-->
euskarazko-bideo-sormenak-sustatzen-dituen-thinking-football-lehiaketaren-bigarren-edizioa-martxan

Euskarazko bideo sormenak sustatzen dituen Thinking Football lehiaketaren bigarren edizioa martxan


Thinking Football lehiaketak futbola gai duen euskarazko bideo-sormena sustatzea du xede. Athletic Club Fundazioak antolatzen du, Euskaltelen babesarekin eta Loraldiaren kolaborazioarekin. Bigarren edizioa martxan jarri da eta proposamenak jasotzeko epea zabaldu da.

Gaia eta baldintzak

Lehiaketan landuko den gaia “futbola gogoan” da. Parte hartzaileek nahitaez euskaraz burutu behar dute proiektua eta argitaragabekoa izan behar du. Gaia gaia “futbola gogoan” dela, proiektua film labur dokumentala, bideoartea, animazioa… izan daiteke. Edozein genero onargarria da. Parte hartzaileen izaera aldetik ez dago mugarik, norbanakoak zein taldeak izan daitezke.

Ekimenean parte hartzeko idatziz aurkeztu behar da proiektua ahalik eta xehetasun gehien agertuz: ideia, aurrekontua, esperientzia, erreferentziak, etab. Eta proiektuaren txostenarekin batera egilearen ustez beharrezkoa den beste edozein euskarri aurkez daiteke: storyboard, irudi, argazki edota bideo.

Saria

Sari bakarra izango da lehiaketaren irabazlearentzat. Honako hau izango da: Euskaltelekin produkzio hitzarmen bat sinatuko da aurkeztutako proiektua burutu ahal izateko.

Epaimahaia Athletic Club Fundazioak eratuko du eta bideo sortze-lanen profesionalek eta Athletic Club Fundazioaren, Euskaltelen eta Loraldiaren arduradunek osatuko dute. Epaimahaiak originaltasuna eta sormena baloratuko ditu, baita jasangarritasuna eta proiektuak berak eskaintzen duen futbolari buruzko hausnarketa ere.

Epaimahaiak proiektuaren aurrekontua eta bideragarritasuna kontuan izango ditu. Sormen lanaren ondorioa 2019ko Thinking Football Film Festivalaren zabaltze emanaldian aurkeztuko da eta aurkezpena 2019ko Loraldia festibalaren egitarauaren barruan egongo da.

Parte hartzeko epea

Proiektuak aurkezteko epea 2018ko ekainaren 11era arte izango da. Proiektuak postaz bidal daitezke (Athletic Club Fundazioa, Thinking Football Lehiaketa, Mazarredo 23, 48009 Bilbo) edo digital bidez Wetransfer artxibo bat erabiliz (fundazioa@athletic-club.eus). Ez da bestelako webik onartuko artxiboak bidaltzeko.

 

Beraz, futbol zalea bazara edo ikus-entzunezko ideia bat badaukazu gai honen inguruan, animatu eta parte hartu!

Informazio gehiago

 

Iruzkinak