Loraldia Eskolako proiektu hezitzailearen emaitza Gernikan, Igorren eta Mungian eskainiko da

Loraldia Eskolako proiektu hezitzailearen emaitza Gernikan, Igorren eta Mungian eskainiko da

  • Loraldia Kultur Elkartearen Eskola proiektuak ikasturte honetan bideratutako proiektuetatik sei ekintza artistiko bilakatuko dira Gernika, Igorre eta Mungian. Horrela, erakusketak, pastoralak eta musika ikuskizun bat eskainiko dira.
  • Datozen astetan garatutako proiektuen emaitza erakutsiko dute ikasleek, Gernikan, Igorren eta Mungian egingo diren ekitaldi ezberdinetan.
  • Loraldia Kultur Elkartearen Eskola proiektuak balio eta kulturaren transmisioa eta euskararen sustatzea ditu helburu. 2016-17ko ikasturtean martxan jarri zen eta orain arte 20 ikastetxetan burutu da, 1250 ikasle baino gehiagok parte hartu dutelarik.
    Aurtengo proiektuetan 500 ikaslek parte hartu dute.

Loraldia Kultur Elkarteak Eskola proiektua bideratzen du ikasturtero hezkuntza formaleko ikastetxeetan. Bost proiektu ezberdin eskaintzen ditu eta izena ematen duten ikastetxeetako taldetan ikasturtean zehar bakoitzaren neurrira moldatutako proiektuak bideratzen dira.

Mota anitzetako egitasmoak garatzeko aukera eskaintzen du Loraldia Eskolak, maila ezberdinetara zuzenduta, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko mailetara.

Ikastetxeetan bideratzen diren proiektu hauek zenbait helburu zehatz dituzte: euskal kultura garaikidea ezagutaraztea; kulturarekiko atxikimendua lantzea; euskararen erabilera sustatzea; sormena suspertzea; eta baloreak lantzea.
Horretarako kultur diziplina eta adierazpen mota ezberdinak ezagutzera ematea bilatzen du, ezagutza horren bitartez kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzeko.

2021-22 ikasturtean lau herritan burutu dira Eskolako proiektuak: Zornotzan, Igorren, Gernikan eta Mungian.

Maiatzaren bukaera eta ekainaren hasieran horietako batzuen emaitza erakutsiko da.

Eta horrela, hiru herritan mota ezberdinetako ikuskizunak egingo dira. Haur Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arteko ikasleek parte hartu izan dute Loraldia Eskolak eskaintzen dituen Ttipia, Lore-jokoak eta 7 kantu, 7 lur, 7 konexio egitasmoetan.

Loraldia Eskolako ikasturtea bukatzeko sei ikuskizunak

Gernika

Allende Salazar Eskolako eta Seber Altube Ikastolako HH5 urteko 130 haurrek parte hartu dute aurten Ttipia proiektuan.

Ttipia proiektuan lau diziplina ezberdinei buruzko ezaugarriak ezagutzen dituzte haurrek: margoa, eskultura, marrazketa eta argazkigintza. Ezagutu eta sormenaren bidez esperimentatzen dute baita ere.

Esperimentazio horren emaitza erakusketa batean ikusgai izango da: maiatzaren 23a eta 30a bitartean Kultur Etxeko erakusketa gelan; eta maiatzaren 30etik ekainaren 20ra Astran.

Igorre

Inazio Zubizarreta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako 60 ikasle ikasturte ia osoa buru belarri ibili dira Lore-jokoen proiektuan murgilduta.

8 hilabetez burutzen den egitasmo hau Lehen Hezkuntzako azken zikloko taldetara zuzenduta dago, iraila eta martxoa bitartean gauzatuko da eta azken helburua pastoral gaurkotu baten ikuskizun bat sortzea da.

Ikasleak dira proiektu honetan prozesu osoan zehar protagonistak eta beraiek erabaki eta antolatzen dituzte pastoralaren sormenaren ikuspegi guztiak. Igorreko gaztetxoek Emakumeak lehen lerroan pastorala antzeztuko dute ekainaren 3an Lasarte aretoan, 16:00etan.

Mungia

Mungiako Bentades ikastetxeak maila eta adin ezberdinetara zuzendutako hiru proiektu  garatu ditu ikasturte honetan Loraldia Eskolan.

Horien guztien emaitza maiatzaren 24an erakutsiko dute Olalde aretoan, 16:30etik aurrera:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako 100 ikaslek Lore-jokoak proiektua landu dute ikasturte osoan zehar. Emaitza bi pastoraletan gauzatuko da: Mungiako bonbardaketa eta Lauaxeta.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako 100 ikaslek 7 kantu, 7 lur, 7 konexio, kantua eta euskal kantagintzaren transmisioa eta dramatizazioa lantzen dituen proiektua garatu du. Emaitza, Haizearen jabe ikuskizunean gauzatuko da.

