Arriaga Antzokia zutik ipiniko du Zetak musika taldeak Loraldia Festibalean

 

  • “Zeinen ederra izango den” diskoaren ikuskizuna eskainiko du Zetak taldeak martxoaren 12an Arriaga Antzokian. 
  • Zetak lehenengo lanaren ondoren, urte bateko epean bigarrena aurkezten digu Pello Reparazek eta Bilbora helduko da Loraldiaren eskutik.
  • Musika elektronikoa euskaraz egiteko helburuarekin sortu zuen Pello Reparaz musikariak proiektu hau.

 

Loraldia Kultur Elkarteak Zetak taldearen kontzertua eta “Zeinen ederra izango den” izeneko emanaldia aurkeztu du, Loraldia Festibalaren zazpigarren edizioaren programazioaren baitan. 

Martxoaren 12an eskainiko du Zetak musika taldeak bere bigarren diskoaren ikuskizuna Arriaga Antzokian. Pello Reparaz musikariak sortutako proiektua da Zetak, eta musika elektronikoa euskaraz egiteko helburuarekin osatu du taldea. 

Taldeak 2019ko ekainean kaleratu zuen lehenengo kanta, eta arrakasta izugarria izan du. Izan ere, dagoeneko hiru Gaztea sari irabazi ditu: talde onena, zuzeneko onena eta konfinamenduko kantu onena.  

Zeinen ederra izango den

“Zeinen ederra izango den” izenekoa, Zetak-ek kaleratu duen bigarren lana da. Talde nafarrak adierazi duenez, “hankak lurrean sentitzeko” kaleratu ditu kanta hauek. Beren hitzetan: “Asko dira faltan botatzen ditugun gauzak. Baina aukera dugunean, pantaila-aurreko orduak gutxitu eta garagardo bat hartuko dugun txikitako lagun harekin”.

Lan honen sortze-prozesua oso kolaboratiboa izan dela nabarmendu du Pello Reparaz musikariak. Izan ere, dioenez jende askok hartu du parte, bere amonak, amak, lehengusuak, kuadrillak, aitak, osabak, izebak, arrebak, ilobak, lehengusinak, aitonak… Hortaz, diskoa denona dela sentitzen duela aitortu du Reparazek, bideoklipetan ehunka lagun ikus baitaitezke. 

Taldeak azaldutakoaren arabera, modu erabat naturalean sortu den mugimendu baten isla da “Zeinen ederra izango den”, eta eragilea osasun-krisia izan da. Hortaz, pandemia honen aurrean baikor azaldu da Zetak, haren hitzetan: “honetatik ikasten duguna betirako gordeko dugu”.  

Guztira sei abestiz osatuta dago “Zeinen ederra izango den” izeneko diskoa. Taldeak azaldu duenez, kanta horien helburua “benetan merezi duten gauzei atentzioa jartzen hastea da; eta agian ez horrenbeste, adibidez, sare sozialei”. 

Beraz, esan bezala, diska honek mezu argi bat dauka: Hau guztia pasatuko da. Honetatik ikasten duguna betirako gordeko dugu… eta zeinen ederra izango den. 

Zetak

Zetak musika taldea Pello Reparaz-ek sortutako proiektua da, bere estiloa musika elektronikoa da, eta euskaraz egiten du. Vendetta taldean izan zen lehenago, eta arrakasta handiko urteak bizi izan ditu talde hartan. Dena den, Vendetta utzi eta musika elektronikoko proiektu bat sortzea erabaki zuen, Panda Artist Management etxearekin batera. 

Taldea osatzeko, hainbat personen laguntza izan du Reparazek: Gorka Pastor, Leire Colomo, Iban Larreburu (musikariak); Iratxe Reparaz, Joseba Razquin, Pau Vargas eta Artzai Iraurgi.

Taldeak 2019ko ekainean aurkeztu zuen bere lehenengo abestia: Errepidean. Bi milioi erreprodukzio baino gehiago ditu kantaren bideoklipak Youtube plataforman. Diskoa ere kaleratu zuten urte bereko Durangoko Azokan, eta arrakasta handia izan zuen. 

“Zeinen Ederra Izango Den”, “Hegan” eta “Hitzeman” (Kataluniako Oques Grasses taldeko Josep Monterorekin batera idatzi eta interpretatutako abestia) aurrerapen-singleak kaleratu ostean, ZETAKek “Zeinen Ederra Izango Den” diskoa argitaratuko du 2020ko abenduaren 4an, bere bigarren lana, beraz. Oso Polita eta Panda Artists Management etxeen babesarekin egin du.

Arrakasta, oraingoan ere, nabaria da. Izan ere, Gaztea Irratiak antolatzen dituen Gaztea Sariak 2020 ekitaldian hiru sari eskuratu ditu ditu Zetak-ek: Talde onena, Zuzeneko onena eta Konfinamenduko kantu/bideo onena (“Zeinen Ederra Izango Den” abestiarekin).

zetak