1. Sarrera

“Orain 500 urte euskaldunok ilargian izan ginen.

Getariako ELKANO itsasgizonak, munduari bira eman zion lehenengo aldiz. Ilargira egin zen lehenengo bidaiarekin aldera daitekeen balentria, hain juxtu.

3 urte iraun zuen bidaia ikaragarri hura posible egin zuten balioen sinboloa da Elkano, besteak beste  aurkikuntzekiko interesa (espezieak, itsasoak, lurraldeak, lurmuturretako pasabideak), garaiko itsasontzi eraginkorrenak (Naoak) eraikitzen zituen herrikoa izatea, ontziola eta itsasgizon trebeen komunitatea osatzea, beste gauza askoren artean.

Elkanori eskerrak, 500 urte geroago munduari berriro bira ematearekin amets egiten dugu. “

ELKANO FUNDAZIOA

 

HELBURU, EDUKI, METODOLOGIA ETA KONPETENTZIAK

LORALDIA ESKOLAREN TRANSMISIOAZ,

Elkanoren figura, euskal historia eta kulturaren parte garrantzitsu bat osatu duela helaraziko diegu ikasleei; helburu gisa, garai hontako mundu digitalak ahalbidetzen dituen jolas interaktiboetan jolastuz, Elkano eta bere ingurunabarraren ezagutzan, bidelagun erakargarriago bat bilakatuz.

Juan Sebastian Elkano, Euskal Herri itsastarra, XVI. mende oparoa, ontziolak,  aurkikuntzak, eta Lehen Mundu Bira dira ikasleek ezagutuko dituzten edukiak.

Aipatu bezala, jolasaren bitartez, eta oso metodologia ludikoan beraz, modu kooperatiboan eta kolektiboan, eta arbela digitalaren bitartez; Mundubira. Elkano, Primus ikuskizuna ikusi baino lehen edota gerora lantzekoa da aurkezten dugun material hau.

Konpetentziei dagokionean, giza eta gizarte zientziei eta arteari dagokionezkoak aipatuko ditugun arren, kontuan izan, nahigabean, zehar lerroko konpetentziak ere landuko ditugula, eta hoiek ere, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus, helbidean ikusgai dituzuela.

Konpetentziak

Konpetentziak, Giza eta Gizarte Zientziei dagozkionak:

  1. Jakitea zein izan diren Euskal Herriarentzat gertaera eta prozesu historiko garrantzitsuenak, direla tokikoak, direla mundu-mailakoak, eta denboran eta espazioan kokatzea. Horren helburua da gizateriaren bilakaeraren ikuspegi propioa eta globala izatea eta aldaketak eragiteko gaitasunari buruzko kontzientzia kritikoa izatea.
  2. Datu historikoak biltzea, zenbait irizpide erabiliz: denboran orientatzekoak (iragana, oraina eta etorkizuna); denbora-posizio erlatiboak (segidakoak, aldiberekoak, diakronia, sinkronia); iraupena (faktikoa; egoeraren araberakoa; egiturazkoa; iraupen laburrekoa, ertainekoa edo luzekoa); denbora-neurriak (denbora-unitatea, denbora eta kronologia historikoa). Horren helburua da gizarteen bilakaera historikoa ordenatu eta sintetizatzea.
  3. Ondare naturala, kulturala, linguistikoa, artistikoa, historikoa eta soziala, norberarena zein bestearena, aintzat hartu eta errespetatzea, eta norbanakoek zein herriek beren identitatea izateko duten eskubidetzat eta gozamen-iturritzat jotzea. Eta hura babestu, kontserbatu eta hobetzeak dakarren erantzukizuna onartzea.
  4. Talde-lanak egitea eta eztabaida eta debateetan parte hartzea jarrera konstruktiboa, irekia,  arduratsua, kritikoa eta tolerantea izanda eta iritziak eta proposamenak behar bezala arrazoituta. Orobat, desadostasunak eta elkarrizketa gizakien ateko gatazkak eta gatazka sozialak konpontzeko bidea dela ikusi beharko dute, eta taldeko lan-teknikak landuko dira, bai sormenezko lorpen komun bat izateko, baita pertsonaren eta taldearen interakzio nagusi den gizartean egoki txertatzeko ere.
  5. Informazio geografikoa eta historikoa lortzea. Horretarako, ahozko informazioa, informazio grafikoa, ikono bidezkoa, estatistikoa eta kartografikoa planifikatu, aukeratu eta erlazionatu behar dute (informazioa hainbat iturritatik lortuko dute, komunikabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne). Informazio hori laburbildu egingo dute, eta lortutako emaitzak besteei modu antolatuan eta ulergarrian azaltzen jakin beharko dute.

