2022/03/13

 

BOZAK22

ESPERIENTZIA DIGITALA:

Emakume-sortzaileak eta ipar-hegoa

 
LIDE HERNANDO (LIHER), ITZIAR UGARTE ETA MADDI OIHENART

Maddalen Arzallus: solasaldiaren gidari

Literatura eta musika

60 min

  • Bozak izeneko esperientzia digitalaren bigarren edizio honek Euskal Herriko kantak, poesia eta hausnarketak biltzen ditu. Bilboko Guggenheim museoan izango da, eta streaming bidez ikusteko aukera egongo da, loraldia.eus eta eitb.eus webguneetan. 

 

  • Euskal kulturaren bilera honetan 4 emakumek parte hartuko dute. Haien artean bi musikari aurkitu daitezke: alde batetik Maddi Oihenart, herri kantaren munduan erreferentea; eta bestetik Lide Hernando, rock munduan buru belarri dabilen gaztea. 

 

  • Bozak izeneko esperientzia digitalak, elkarrizketa, hausnarketa publikoa, zuzeneko musika emanaldia eta streaming bidezko parte hartzea uztartzen ditu. 

 

 

Loraldia Festibalak Euskal Herri osoko kultura sustatzea du helburu. Horregatik, Bozak deituriko esperientzia digitalaren bigarren edizio honetan iparra eta hegoaren artean dagoen mugaren inguruan solasaldi bat egingo da. Lau emakume izango dira protagonistak: Maddi Oihenart eta Lide Hernando musikariak, Itziar Ugarte poeta eta Maddalen Arzallus bertsolaria, gidari lanetan. Hizketaldia martxoaren 13an izango da, Bilboko Guggenheim museoan. Ekitaldia streaming bitartez ikusteko aukera egongo da Loraldia.eus eta eitb.eus webguneetan. 

Herri kantak eta rocka bidegurutzean

 

Bozak ekitaldiaren bigarren edizio honetan musikaren bi mundu diferente uztartuko dira: herri kantak eta rocka. Ikuspegi tradizionala Maddi Oihenartek jarriko du, 26 urteko esperientzia duen a capella abeslari zuberotarrak. Lide Hernandok, Liher rock taldeko abeslariak, ikuspegi modernoago eta gazteago bat plazaratzeaz arduratuko da. 

 

Ekitaldian zehar, artisten iritziak entzuteaz aparte, beraien musikaz zuzenean gozatzeko aukera ere egongo da. Gainera, Itziar Ugartek bere ekarpena egingo du, publikoari zenbait olerki irakurriz eta gai ezberdinen inguruan mintzatuz.

 

 

Mundu digitala eta fisikoa batzen

 

Loraldia Festibalean ekitaldi berritzaile eta esperimentalak aurkitu daitezke, eta Bozak ez da desberdina alde horretan. Mundu fisikoa eta digitala uztartzen ditu zenbait modutan. Hasteko, ekitaldia streaming bitartez gozatzeko egongo da, loraldia.eus eta eitb.eus portaletan hain zuzen. Gainera, Itziar Ugarteren presentzia digitala izango da, eta solasaldiaren zenbait momentutan Amaia Ocerinek sare sozialetan komentatzen dena partekatuko du bideokonferentzia bitartez eta elkarrizketa bat egingo du beste bi kideekin.

 

 

Emakume sortzaile euskaldunak iparra eta hegoari begira

 

Solasaldiaren gai nagusiak bi izango dira. Bata, Bozak emanaldiaren lehen edizioari jarraipena emanez, emakume sortzaileen inguruan mintzatuko dira gonbidatuak: zein egoera bizi duten euskal sortzaileak eta emakume izateak nola eragiten dien; zeintzuk dira haien erreferenteak eta nola ekiten dieten sormen prozesuei; nola bizi izan duten sortzaile izatea, belaunaldi ezberdinekoak izanda…

 

Eta bigarren aztergaia ipar eta hego Euskal Herriaren arteko harremana izango da. Atal honetan beste bi parte hartzaile sartuko dira zuzenean, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) Johane Etchebest zuzendariak eta euskalzale bat, euren ikuspuntuekin ekarpena eginez.
Maddalen Arzallus bidai honen lemazaina izango da, eta Itziar Ugarteren ekarpenekin batera hizketaldi berezi eta bakar batez gozatzeko aukera egongo da.

 

Ekintza hau Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan sortutako jarduera da, TopARTE programaren esparruan eta Museoaren 25. urteurrenean.

ekitaldiaren Argazkiak