- Martxoaren 19an taularatuko dituzte haur eta gazteek euren sormenak Bizkaia Aretoan.
- “Jainkosaren Amalurra” pastorala eta “Kamera sartu” dira aurtengo ediziorako prestatu dituzten proposamenak.
- Dimako Ugaran Herri Eskola eta Bilboko Abusu Ikastola izan dira aurtengo edizioan Loraldia Eskolan proiektuak landu dituztenak.
Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Eskola programan parte hartu duten bi ikastetxeen lanen aurkezpena iragarri du, Loraldia Festibaleko programazioaren baitan dagoen proposamena.
Martxoaren 19an egingo dute, Bizkaia Aretoan. Aurtengo honetan, Dimako Ugaran Herri Eskolan ta Bilboko Abusu Ikastolan loratu dira proiektuak.
Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Eskola ipini zuen abian euskal kulturaren transmisioa haur eta gazteen artean sustatzeko, eta ikasturtean zehar proiektu ezberdinak bideratu dira zenbait ikastetxetan. Loraldia Festibalean horietako bien emaitzak plazaratzeko tenorea heldu da, ikasturte honetan martxan jarri izan direnak, hain zuzen ere.
Haur eta gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzen duen Loraldia Eskola programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara sailaren babesa du.