-->
dantza-izango-da-protagonista-loraldia-festibalaren-bigarren-asteburuan-hiru-ikuskizun-bereziekin

Dantza izango da protagonista Loraldia Festibalaren bigarren asteburuan hiru ikuskizun bereziekin


  • Martxoaren 17 eta 18ko asteburuan Loraldia Festibalak dantza alorreko hiru ikuskizun berezi proposatzen ditu, Kukai dantza konpainia, Oinkari dantza taldea eta HIKA Teatroa eta Mizel Théret – Treversee dantza konpainiaren eskutik.
  • Ikuskizun bereziak eta bakarrak dira. Hirurak estreinaldiak, bi erabateko estreinaldiak eta hirugarrena antzoki batean egingo da lehenengoz.

 

Loraldia Festibalak dantzaren alorreko hiru ikuskizun aurkeztu ditu Campos Antzokian burutu duen prentsaurrekoan. Hiru ikuskizun hauek Euskal Herriko lehen mailako talde eta konpainien esku datoz eta ikuskari berezi eta bakarrak dira, arrazoi ezberdinengatik.

Aurkezpen honetan hitza hartu dute: Aitor Narbaiza, Loraldia Festibaleko produkzio arduraduna; Agurtzane Intxaurraga, HIKA teatroko zuzendaria; eta Jon Maya, KUKAI dantza taldeko zuzendaria.

Loraldia Festibalak arreta berezia eskainiko dio dantzari bere bigarren asteburuan. Alor honetako hiru ekintza nagusi burutuko dira martxoaren 17 eta 18 artean. Izan ere, hauetako biren erabateko estreinaldia izango da Loraldian; eta hirugarrena antzoki batean  lehenengoz burutuko da. Ikuskizun bakoitza espazio ezberdin batean egingo da, Festibalak bilatzen duen aniztasun eta eskaintza zabalean sakonduz.

Gainera, hiru lanek harreman estua daukate euskal kulturaren unibertso, erreferentziazko izen eta elementuekin, gure imajinarioa osatzen duten hainbat osagaiekin.

Martxoaren 17an HIKA Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Sagartu ikuskizuna eskainiko dute Campos Antzokian. Hurrengo egunean, martxoaren 18an eta igandearekin, beste bien txanda izango da: goizean Kukai Dantza Konpainiak Oteizak 110 ikuskizuna antzeztuko du Euskalduna Jauregian; eta arratsaldean La Fundiciónen Treversee dantza konpainiako Mizel Théret dantzariak Lekeitioak lana estreinatuko du.

Aitor Narbaizak adierazi duenez, “Loraldiak bere hastapenetik jarri nahi izan du arreta dantzaren alorrean. Baina ez edozein modutan, gainera: helburua proposamen berritzaileak eskaintzea izan da eta dantza beste alor eta diziplina artistikoen parean jarri eta hauekin lotzea”.

Loraldia Festibalak dantza eta proposamen berritzaile eta garaikideak publikoari hurbildu nahi dizkio. Aurten hiru proposamenak azpimagarriak dira: Kukai, Dantza Sari Nazionala; HIKA teatroa eta Oinkari dantza taldea, biak euskal kulturan tradizio handiko erreferenteak; eta iparraldetik datorkigun Mizel Théret dantzaria.

Dantza asteburua loraldian

Sagartu

Martxoaren 17an, larunbatarekin, HIKA teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak Sagartu lana aurkeztuko dute Campos Antzokiko eszenatokian. Lan hau lehenengoz egingo da antzoki batean, aurretik kalean antzeztu baita.

Bi talde hauek 2012an egin zuten topo lehen aldiz lanean, Amantalen elkarteak antolatutako Amantalen ahotsa ikuskizunean. 2013an Itsasoaren emazteak ikuskizuna sortu zuten elkarlanean. Elkarlana zinez aberasgarria izan da bi taldeontzat eta egun ohikoa bihurtu da. Hika teatroarentzat dantzaren munduan murgiltzeko aukera izan da; eta, bestetik, Oinkarik berrogei urteko ibilbidearekin gainean, urrats berriak emateko beharra sentitu zuen, euskal dantzari begirada ezberdinez begiratzeko aukera.

Sagartu kaleko ikuskizun multidisziplinarra gisa sortu zen, zuzeneko musika, antzerkia eta dantza lotzen dituena. Sagarra da oinarria eta abiapuntua, umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahi guztiak plazaratzen dituena.

Sagarraren irudia aztertzen du Sagartuk, paradisutik gaur arte izan dituen esanahiak azalduz. Gure herriaren historiaren parte handia da baita ere eta hau ikuskizunean azpimarratzen da. Bestalde, sagarra bere horretan, oso elementu dantzagarria da. Borobiltasun horrek mugimendurako gonbita egiten du, erakargarria da begi bistarako, koloretsua eta oso eramangarria: eskuetan, poltsikoan.

Sagarretik sagardora eta sagardotik bueltan sagastietara, festa batean hasi eta festa batean amaitzeko moduan. Euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, forma eta modu garaikideagotan murgilduko da ikuskizuna etengabe. Mugimenduaren forman ikertu eta dantza kalitate ezberdinak aurkeztuz. Zuzeneko musikak aukera emango dio bere taupada propioa izateko. Jendearen eta ikuskizunaren arteko lotura egoki egiteko, inprobisazioari ere tartea uzteko. Musika herrikoia, musika klasikoa, jazz erakoa, intzidentala… Musikak aktoreak adina hitz egiteko balioko du.

