Joseba Sarrionandiak ekarri zigun gogora Lou Reedek kantatu zuena: “bizitza, pony bati sanskrito irakurtzea bezalakoa da”. Ez da samurra izango, inola ez. Baina erronkak ditugu gustuko eta laugarren Loraldiari ekingo diogu pottokek mendien magaletan aske trostan egiten duten moduan.

Sormenaren askatasuna “lau haizetara” barreiatu dugu gure unibertsoan. Bien bitartean, Imanolen boz sendoaren indarra ezin kendu gogotik: “Nire Euskaltasuna lore bat da eta ez du aldarerik”, Koldo Izagirreren poema emozio bihurturik. “Nire Euskaltasuna mundu bat da eta ez du Amerikarik”.

Iturri anglosaxoitik, berriz, edaten dute Ruper Ordorikaren akordeek eta berriro ere oihukatuko dugu eszenari begira “hormak pitzatu egin dira, eta gu libro gabiltza kaleetan tirantezko galtza laranjaz jantzirik, libro libro”. Arte libertateak gidatzen ditu gure arrastoak udaberriko elurretan.

Arantxa Urretabizkaiaren nobela baten protagonistak adierazi bezala: “ni bizitza naiz, eta ukitzen dudan guztia bizirik egongo da”.
Holaxe da Loraldiaren patua etengabeko berritze eta sortze sutsua.

Ez dogu ekitaldirik aurkitu!
Gehiago ikusi