Sistiaga sortzaile abangoardistatik Loraldira; bideo baten istorio polita

Zelan laburbildu irudietan Loraldia Festibalaren esentzia? Nola transmititu Loraldiak egiten duena? Euskal Herriko Unibertsitateko HAUAZKENA taldeak irudi animatu baten bidez egin du eta opari ederra egin digu. Lanak, gainera, badauka euskal sortzaileei eta euskal kulturaren ikuspegirik abanguardistenari lotutako istorio propioa. Atzera egingo dugu denboran eta istorio hau kontatu. Ezagutu nahi duzu?

40 urteko ibilbidea egingo dugu. Bazatoz?

Sormen honen iturria

1978ra itzuli behar gara bideo honen sormen orijinala ezagutzeko. 

José Antonio Sistiagak, euskal abanguardiako artista eta GAUR taldeko kidea izan zenak, De la luna a Euskadi filma egin zuen. Sormenezko proposamen berritzailea izan zen hura, kamararik gabeko teknika erabili baitzuen, hau da, zeluloidean bertan pintatuta.

De la luna a Euskadi Bilboko ZINEBI jaialdian aurkeztu zen eta sari bat irabazi zuen. Baina, zoritxarrez, filma galdu egin zen.

Esan beharra dago, gainera, De la luna a Euskadi Sistiagaren beste lan baten hazia izan zela; eta ez edozein: 1968an Sistiagak Ere erera baleibu icik subua aruaren… film luzea sortu zuen. Oso film luze bakan da eta, sormenaren ikuspegitik, berritzailea eta bakarra: eskuz margotutako film luze artistiko esperimental bakartzat jotzen da oraindik ere eta 1970. urteaz geroztik hainbat jaialdi, museo eta filmetegitan erakutsi da. 2000. urtean Parisko Georges Pompidou Zentroak erosi zuen filma.

Eta 40 urte geroago En la luna

2018ra gatoz berriro eta De la luna a Euskadi lanaren 40. urteurrenean, Euskal Herriko Unibertsitateko HAUAZKENA taldeak hau ospatu eta Sistiaga omendu nahi izan zuen.

Sistiagak pelikularen sormen prozesua kontatzea eta filma hori taldekideek berriro marraztea otu zitzaien, bertsio berri bat sortzea. Iparraldera abiatu eta Sistiagak kamara aurrean pelikularen historia gogoratu eta bizipenak kontatu zizkion HAUAZKENA taldeari.

En la luna filma sortu zen horrela, Sistiagak kontatutakoa lau hilabetez  fotogrametan margotuz lan berri bat gauzatu zuten.

Izenburuak Sistiagak erabiltzen duen gaztelerazko espresioari egiten dio men, kulturaz arduratzen diren funtzionariez ganorabakokeria zalatzeko; eta HAUAZKENAk esamoldea bere horretan mantendu nahi izan du.

40 urte ondoren ZINEBIra itzuli zen sormenezko proiektu berritzaile hau eta 2018ko edizioan En la luna aurkeztu zen Sistiagaren omenez egindako saioa berezian. 

Loraldirako bideora heltzen gara…

En la luna filma egiteko HAUAZKENAk sorkuntza laborategia muntatu zuen. Bertan irudi uzta oparoa sortu zuten.

Irudi hauek izan dira orain Loraldiarentzat bideo labur hau egiteko erabili izan dituztenak. Teknika anitzak erabilita, tartean kristal baten gainean urtutako material pigmentoak, argi ezberdinekin grabatuak.

Soinua, bestalde, Beñat Achiaryren aspaldiko irrintzi esanguratsua da, baina ez nolanahikoa: Sisitagak berak bere Impresiones en la alta atmósfera (1989) filman, orain 30 urte, erabilitako bera da eta.

Bideoa ikusi nahi duzu?

 

 

HAUAZKENA taldea

HAUAZKENA Euskal herriko Unibertsitatetik sortu den hiru belaunadietako 20 inguruko artista animatzaileen talde aldakorra da, tartean bildu eta proiekturen bat burutzen dutenak; besteak beste, hauek izan dira taldeak sortutako lanak: Beti bezperako koplak (2016), Areka (2017) eta Miraila (2018).

Loraldia bideoa Hauazkena taldea