HIKA teatroko Agurtzane Intxaurragak zuzendu du, Arantxa Iturberen testuetan oinarrituta. Koreografiaren arduraduna Eneko Gil izan da. Eta oholtza gainean Miren Gojenola aktorea eta hamabost dantzari izango dira. Hauekin batera, Iñaki Dieguez eta Iker Telleria musikariak.

 

sagartu Loraldian

 

Oteizak 110

Hurrengo egunean, martxoaren 18an eta igandearekin, Euskalduna Jauregian Kukai Dantza Konpainiak Oteizak 110 lan koreografikoa aurkeztuko du.

Aurkezpen berezia izango da hau. Erabateko estreinaldia izateaz gain, Oteizak 110 Loraldia Festibalerako bereziki sortua izan da eta festibala honetan bakarrik izango da ikusteko aukera, ez baita berriro errepikatuko.

Horregatik, igande horretako goizean hiru saio eskainiko dira jarraian. Gainera, ikuskizun honek badauka beste berezitasunik: alde batetik, espazio berezietan plazaratzeko koreografia bat da eta helburu horrekin sortu da. Euskalduna Jauregia izan da aukeratu den espazioa eta hormetan Oteizaren artelan batzuen irudiak proiektatuko dira.
Bestalde, artelan, dantzari eta publikoaren arteko interakzioa bilatzen du eta horretarako bost dantzariak publikoaren artean kokatuko dira.

Dantza Sari Nazionala irabazi ondoren sortu du lan hau Kukaik. Mireia Gabilondok zuzendu du, Jon Mayaren koreografiarekin eta Fernando Bernuesek sortu du eszenografia. Musikaren alorrean, euskal musikari izen handi batzuen pieza batzuk aukeratu dituzte: Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Mikel F. Krutzagarenak.

 

oteizak 110

 

 

Lekeitioak

Asteburu berezi hau Lekeitioak ikuskizunarekin bukatuko dugu.

Bakarkako dantza ikuskizuna da Lekeitioak eta, izenak dioen bezala, Mikel Laboaren lanik esperimentalenean inspiratuta dago. Mizel Théret Miarritzeko dantzariak sortutako lana da, ideia, koreografia eta dantza bere ardura direla.

Théreten esanetan, Laboa maisuaren lan honetan bildutako piezek eragin emozional handia sortu dute beragan eta aspalditik zeukan buruan lan honek sortzen dizkion emozio horiek taularatu eta dantza batean bilakatzeko asmoa. Ikuskizuna sortzeko bost pieza hautatu ditu: Orreaga, Itsasoa eta lehorra, Cherokee, Gernika eta azkenik Dialektikaren laudorioa.

Bost pieza horietan, garrasia nagusi da, bere bortizkeri osoan. Sorkuntza honen bitartez dantzaren mugak arakatu nahi izan ditu Théretek, Mikel Laboak bere musikan egin zuen bezala.

Bakarkako dantza honetarako, Laboaren musikaren interpretazio aske bat sakondu nahi du, artifiziorik gabekoa, garrasiari lotua, soiltasunaz eta barnetasunaz egina. Bidaia bat, kantu eta dantzaren, mina eta itxaropenaren, zoramena eta lirikotasunaren, garrasi eta askatasunaren bideetan.
Bidaia bat, bizitzatik heriotzera, edo behar bada, heriotzetik bizitzara. Oholtza huts batean, oihu dantzatua, intimoaren marketan.

Mizel Théret Hazparnen jaioa da, eta euskal dantza tradizionalean eman zituen lehen
urratsak. Ondoren Etorki Ballet konpainian jardun zuen. Horren ondotik Parisen dantza ikasketak jarraitu zituen, hainbat irakasleekin: Peter Goss eta Ruth Barnes (dantza garaikidean) eta Yves Casati (dantza klasikoan), besteak beste.
1984 urtean Ekarle konpainia sortu zuen, Parisen bere formazioa osatzen ari zen bitartean.
1984 eta 1997 urteen artean hainbat koregrafia lan burutu zituen, dantza tradizional eta
garaikidearen arteko bideak sakonduz.

Zenbait urtez dantza mundutik urrundu bazen ere, 2009ean berriro koregrafiari lotu zen bere lanean epe berri bat zabalduz. Ordutik hainbat ikuskizun garatu ditu, dantza minimalistan oinarrituta. 2009tik gaur arte sei ikuskizun berri sortu ditu, bakarka eta beste kide batzuekin:
Dorrea (2009 / bakarka), Oroitzen naiz (2011 / Hirukotea, dantzari zaharrekin), Hiru zitroin lur hotzean (2013 / Laukotea), Xoriek (2014 / Bikotea), Zisnearen azken kantuak (2015 / Bikotea) eta Xorien ihesa (2016 / Bostkotea).

Loraldian egingo duen estreinaldi honen ondoren, Théretek martxoaren 24an Biarritzeko Le Colisée antzokian aukeztuko du Lekeitioak.

Lekeitioak 2

Iruzkinak