Eulalia Abaitua, argazkilaritzan aitzindaria
Eulalia Abaitua 1853. urtean jaio zen, Bilbon. Nerabea zela Liverpoolera joan zen, eta bertan argazkilaritzaren mundua deskubritu zuen. Ingalaterran ikasi zuena Euskal Herrira ekarri zuen, eta euskal ohitura eta festak betikotu zituen bere irudietan.
Horrela bihurtu zen Euskal Herriko lehendabiziko argazkilaria.
Bere lanetan herri xehea eta eguneroko bizitza jarri zituen kamararen beste aldean, batez ere emakumeak. Oraindik nahiko ezezaguna den Eulalia Abaitua argazkilaritza antropologikoaren ordezkari bikaina izan zen.
Ikus-entzunezkoak, teatroa eta musika
Ikuskari honen protagonista Eulalia Abaitua da dudarik gabe, baina hiru emakume izango dira omenaldi hau aurrera eramango duten arduradunak. Patxo Telleriak idatzi du gidoia.
Obra honen zuzendaria Getari Etxegarai da, eta beste bi emakumeren laguntzarekin proiektua aurrera eraman du. Teatro kontaketaz Ane Pikaza arduratuko da, argazkilariaren bizitza eta memoria osatuz. Maite Larburuk, musikaren bitartez, histori miresgarri honek merezi duen giroa prestatu du. Soinu-banda berak sortu du eta zuzenean joko du.
Ekinaldiaren ikus-entzunezko arloari dagokionez, Eulaliaren argazkien bildumaren parte bat ezagutzeko aukera egongo da, betiere gaurko ikus-estetikara moldatuta. Arte bisual hauek Alphax estudio bilbotarrak sortu ditu.
Atal artistikoa osatuz beste bi arlo nabarmen daude lan honetan: argiztapenaren diseinua Arantza Floresen ardura izan da. Eta jantziak Betitxe Saituak egin ditu.
Loraldia Kultur Elkartearen produkzioa
Loraldia Kultur Elkarteak Festibalaren edizio guztietan euskal kulturaren erreferente baten irudia hartu eta gaurko begiradaz interpretatuz produkzio propio bat sortu izan du.
Produkzio hauen helburuak dira industria sustatzea, euskal erreferenteak gaurko garaietara ekarri eta balorean jartzea eta diziplina ezberdinak uztartzen dituzten lanak sortzea.
Horrela sortu zituen, besteak beste, Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara; Mundu bira. Elkano, Primus; edota Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari.
Ekoizpen hauek Euskal Herrian zehar biran ibiltzeko asmoarekin sortuak dira eta horregatik obra txiki eta jasangarriak izaten dira.
Mira Hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan lanak elkartearen beste helburuetariko bati eutsi dio, emakumeen irudia nabarmentzearena.