Loraldiak euskarazko sormen digital beka baterako deialdia zabaldu du

Loraldia - sormen digitala beka

Loraldiak euskarazko sormen digital beka baterako deialdia zabaldu du

  • Euskarazko sormen digitaleko proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen du deialdiak. Otsailaren hasiera arte jasoko dira proposamenak eta 10.000€ko ordainsaria izango du.
  • Deialdi honen  xedeak bi dira: euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea. 

 

Loraldiak urteari bukaera ematen dio euskarazko sormen digital beka baterako deialdia zabalduz. Jada epea hasi da proposamenak jasotzeko otsailaren hasiera arte eta euskaraz garatutako proiektu digital bat laguntzea du helburu.

Beka honek bi urrats ditu: sorkuntza lana bera eta sorkuntzaren emaitza, 2024ko Loraldia Festibalaren egitarau barruan plazaratzea. Bekaren ordainsari ekonomikoa 10.000€koa izango da.

Deialdi honen  xedeak euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea dira. 

Kultur sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … Aurkez daitekeen proposamena diziplina bat edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke. 

Deialdian parte hartzeko baldintzetan ezarri den moduan, sormen digitaleko proiektu bat aurkeztu behar da eta hautatua izatekotan, urte bateko epea izango da garapena burutu ahal izateko.

Sormen digitalerako deialdia bada ere, ingurune fisikoan ere gauzatzeko aukera izango du. Izan ere, emaitzaren formatoa edozein modukoa dela, 2024ko Loraldia Festibalean aurkeztuko da.

Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura.

Otsailaren hasiera arte jasoko dira proposamenak eta epaimahai profesional batek aukeratuko du zein izango den bekaren onuraduna.

Behin erabakia hartuta, bekadunak urte bateko epea izango du lana garatzeko. 2024ko Loraldia Festibalean aurkeztuko da emaitza. Loraldiaren 10. edizioan, hain zuzen ere.

 

Bekari buruzko informazio osoa jasotzeko: https://www.loraldia.eus/sormen-digitala-beka/