– EUSKAL KULTURA GAUR –
HELBURUA: Ikasleei, euskal kulturaren adierazpide artistiko gehientsuenak biltzen dituen Pastoral baten ezaguera transmititzea, eta berau sortzearen sormen prozesuaren osotasunean parte aktibo izatea.
HARTZAILEAK: LH6 eta DBH ikasleei zuzendua.
IRAUPENA: Ikasturte osokoa.
EDUKIAK: Anton Abbadia, Lore jokoak eta Pastorala landuko dira edukiei dagokionez. Pastorala, euskal kulturaren adierazpide guztien batura lortzen duen ikuskizuna dela ikasiz. Euskal kultura garaikidean ezagunak diren hainbat artista, lan eta espazio ezagun eta esanguratsu aipatu gabe utzita.
METODOLOGIA: Unitate pedagogiko didaktiko bat bidelagun, edukien hausnarketa kooperatiboak, jolas bisualen bidezko ezagutzen azterketa, antzerki tailer intentsiboak, musika eskolak, zuzeneko ipuin kontalariak, nortasun ezagutzarako arte plastikoen esperimentazio praktikak, inprobisazioak, irakurketa errezitatuak, erabaki kolektiboak, talde lana, elkarlana. Metodologi aktibo eta kooperatiboak pastoral gaurkotu bat sortzearen bidean.
SORMEN LANA: Pastoral gaurkotu bat sortu beharko dute, herriko kultur espazioan taularatuko dena.
Lore Jokoak bultzatu zituen Anton Abbadia pertsonaian sakontzeko, Bilboko Urretxindorra eta Deustuko Ikastoletako, LH5 eta LH6ko ikasleak Hendaiako Abbadia gaztelua bisitatzera joan ziren azaroan. Geografo, astronomo eta euskal kulturaren eragile izan zenaren bizilekuetako bat ikusi eta Loraldia hitzaren jatorria ezagutzeko parada izan zuten ikasleek. Haur guzti hauek sormen lan bat prestatu dute hogeita bi astean zehar. Emaitza Loraldia Festibalean plazaratuko da, Campos antzokian, apirilaren 5ean.
Laugarren edizioaren Loraldia Eskola programaren baitan Gernikako San Fidel ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek Gernikako bonbardaketan inspiraturiko pastorala prestatu zuten ikasturtean zehar. Martxoaren 23an Loraldia Festibalaren programazioarekin bat egin eta Azkuna Zentroan antzeztu zuten. Xabi Payak egindako gidoian oinarrituta, ikasleek prestakuntza integrala burutu zuten.