Konpetentziak, Arte Hezkuntzari dagozkionak:

  1. Arte-hizkuntzen oinarrizko teknikak, baliabideak eta konbentzioak ondo samar ezagutzea eta erabiltzen jakitea, teknologia berriek sormen-lanetarako ematen dituzten aukera ugariak aprobetxatzea, teknologia horiek artelan konplexuak diseinatzeko eta garatzeko erabiltzea, eta kultura bisualean nagusi diren lan eta adierazpenetan identifikatzea eta balioestea.
  2. Gure kulturan diseinuarekin, ikus-entzunezko euskarria duten hedabideekin, eta objektu nahiz formen adierazpen-sistema teknikoekin lotutako ekoizpen artistikoestetikoko gune eta esparruen berri jakitea, eta horien kode espezifikoak ondo ulertzea, mota horretako arte-adierazpenak kritikoki aztertzeko eta espresio- eta komunikazio-baliabidetzat erabiltzeko.
  3. Emozioak, sentimenduak, bizipenak, ideiak, eta natura nahiz kultura-inguruneko espazio, objektu eta elementuak adierazteko balio duten obra artistiko-estetikoak sortzea, eta horretan, komunikazio-gaitasunean, pentsamendu kritikoan eta autokonfiantzan aurrera egitea.
  4. Bilaketa, irudimena, baliabide bisualen sormenezko manipulazioa eta antzeko beste trebetasun batzuetan oinarrituta, eta ikuspuntu estetiko bati eutsiz, inguruko objektuak transformatzea, egoerak problematizatzea eta konponbide ugari proposatzea.
  5. Bakarka nahiz modu kolektiboan proiektu artistiko baten gaineko plangintza egitea, eta, gero, prozesu horri buruz gogoeta egitea, lortu nahi den horretan intentzioak, fase bakoitzaren berrikusketak eta emaitzen ebaluazio kritikoak duten garrantziaz ohartzeko, eta hori guztia dela eta, talde-lana arduraz, tolerantziaz eta besteen iritziekiko errespetuz egin beharra aintzat hartzea.
  6. Produktu estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan izan dituzten eta dituzten funtzio eta erabilerak ulertzea, eta korronte estetikoen, moden eta gustuen bilakaeraz eta oparotasunaz jabetzea, horiek guztiek gure balioetan eta munduari nahiz gizakiari buruzko ikuskeretan zer-nolako eragina duten ulertzeko.
  7. Artea herri eta kulturen ondare eta identitatearen parte dela aintzat hartzea, eta, ondare oparo hori babestea eta sorberritzea helburu hartuta, eta elkartrukeak dakarren aberastasunaz jabetuta, kulturen arteko elkarrizketak eta herrien konpartitzen dituzten esperientzia artistikoek egindako ekarpen ugariekiko interesa izatea.
  8. Norberarenaz eta gure inguruan nagusi direnez bestelako espresiobide estetikoak errespetatzea eta aintzat hartzea, eta horretan, prozesu erreflexibo eta kritikoak martxan jartzea, estereotipo eta konbentzionalismoak gainditu, proposamenak egitean erregistroak zabaldu, eta malgutasunez, solidaritatez, interesez eta tolerantziaz jokatzen ikasteko.