Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko.
Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.
Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Genero-ikuspegia ardatz hartuta, aztertuko dira LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma, beste dualismo batzuekin batera.
*Ekintza bateko sarrerak Loraldia Terminaleko beste ekintza guztietara sarbidea izateko eskubidea emango du. Aforoak beteko balira, ekintza bakoitzerako sarrera erosi dutenek lehentasuna izango dute.