Udagoienean loratuko da sormena Bilbon, Loraldia Festibala Loraldia Udagoiena izango da

Gaur goizean aurkeztu da Loraldia Udagoeina, osasun alerta dela eta, Festibalaren seigarren edizioa gelditu eta sei hilabetera. 

 

  • Osasun alertak Loraldia Festibalaren seigarren edizioa gelditu eta sei hilabetera, Loraldia Udagoiena ospatuko da, irailaren 26a eta urriaren 22ra bitartean.  
  • Berritasun bat dakar Festibalak: hiru eguneko esperientzia digitala eskainiko du, oraingo mugak gaindituz.  
  • Festibalaren antolatzaileek adierazi dutenez, segurtasun neurriak errespetatuko dira une oro. Hala, euren helburu nagusia modu seguru batean bete nahi dute: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea. 

 

Gaur goizean aurkeztu da Loraldia Udagoeina, osasun alerta dela eta, Festibalaren seigarren edizioa gelditu eta sei hilabetera. 

Udagoienean loratzen da lema pean Loraldia Kultur Elkarteak onlineko aurkezpena egin du, haren webgune eta YouTubeko kanaletik jarraitzeko aukera eman izan duela. Aldi berean Meet-en elkarrizketa bat zabaldu du Loraldiak, kazetarien zalantzak argitzeko.

Bideoz hartu dute parte babesle diren erakundeen izenean, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak; eta Juan Mari Aburto, Bilboko Alkateak.
Loraldia Festibalaren aldetik, Imanol Agirre, zuzendari artistikoak eta Amaia Ocerin, komunikazio arduradunak parte hartu dute.
Hauekin batera, festibalean ekintzen bat burutuko duten zenbait artistek bideoak bidali dituzte baita ere.

Ez da izan erreza, baina “sormena da irtenbidea” leloa aldarrikatu eta Festibala berreskuratu da. Hala, Loraldia Festibaleko Udagoieneko edizioak euskal kultura izango du oinarri. Urtero legez, Loraldiak ezin baitu sortzaileen aldeko lana bazterrean utzi. Euskal Herriko zein nazioarteko pertsonak ekarriko ditu gurera, Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik. 

Irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da udazkeneko Festibala. Oraingo honek, gainera, berrikuntza izugarria dakar, hiru eguneko esperientzia digitala. 

 

Esperientzia digitala

Osasun krisia dela eta, Loraldia Udagoiena jaialdiko ikuskizunak mugatuta daude, edukiera mugatuta dago, kultura gozatzen dugun pertsonen arteko harremana mugatuta dago, eta proposamenak sortzen dituzten pertsonekiko eta artistekiko hurbiltasuna mugatuta dago.

Baina Loraldia Udagoienak gaurko sasoi likidoei erantzun nahi die. Hori dela eta, berrikuntza batekin dator. Ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, esperientzia digitala eskainiko du. Teknologiari esker mundura jalgiko da Loraldia. Izan ere, aro berriari bide berriak dagozkio. 

Esperientzia Digitala izena eman dio proposamen berriari Loraldia Kultur Elkarteak, streaming bidezko ekintza eta ikuskizunen erretransmisioa baino gehiago izango direlako.
Programa berri honen parte izango diren ekintzek badute nortasun propioa eta presentzialen osagarri dira.

Hiru eguneko esperientzia digitala izango da. Ekitaldiak ikusi eta gozatu ahal izango ditugu Loraldiaren eta EITBen web orrialdeen bidez. Hortaz, mundu osoaren eskuetan egongo da gure kultura garaikidea.  

Lehenengoa urriaren 4an izango da, Kanta batek mundua eral dezake? galderari erantzuten saiatuko gara. Noam Chomskyren “Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak” abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano idazlearen, Petti musikariaren eta Ana Galarraga aurkezlearen arteko solasaldia izango da. 

Horrez gain, esperientzia digital honen bidez, Manipulazio Estrategiak kontzertuko hamaika kantaz gozatzeko aukera izango dugu. Solasaldiak, kantak… eta parte hartzeko aukera.

Bigarrena urriaren 8an. Alos Quartet izeneko laukoteak Lau izeneko diskoa kaleratu du aurreko urtean eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatuko du Loraldia Udagoienean.
Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte: alde batetik, Aukera Dantza Konpainia, sustraietatik sortzen diren soinuei kolore eta mugimenduz janzteko; bestaldetik, Amaia Elizaran, dantza garaikidearen irudimena eszenaratzeko. Eta, beraiekin batera, musikari algun apartak: Oskorri taldeko kide ohi batzuk, Gorka Hermosa eta Aitor Etxebarria, besteak beste.  Ikuskizun osoa zuzen zuzenean emango da streaming bidez. 