Eta Haur Hezkuntzako 5 urteko 40 ikaslek Ttipia proiektuari ekin diote. Honen erakusketa  maiatzaren 20tik 27ra  ikusgai egongo da Olalde aretoan.

2022-23 ikasturterako Loraldia Eskolaren eskaintza

Esan bezala, 2022-23 ikasturterako bost dira eskaintzen diren proiektuak:

Ttipia proiektua

Ttipia proiektua Haur Hezkuntzako 5 urteko haurrei zuzendutako egitasmoa da.  Lau diziplina ezberdinei buruzko ezaugarriak ezagutzen dituzte haurrek: margoa, eskultura, marrazketa eta argazkigintza. Ezagutu eta sormenaren bidez esperimentatzen dute baita ere.

Landutako emaitzekin erakusketa bat sortzen da ikastetxearen herrian, haurren lehen kontaktua artearekin sortutako emaitzaren testigantza partekatzeko.

Lorekolore

Lorekolore egitasmoaren hartzaileak Lehen Hezkuntzako 1go zikloko ikasleak dira (LH1/LH2 eta LH3/LH4).

Helburua gure kultur aniztasunaren emari oparoa ezagutaraztea du helburu. Haurrentzako ikuskizunak (ipuin kontaketa ilustratuak, antzerkiak, musikalak eta zirkua), kantagintza, musika tresnak eta dantzak ezagutuz. Beti ere, gure kulturak beste kulturengandik jaso dituenak, besteekiko dituen antzekotasunak, eta bihurtu den kultur anitz eta gaurkotua azalaraziz. Sormen lanaren emaitza mural baten aurkezpen musikatu dantzatua bat da.

Lore-jokoak

Loraldia Eskolak zazpigarrenez proposatzen du Lore-jokoen egitasmoa, aurreko ikasturtetan esperientzia atsegina eta aberasgarria izan baita.8 hilabetez burutzen den egitasmo hau Lehen Hezkuntzako azken zikloko taldetara zuzenduta dago, iraila eta martxoa bitartean gauzatuko da eta azken helburua pastoral gaurkotu baten ikuskizun bat sortzea da.

Kamara, sartu!

DBH-ko 3. edo 4 mailako eta Batxilergoko gazteei zuzentzen zaie Kamara sartu!. Honetan, hiru hilabetez, euskal kultura garaikideaz dauden ikusi-entzunezkoen bitartez, euskal kultura garaikidearen inguruko perspektiba eta iruditegi ahalik eta globalenak aurkeztuko zaizkie gazteei.

Ondoren, sormenari ekingo diote eta ikus-entzunezko bat sortuko dute, modu kooperatiboan.

7 kantu, 7 lur, 7 konexio

DBH-ko azken zikloko ikasleak dira 7 kantu, 7 lur, 7 konexio proiektuaren protagonistak. Honetan, kantua eta euskal kantagintzaren transmisioa eta dramatizazioa lantzen dira

Euskal kantutegiaren ezagutzan, interpretazioan, eta sormenaren atzean dagoen munduan, dauden kantu, lur eta konexio anitzak transmititzeaz, eta interpretazio, sormen eta konexio berri eta gaurkotuak sortzean datza. Sei hilabetez gure kantutegian eta, batez ere, gazteen belaunaldien artean hain ezagunak ez diren kanten transmisioan datza proiektua. Sormen lana, kantuz eta kantuen interpretazioaz arduratuko den ikuskizun bat egikaritzean datza.

Izen-ematea zabalik

Loraldia Eskolak izen-emate epea zabaldik du, interesaturik dauden ikastetxeek 2022-23 ikasturtean proiektu hauetariko edozein garatzeko eskaera bideratzeko.

Edozein motatako ikastetxeek har dezakete parte eta baldintza bakarra euskaraz garatuko direla da.

Egitasmo bakoitzaren inguruko informazioa osatu eta izena emateko Loraldiaren webgunean sar daitezke eta bertan dagoen inprimakia bete. Maiatzaren 25era arte izena emateko epea zabalik egongo da.

Eskola proiektua sendotu da

Loraldia Kultur Elkarteak 2016-17 ikasturtean martxan jarri zuen Loraldia Eskola proiektua. Esperientzia oso aberasgarria izan zela ikusita, 2017-18 ikasturtetik aurrera Eskola proiektua sendotzen joan da eta ikastetxe ugaritan garatu da.

Orain arte 20 ikastetxe ezberdinetan burutu izan da eta 1250 ikasle baino gehiagok parte hartu dute. Proiektuekin lotutako 10 emanaldi burutu dira eta Ttipia proiektuaren 8 erakusketa antolatu izan dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du Loraldia Kultur Elkarteak egitasmo honek jarraikortasuna izan dezan.Eta aurtengo ekintzen antolaketa honetan Mungia, Igorre eta Gernikako udalen laguntza izan dugu antolatu ahal izateko.