– EUSKAL KULTURA GAUR –
Solasaldiaren gidari: Maddalen Arzallus
Gonbidatuak online: ITZIAR ITUÑO eta ANE LABAKA
Musika eta solasaldia
70 min
Loraldia Festibalaren 7. edizioan, 2021ean, burututako esperientzia digitala. Musikaren unibertsoan murgildu da.
Bertan bi izar biztu berri dira. Olatz Salvador eta Idoia Asurmendi. Biek ala biek kanta dute disdira. Bi kantugile hauek ezagutzeko aukera izan dugu, solasaldian eta zuzeneko kantuen bidez.
Bi boz, bi ahots dira protagonistak. Olatz Salvador eta Idoia. Musikagintzaren bidezidorretan bide berriak zabaltzen ari dira. Haiekin abiatu gara bidaia xarmangarrian. Eta bidaide nahi zaitugu.
Musikari dagokionez, kantariak akustikoan aritu dira eta kantuen artean Maddalen Arzallusek gidatu du solasaldia.
Olatz Salvador “Aho Uhalak” sormen lan berriarekin dator. Bere bigarren lan luzea. Karmele Jaiok esaten duen bezalaxe “Olatzen musika ez da laua, labirinto bat dirudi”.
Idoia, berriz, “Ilun eta abar” proiektua ari da garatzen. Gazte honen lehen urratsa.
Esperientzia honen amaieran kantari biak batera kantatzen ikusteko aukera izan genuen.
Esperientzia digital honek “emakumeak eta eszena” aztertzeko bidea hartu zuen. Nola diseinatu etorkizun berria, nola zabaldu ateak, nola bukatu kontrako eztarriarekin.
Sortzaile hauekin batera emakumeak eta eszenaz gogoeta egin dugu. Maddalen Arzallusek gidatu du esperientzia. Ez omen da hegorik behar hegal egiteko. Gogoa eta ahalegina baino ez.
Teknologiak ahalbideratzen du. Apur dezagun laugarren horma eta denon artean Bozak esperientzian parte har dezagun. Dzanga egin. Bihotza zabaldu!
Gaiari heltzeko bi gonbidatu izan dira online: Itziar Ituño aktorea eta Ane Labaka bertsolaria. Biak eskarmentu handiko sortzaileak.
Emakumeak eta eszena gaiaren harira beraien ikuspuntua ekarri digute.
Eta hamaika datu eskaini ditugu gaiaren inguruan. Baita sarean aurretiaz planteatutako hausnarketa kolektiboaren erantzunak jaso ditugu ere.
*Guggenheim Bilbao Museoaren TOPARTE programarekin elkarlanean