Hirugarrena eta azkena urriaren 18an izango da, Gure herriaren soinu banda lema pean. Mikel Urdangarinek solasaldia eta kontzertua eskainiko du, lehenengoa Ilaski Serranoren laguntzaz.
Kantautorea lehenengoz bakarrik pianoarekin arituko zaigu oholtzan iluntzean eskainiko duen kontzertuan. Eta goizeko saio digital berezi honetan aperitibo txikia izango dugu, solasaldi eta musikarekin.
Horrez gain, hitzordu honetan ez dira faltako lagunak: Karmele Jaio, Elizabeth Macklin eta Txani Rodriguez. 

Bide digital horiek, edukiera-mugak ezartzen duena baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango dute. Finean, mundu interaktibo baten bidez eta parte-hartzearen bidez, sareetatik kalera eta kaletik sareetara bidaiatzea ahalbidetuko digu esperientzia digitalak. 

Gainera, esperientzia hau publikoaren ekarpenarekin osatuko da, sare sozialen bidez Loraldiarekin batera parte har dezan botako dizkien proposamenen bidez.

 

Loraldia Udagoiena Festibala

Esperientzia digitalak eskainiko dituen ikuskizunez gain, ohiko zuzeneko hamaika ekitaldi izango ditugu. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Udazkeneko edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, artea eta bertsolaritza presente izango dira. Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira. 

Musika

Urriaren 4an Manipulazio estrategiak ikuskizuna izango dugu, pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik, goi-mailako musikariz inguratuta. Hain zuzen, hedabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk pentsalariak. Hamar estrategia destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok. Eta kanta ez, gezi bilakatu ditu Pettik bere ahotsaren eta musika-senaren bidez.
Hala, gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua.

Urriaren 8an Alos Quartet taldeak bere 20. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko du, esan bezala.

Urriaren 16an, Bob Dylan artista eta literaturgilerik bikainenetakoaren omenez antolatutako ikuskizunaz gozatuko dugu Bidebarrieta liburutegian. Bertan Minesotako kantautorearen zenbait kantu hilezkorren letrak euskaraz entzun ahal izango dira. Iker Diaz Letamendi aktoreak (itzulpengintzaz ere arduratu da) errezitatu egiten ditu, Adolfo García perkusionistak pultsu literarioari eusten dion bitartean. 

Hurrengo egunean aurkeztuko du Thierry Biscary kantari baxe nafarrak Muda izeneko proposamen artistikoa Itsasmuseum-en. Uxue Alberdi, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maiaren hitzak erabili ditu abestiak ehuntzeko. Proiektu honen musikari gehienek musika tresna sokadunak jotzen dituzte : gitarrak, mandolina, kontrabaxua, txeloa eta eskusoinua eszenan izango dira.

Eta urriaren 18an Mikel Udangarinen kontzertua izango dugu Euskalduna Jauregian. Esan bezala, pianoan arituko da oraingoan Urdangarin. Errepertorio zaharra izango du abiapuntu, azken bi urteetan ondutako bertsioak plazaratzeko asmoarekin baina sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe. 

Literatura

Iñigo Astiz idazlearen “Analfabetoa” liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: Högeitavat. Irailaren 26an egingo dute Itsasmuseum-en. 

Irailaren 30ean, Xabier Berasaluze, Leturiaren Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea! Liburuari buruzko solasaldia izango da Itsasmuseumen. Astebetean panderoa ikasteko metodoa eta DVDa eskaintzen du liburu honek, baina, horrez gain, Leturiak bere bi panderorekin izandako elkarrizketa, non bere ibilerak kontatzen dituen, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak azalduz, abentura xelebre eta pasadizo mundialekin batera.

Literaturarekin jarraituko dugu urriaren 7an, Iñaki Sotoren Suak pizten direnean poesia liburuaren aurkezpena izango da.

Liburu bi horien aurkezpenerako Elkar Fundazioaren laguntza izan dugu. Oraingoan, espazio eta aforo mugak gainditzeko, Itsasmuseumen egingo ditugu aurkezpen hauek.

Hariak ikuskizunearekin jarraituko dugu. Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da sentikaria eta emakumea. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko ditu kontagai urriaren 10ean Itsasmuseumean bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Horretarako, Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña izango ditugu gurekin. 

