Gabriel Aresti gogoratuko dute Loraldia Festibalean, bereziki prestatutako egun osoko programazioan

Gabriel Aresti gogoratuko dute Loraldia Festibalean, bereziki prestatutako egun osoko programazioan

  • Loraldia Festibalaren 9. edizioak egun osoko programazioa eskainiko dio Gabriel Arestiri. Honetan hiru ekintza burutuko dira.
  • Goizez Arestiren leku eta erreferentzien bila itsasontziz  ibilbide gidatu bat egingo da; eguerdian bazkari – ikuskizuna eta iluntzean Loraldiak ekintza honetarako sortutako ikus-entzunezko bat proiektatuko da Otxarkoaga auzoko eraikin baten orman.

 

Loraldia Festibalaren 9. edizioak Gabriel Arestiren izena eta lana gogora ekarriko ditu. Horretarako egun osoko programazioa prestatu du. Loraldiak gure kulturaren erreferente diren sortzaileak gaur egungo begiradatik gogoratzen ditu 9. edizio honetan Gabriel Aresti Kultur Elkartearekin bat egin du eta Aresti izango da aurtengo izen handietako bat.

Bilbon dabil Gabriel Aresti Karmelo Landaren eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen asmo handiko ekoizpena da. Arestiren sormena Bilboko erdigunera ekarri nahi dute. Gure memoria izateaz gain, gaurko Bilbo eta Euskal Herria berrinterpretatzeko tresnak dira. 

 

Bilbon dabil Gabriel Aresti eguneko programazioa

Hiru hitzordu antolatu ditugu Bilbon dabil Gabriel Aresti egunean zehar. 

Goizez itsasontziz  ibilbide gidatu bat antolatu dugu.  Ibaizabal itsasadarrean zehar Bilboats ontzian Arestiren leku eta erreferentzien bila abiatuko gara. Abiapuntua poetaren etxetik oso hurbil egongo da. 

Xabier Monasterio eta Karmelo Landa izango ditugu lemazain.

Bi orduko nabigazio honetan Bilboko plaza zaharra, Oteizarekin izan zuen harremana, Bilboko kaleekin zuen lotura, Zorrotzako portua… ezagutuko ditugu. Poemak eta paisaiak tartekatuko dira ibilbide emozional honetan. 

Amaieran, ontzilekutik Kafe Antzokira abiatuko gara oinez eta bertan eguerdian, mokau apal bat hartzeko aukera izango dugu. 

Eguerdiz Kafe Antzokian bazkari-ikuskizun bat eskainiko dugu. Loraldiak ondu du programazio xumea eta, jateaz gain, hainbat idazlek, antzerkigilek, kantarik, bertsolarik… parte hartuko dute eta Arestiren sormena gaurko garaietarea moldatuko dugu.

Gabriel Aresti Kultura Elkarteko Karmelo Landa eta Xabier Monasterio izango dira aurkezleak.

Ekintza honetan Mikel Martinez aktoreak teatro labur bat eskainiko du, Giovanni Boccaccioren Dekamerone lanean oinarritutako Zaldia Behorrarekin ipuina, bere garaian Arestik itzulitakoa.
Iparraldetik etorritako Aire Ahizpaken kantak izango ditugu.
Miren Amurizak, Ines Osinagarekin batera, Arestiren kopletan dzanga egingo du.
Sonia Gonzalezek testu literario bat eskainiko digu.
Eta bazkariari amaiera emateko, bertaratutako guztiok elkarrekin kantatuko ditugu Arestik sortutako hitzak, euskal musikari ugarik abesti bihurtu zituztenak. Ez dira faltako errepertorio honetan Guretzat, Gora ta gora beti, Egunda Santimamina, Bizkaiko Aberatsak edo Guk euskaraz, zuk zergatik ez bezalako abestiak. Tarte honen gidari Mikel Inun izango dugu, Sergio Mayoralen laguntzarekin.

Bukatzeko, iluntzean, Otxarkoagako auzora igoko gara. Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina idatzi zuen idazle bilbotarrak eta horregatik igoko gara auzo honetara, Arestiren iruditerian garrantzi handia duelako.

Bertan arte bisualen bidez sormen berritzaile bat ikusteko aukera izango dugu: Loraldiak sortutako Otxarkoaga – Bilbo. Biola bat ala mailu bat ikus-entzunezko laburra proiektatuko dugu Ugarte plazako eraikin baten orman.

Alphax studio eta Mikel Clementek sortutako arte bisualeko lana da eta Nerea Lizarralde eta Maider Cardenas izan dira aktoreak.

15 minutuko arte bisualeko pieza txiki honetan Otxarkoagatik abiatuta bi gazte Bilbon zehar ibiliko dira. Lehengo eta oraingo hiria izango dute mintzagai. Bilbori buruzko gogoeta bat, Arestiren begirada kontuan izanik.

 

Gabriel Aresti

Gabriel Aresti Segurola Bilboko euskal idazlea eta poeta izan zen, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat. 

Txillardegi eta Saizarbitoriarekin batera, euskal literaturaren berritzaile nagusienetarikoa izan zen, bai formaren eta baita edukien aldetik ere. 1960ko hamarkadan, garai harekin oso lotuta, poesia sozial eta kritikoa egin zuen, Euskal Herriaren egoera salatzeko.

 

Bilbon da Gabriel Aresti Loraldia