditu.
  • Aizpea Goenagak euskal teatroari buruzko testu bat irakurriko du; Gorka Benitez saxojoleak jarriko du musika. Ondoren, Izotza apurtzen den ertza antzezlana estreinatuko da.
  • Izotza apurtzen den ertza Olatz Beobide eta La Cuerda Teatroaren ekoizpena da; dramaturgia Eva Redondoren sormena da.

 

 

Martxoaren 27an Teatro Eguna ospatzen da eta data honek Loraldia Festibalaren 5. edizioarekin bat egiten du. Horregatik, Loraldiak egitarau berezia prestatu du egun horretarako.

Bi ekintza izango ditugu martxoaren 27an Campos Antzokian: Aizpea Goenaga sortzaile eta aktoreak euskal antzerkigintzaren inguruko testu bat sortu du eta bertan irakurriko du; ondoren, Izotza apurtzen den ertza antzezlanaren euskarazko estreinaldia izango dugu.

 

Aizpea Goenaga

Loraldia Kultur Elkarteak Aizpea Goenaga sortzaile eta aktoreari eskatu zion egun hau ospatzeko idazki bat prestatzeko.

Goenagak euskal antzerkia eta euskaraz sortutako teatroaren historia birpasatuko du, ikuspegi aldarrikatzaile batetik abiatuta.

Pedro Ignazio Barrutiak 1750.ean idatzitako Gabonetako ikuskizuna antzezlanetik hasi eta gaur egunera arte euskarazko antzerkigintzak izan dituen mugarri eta une garrantzitsuak birpasatuko ditu. Goenagak errekonozimendua eta aldarrikapena azpimarratu nahi ditu: alde batetik, ikustezinetatik hasi eta aurrekariek egindako lana azpimarratu; bestetik, gaur egun ere dauden gabeziak eta beharrak aldarrikatu. Tartean, ikuspegi ezberdinak landuko ditu: emakumearen presentzia, itzulpengintza edo arlo profesionala, besteak beste.

Aizpea Goenagaren irakurketak Gorka Benitez musikaria izango du lagun. Saxojoleak musika jarriko dio ekintzari.

 

Izotza apurtzen den ertza

Goenagaren irakurketaren ondoren Izotza apurtzen den ertza antzezlanaren estreinaldia izango dugu.

La Cuerda Teatro konpainiak antzezlan honen euskarazko bertsioa aurkezten du. Iruñean gaztelaniazko bertsioa estreinatu eta ondoren urtarrilean euskarazko bertsioaren aurre estreinaldia egin zuten.

Eva Redondoren dramaturgia eta zuzendaritza da eta Olatz Beobide eta La Cuerdaren ekoizpena. Oholtzan, hiru emakume: Maitane Pérez, Maider Lekumberri eta Olatz Beobide.

Iruñeako Bernues anaien Acronica produkzioak sortu ditu antzezlana irudikatzen duten ikus-entzunezkoak, eta musika Pascal Gaigne konpositorearena da. Zinez aipagarria Edi Naudok proposatzen duen eszenografia.

Antzezlan honek giza esplotazioa eta biziraupena ditu ardatz.  Esplotazioari buruz hitz egiten duen proposamen honek modu irekian hartu du gaia;  esplotazio sexuala eta giza esplotazioa azalduko ditu baina baita munduaren eta inguru giroaren esplotazioa ere… azken finean, galdera bat planteatuz non dago muga ustiapena eta biziraupenaren artean? Hiru emakume, bizimodu eta baldintza ezberdinetan.

Erika argazkilari gazteak National Geografic-en lan egitearekin amesten du, eta Siberia iparraldera joan da, han inauguratu berri duten gas natural likidoaren fabrikak ingurumenean eragiten duen kaltea dokumentatzera. Siberian, desegiten ari den habitat batean, amona-bilobak bizirauteko borrokatzen dira. Erikarentzat fabrika ekosistemaren kontrako mehatxua baldin bada ere, atsoarentzat eta gaztearentzat diru-iturri nagusia da.

Ideia originala La Cuerda Teatroarena da. Inspirazio iturri gisa Gabriel García Márquezenen errelato bat izan dute, amonaren eta bilobaren arteko harremanak hor du abiapuntua. Ondoren Eva Redondok gidatutako sorkuntza prozesua egin zuten lau emakumeok. Emaitza Eva Redondok idatzitako dramaturgia dugu.

 

La Cuerda Teatro

Maider Lekunberri eta Maitane Pérez aktoreek sortu zuten La Cuerda Teatro konpainia. Izena, sokaren ideiatik abiatuta, hari-harian egotearen sentsazioa.

Flores arrancadas a la niebla antzezlana izan zen bere lehen ekoizpena, Arístides Vargasen testu batean oinarrituta; lan honekin hiru urtez biran ibili ziren nazioartean, Argentinan batez ere.

Donde el hielo se rompe antzezlana izan zen hurrengoa, oraingoan aurkeztuko duten gaztelaniazko bertsioa.

Bai Maider Lekunberri eta bai Maitane Pérezek ibilbide luzea egin dute antzerkigintzan eta zenbait taldetan parte hartu izan dute.

 

Olatz Beobide

Olatz Beobide donostiarra aktorea, zuzendaria eta ekoizlea da.

Antzerkigintzan, zineman eta telebistan hamaika proiektu ezberdinetan parte hartu izan du eta nazioartean ere lan egin izan du.

Teatroan hainbat lan aurkeztu ditu, besteak beste, Nacidos culpables, Oleanna, In fraganti edo Kreazko kaukaziar Borobila. Azken bi urteetan Nomofobikak izan du esku artean. Ibilbide luze honetan hamaika konpainiekin lan egin du: Ttantaka, Ados, Bederen 1, Theatre de Chimeres, Theatre du Rivage eta orain La Cuerda teatroa.

Beobidek antzerkigintzaren ikuspegirik berritzaileenak lantzen ditu eta azken urtetan ingurune digitalarekin bat egiten, interneterako proiektu ezberdinak sortu ditu. Horrela jaio dira , Nomofobikak eta Gutuberrak serie digitalak..