Loreak eta zauriak. Xabier leteri kanrati: omenaldia egingo dio Loraldia Festibalak diziplina-arteko emanaldiarekin

  • Martxoaren 11n izango dugu Loreak eta Zauriak. Xabier Leteri kantari izeneko ekitaldia Arriaga Antzokian. 
  • Xabier Leteri omenaldia egiteko asmoz, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Pugès izango ditugu oholtza gainean.
  • Diziplina-arteko emanaldia izango da, bertsoak, kantuak eta hitzak uztartuko baititu.

Loraldia Kultur Elkarteak “Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari” izeneko emanaldia aurkezten du, Loraldia Festibalaren 7. edizioaren baitan dagoen proposamen artistikoa.

Martxoaren 11n “Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari” izeneko ekitaldia izango dugu Arriaga Antzokian. Xabier Lete omendu nahi duen diziplina-arteko emanaldia da. Izan ere, lehenengo kantuak idatzi zituen garaiaren eta gaur egungo munduaren arteko elkarrizketa gorpuztuko du.

Horretarako, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Pugès izango ditugu oholtza gainean, ikuskizuna bertsoz, kantuz eta hitzez josteko.

Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari

“Loreak eta zauriak” Xabier Lete omendu nahi duen diziplina-arteko emanaldi bat da.

Leteren kantuak gogoratzeaz gain, gaur egun bizi dugun jendarteari begiratuko dio “Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari” ekitaldiak, bere kantuen eta melodien bidez. Bertsoz, kantuz eta hitz lauz 1970eko hamarkadatik 2021era egingo dugu salto, bizitzatik heriotzara eta ”ni”-tik “gu”-ra. Modu horretan, Xabier Letetik gugana bidaiatuko dugu.

Hortaz, omentzeaz gain, elkarrizketa bat gorpuztu nahi du emanaldiak, Xabier Letek lehendabiziko kantuak idatzi zituen garaiaren eta gaur egungo munduaren artean. 

Xabier Lete 

Xabier Lete Bergaretxe Oiartzunen jaio zen, 1944ko apirilaren 5ean, eta Donostian hil zen 2010eko abenduaren 4an. Euskal idazle, poeta, kantari eta politikaria izan zen. 

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa izan zen, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera. 

Baina bereziki, idazlea zen Xabier Lete, horregatik erabili dituzte bere hitzak kantari askok.  Artikuluak idazten zituen Zeruko Argia aldizkarian, eta 1968an bere lehen poemategia argitaratu zuen: Egunetik-egunera orduen gurpilean. 

2009an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen bere azkenengo poema-liburuagatik: Egunsentiaren esku izoztuak. Horrez gain, lan izugarria egin zuen bertso zaharrak berreskuratzen.