Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaia ikuskizuna eskainiko du Loraldian, Munduko poesia kaierak bildumaren 30. zenbakiaren harira

Martxoaren 21a Munduko Poesia Eguna da. Loraldia Festibalak martxoaren 23an ospatuko du, Susa argitaletxea eta Bilbao Poesiarekin elkarlanean.
Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaia emanaldia aurkeztuko du Loraldiaren baitan; Munduko Poesia Kaierak bildumako 30. zenbakiaren harira sortutako ikuskizuna.
Munduko Poesia Kaia emanaldiak poesia, dantza eta antzezpena uztartuko ditu. Jose Luis Otamendi, Noemi Viana eta Iraia Elias oholtzan;  Idoia Beratarbide eta Oier Guillanek ikuspegi eszenikoa eskaini dute.

  • Martxoaren 21a Munduko Poesia Eguna da. Loraldia Festibalak martxoaren 23an ospatuko du, Susa argitaletxea eta Bilbao Poesiarekin elkarlanean.
  • Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaia emanaldia aurkeztuko du Loraldiaren baitan; Munduko Poesia Kaierak bildumako 30. zenbakiaren harira sortutako ikuskizuna.
  • Munduko Poesia Kaia emanaldiak poesia, dantza eta antzezpena uztartuko ditu. Jose Luis Otamendi, Noemi Viana eta Iraia Elias oholtzan;  Idoia Beratarbide eta Oier Guillanek ikuspegi eszenikoa eskaini dute.

 

 

Munduko Poesia Eguna da martxoaren 21a. Egun hau aukeratu da, hain zuzen ere, urtemuga ospatzeko Loraldia Festibalaren egitarauaren baitan Susa argitaletxeak eskainiko duen Munduko Poesia Kaia emanaldiaren aurkezpena egiteko.

Ekintza honetaz gain, Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bildumako azken bi lanak aurkeztu ditu.

Aurkezpena Bilboko Itsas Adarra Itsas Museoan burutu da eta honako hauek parte hartu dute: Oier Guillan, Munduko Poesia Kaia ikuskizunaren arduraduna; Beñat Sarasola, Susa argitaletxean Munduko Poesia Kaierak bildumako editorea; Garazi Arrula eta Ion Olano, Munduko Poesia Kaiera bildumako azken bi lanen itzultzaileak; eta Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna.

 

Munduko Poesia Kaia

Munduko Poesia Kaia emanaldiaren harira sormen prozesu esperimentala abiatu du Susa argitaletxeak. Lehenik eta behin, Munduko Poesia Kaierak bildumako material oparoa baliatu du: 30 poeta, 30 idazle, 30 itzultzaile dira orain arte bildu direnak.

Beñat Sarasola bildumako editorea izan da sormen prozesuko lehen urratsa ematearen arduraduna: kaiera bakoitzeko poema bat aukeratu du emanaldian pentsatuta, nolabaiteko antologien antologia bat eginez.

Editoreak aukeratutako sortaren gainean jolas esperimentala hasi da. Oholtza gainean hiru munduk egin dute topo estreinako aldiz: Jose Luis Otamendiren poetaren errezitatzaile ahots trebatua, Noemi Viana dantzari garaikidearen gorputz koreografia basa, Iraia Elias aktorearen teatro fisikorako eta umorerako joera. Kanpotik Idoia Beratarbide eta Oier Guillan jardun dira kanpo begirada lanetan, proposamen plastiko eta espazialak egiten lehenak, proposamen dramaturgikoak eta aktoralak bigarrenak.

Sormen prozesua giro onean, elkar ulermen kreatibo eta errespetu sakon batekin eman da. Pasaia eta Orereta artean, Susa argitaletxeko kideen konplizitatearekin une oro. Ez kasualitatez, harremanen amaraunak elkarrengandik gertu ibiltzera eraman ditu sortzaile hauek, baina orain arte ez zen eman elkarrekin modu honetan lan egiteko aukera: Otamendi eta Guillanek Susarekin plazaratu izan dituzte haien poesia liburuak, Vianak eta Eliasek banaka ibilbide luzeak izateaz gain (Anakrusa  eta Ttak taldeetan besteak beste, hurrenez hurren) Metrokoadrokaren proiektuetan parte aktibo izan dira (baina ez biak fisikoki elkarrekin), Beratarbidek Susako azal batzuk egiteaz gain Metrokoadrokako koordinatzailea da eta taldeko proiektu guztietako izaera estetikoa gidatzen du, Metrokoadroka kolektiboak halaber Otamendiren poemak erabili izan ditu hainbat lanetan (Hautudeterminazioa 2015ean, metrokoadrobat 2008an). Susak botatako amuari esker ez ohiko elkarlanean dabiltza sortzaile hauek.

Emanaldi xumea izango da Munduko Poesia Kaia, baina zintzoa eta ez ohiko proposamenez betea. Intimoa eta gertukoa izango da, publikotik oso gertu emango da, baina errezitaldiaren ideia ez ohiko moldez aurkeztuz, gorputza eta poesia bisuala gehituz kaierek dakarten hitzen berezko indar ebokatzaileari.

Itzulpen lana dira Munduko Poesia Kaierak, eta ikuskizun hau ere nolabaiteko itzulpen lana dela pentsatzea gustuko dugu: gorputzaren, ahotsaren, poesia bisualaren hizkuntzara itzuli ditugu bildumako hitzok.

 

Azken bi Munduko Poesia Kaierak

Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bildumako azken bi lanak aurkeztu ditu.

Cesare Pavese (Santo Stefano Belbo, 1908 – Torino, 1950). XX. mendeko idazle italiar handienetakoa, euskaraz sarrien itzuli den poetetako bat da.

Oraingoan, lehen aldiz, hari dedikatutako euskarazko lehen poema-liburua da antologia hau. Bere garaian nagusi zen poesia italiar kriptikoaren aldean, askoz ere poesiagintza narratiboago bat garatu zuen, batez ere Lavorare estanca (Lan egiteak nekatzen du) liburu erreferentziazkoan. Gerorako beste poemak amodiozkoagoak dira, eta horietako bat da ziur aski bere poema ezagunena: Etorriko dun heriotza hire begiz.

Itzultzailea: Ion Olano Carlos.

 

Idea Vilariño (Montevideo, 1920 – Montevideo, 2009). Uruguaiko “45ko Belaunaldia” deritzoneko poeta handienetako bat. Belaunaldi kide gizonezkoen (Juan Carlos Onetti, Mario Benedetti) gerizpean egona  urtetan, poesia idazteko dohain berezia erakutsi zuen gaztetatik. Mota ugaritako poemak idatzi zituen, amodio eta desamodiozko poema ederretatik soslai sozialagoa duteneraino, baina bikaintasunez beti. Poeta ez ezik itzultzaile aparta izan den halaber.

Itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz.

Munduko posia kaia - aurkezpena