“Hautsi da Anphora zuzenean CD” lanaren aurkezpena, Loraldiaren uzta

“Hautsi da Anphora zuzenean CD” lanaren aurkezpena, Loraldiaren uzta

  • 1980an Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora kaleratu zuen. Bere lehen diskoa zen, eta hitz guztiak Bernardo Atxagarenak hautatu zituen, Etiopia argitaratu berritan. 2022ko Loraldia Festibalean disko horretan oinarritutako kontzertu bira egin zen.
  • Produkzio horretan jasotako edukia aurkezten da orain, Loraldia Festibaletik sortutako uzta eta Pamiela argitaletxeak ekoiztuta, Littera & Musika sailean.
  • Hemen aurkituko ditugu, Pott bandaren akordeak, Eguillorren iruditegia, Gabriel Aresti, surealismoaren keinuak… 

 

Gaur aurkeztu da prentsaurreko irekian Hautsi da anphora zuzenean CD lana, 2022ko Loraldia Festibalerako sortu zen produkzioaren edukia biltzen duena, Hautsi da anphora Ruper Ordorikak 1980an argitaratutako lehen diskoan oinarritu zena.

Aurkezpen honetan parte hartu dute: Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak, lanaren sortzaileek; Pello Elzaburuk, Pamiela argitaletxeko editoreak; eta Imanol Agirrek, Loraldiaren zuzendari artistikoak.

Hautsi da anphora, 40 urteko historia

Bernardo Atxagak 1978an argitaratu zuen ordura arteko euskarazko poesia moldeekin hausten zuen Etiopia liburua. 1980an, Pott Banda literatur taldean bidaide izandako Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora diskoa osatu zuen liburu hartako poemekin, jazz, pop eta folkean aritzen ziren musikariek lagunduta. Orduan inork gutxik laudatu bazuen ere, idazle eta musikarien arteko elkarreraginetik sortzen joan den kantagintzaren ernamuintzat hartzen da gaur disko hura.

Bai diskoak bai liburuak poesia eman diote Bilboko paisaiari eta mugaz haraindi zabaldu dute haren izena.

Hautsi da Anphora zuzenean CD

Hautsi da Anphora diskoa Ruper Ordorikaren lehen lana izan zen. Bide berri bati ekin zion musikagintzan. Bernardo Atxagaren testu musikatu haiek zeru berri bat zabaldu zuten kultur hodeiertzean. Iraganarekin hautsi eta geroari begira jarri zen gure sormena.

Lau hamarkada beranduago, 2022an, berriz, diskoaren kanta guztiak berreskuratu eta plazarik plaza eraman zituen Loraldia eta Korrika Kulturalaren eskutik, bereziki antolatutako produkzio eta bira txiki batean. Arrakasta handiz abiatu zen bira hunkigarri horrek Pott bandako sortzaileak batu zituen eszena gainean Loraldian: Josemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla. Euskal kulturarako une historikoa izan zen.

Produkzio horretan Ruper Ordorikak eta Mugalaris bandak Hautsi da anphoran bildutako abestiak eraman zituzten oholtzara berriro ere. Haiekin batera, Bernardo Atxagak testu literarioa ondu zuen, gaur egungo begiradatik bildutako gogoetak, eta Pott bandako lagunak elkartu ziren berriro.

Eduki guzti hori, biraren zuzeneko grabazioa, argitaratuko du Pamiela argitaletxeak. Kantak eta Atxagaren testuak grabazio berean. Dokumentu hau gure kultur memoria da eta Pamielak ardura hartu du. Littera & Musika sailean argitaratuko du eta 1200 ale ekoiztuko dira. 

Hemen aurkituko ditugu, berriro ere, Pott bandaren akordeak, Eguillorren iruditegia, Gabriel Aresti, surrealismoaren keinuak… Orain dela berrogei urte luze sortu zen unibertso oso bat eta gaur egun oraindik garaikidea dena.