Urriaren 14an, poema berriak plazaratuko ditu Miren Agur Meabek Bidebarrieta liburutegian, Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe. Egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: oroitzapenen gaurkotzea, nortasunaren berrespena, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota hitz poetikoaren balioa eta eginkizuna. Asmo horretan, zenbait emakume esanguratsu izango ditu solaskide, hala nola Mary Shelley, Marguerite Yourcenar, Ellen Ripley tenientea edota Brontë ahizpak. Ikuskizun poetiko honen soinu bandari dagokionez, Amorante gonbidatu du, eta Aitor Gametxoren ikus-entzunezko sormenak ilustratuko du giroa. 

Eta literaturarekin amaitzeko, urriaren 22an, Muga proiektua ikusteko aukera izango dugu Euskararen Etxean. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da. Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. Anfentamiña izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 banden partaidea) kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea.

Dantza

Urriaren 9an, Diagonalean zehar koreografia plazaratuko du Mizel Theret iparraldeko dantza sortzailerik garaikidenetakoak. Esku pilotarien keinua du abiapuntu. Pilotariaren keinu hori testuingurutik atera eta moztu egingo du koreografoak. Gero mugimendu horiek dantza abstraktu bihurtu dira.

Teatroa

Urriaren 1ean eta 2an Lurrun minez izeneko lana gozatu ahal izango dugu La Fundicion-en. Hiru mariken arteko drama psikologikoa, soziala eta sexuala da. Orain dela urte bete, Galder Perezek idatzi zuen gidoia eta orain estreinaldia dator. Esan bezala, sauna batean hiru gizon elkartuko dira eta horien arteko hitz-aspertuan hainbat gaiez eztabaidatuko dute. Nabarmenduko dugu Joseba B. Lenoir musikagilearen presentzia teatro lanean. 

Bertsolaritza

Urriaren 11n, Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako Zaharkitze programatua izeneko testuaren gainean inprobisatuko dute Madallen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek Guggenheim Bilbao Museoan. Testuaren irakurrialdiari Don Inorrez taldeak jarriko dio soinu banda. Hauxe da geroari begira Loraldiak antolatzen duen seigarren hitzordua, klasiko bat bilakatu dena. 

Kultura segurua da

Loraldia Festibalaren antolatzaileok nabarmendu nahi dute ekitaldi eta ikuskizun guztietan segurtasun-neurriak bermatuta egongo direla. Edukiera-muga errespetatuko da, baita segurtasun distantzia eta bestelako neurriak ere. Izan ere, kultura segurua dela defendatzen dute, eta ondorioz, modu seguruan bizi eta gozatu daiteke

Lorazain Eguna

Lorazain figura Loraldiaren lagunari dagokio, festibalaren komunitatea osatzen duten norbanakoek. Hauek deskontu bereziak lortzen dituzte festibaleko ekintzetako sarreretan eta beste ekintza berezi eta esklusibo batzuk bideratzen dira beraientzako. 

Edizio honetan zenbait abantail edo ekintza berezi prestatu ditu Loraldiak Lorazainentzat. Alde batetik sarreren prezio berezia eta doako ekintza batzuen eskaintza.
Honetaz gain, aforo txikia izanda, salmenta lehenetsia daukate Lorazainek. 

Eta, bereziki, beste bi ekintza jarri ditu martxan seigarren edizio honetan: Lorazain Eguna ospatuko da: urriaren 17an, haien babesa eskertuko die Loraldiak, Thierry Biscaryk eskainiko duen kontzerturako doako sarrera emanez. Eta esperientzia digitaleko bi ekintzetan Lorazainek antolatzaileekin zuzenean aretoan izateko aukera izango dute.

Elkarlan bereziak

Loraldia Festibalak erakunde, eragile, sortzaile eta elkarteen arteko elkarlana sustatzen du eta ekimen ugari kolaborazioari esker plazaratzen dira

Udagoieneko edizio honetan ere, badira elkarlan bereziak:  Guggenheim Bilbao Museoaren TopARTE programa, Iparraldeko Euskal Kulturaren Elkartea (EKE) eta Euskararen Etxeak plazaratu duen Hi(zki)bridoak programa.

Babesleak

Loraldia Festibala burutu ahal izateko, ezinbestekoa dute erakunde publikoen laguntza. Edizio berezi honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira babesle nagusiak. Hauekin batera, Laboral Kutxaren laguntza jasotzen du Loraldia Kultur Elkarteak baita ere. 

Erakunde hauen laguntzarik izan ezean eta aretoek eskainitako kolaboraziorik gabe ezin izango lukete Loraldia antolatu.

Egoera berezi honetan, gainera, euskal sortzaileen lana eskertu nahi dute, ekintzak burutzea posible izateko egin duten esfortzu handiagatik.

 

Loraldia Udagoienaren aurkezpena