Joseba Sarrionandiaren testuak sarritan bihurtu dira kantu. 145 kantu burutu dituzte poetaren poemekin. Zalantzarik gabe, euskal idazlerik musikatuena da. Ikuskari honek Sarrionandiaren testuekin sortutako kantuen bilduma plazaratuko du.
Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz sentikariak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du. Horretarako hamaika kantari eta bi idazle bilduko ditugu tauletan. Kontzertu poetikoa izango da, Sarrionandiaren sormenarekin bat egiteko bide musikatu zirraragarria.
Ikuskizunak Gure oroitzapenak proiektuan du abiapuntua. Gure Oroitzapenak egitasmoa izen bereko poesiatik abiatzen da. Aurrena, film bat burutu dute, hamabi zinegilek eginiko film kolektiboa. Bigarrenez, kantu, testu eta poemen bilduma den disko-liburua. Eta azkenik, sentikaria: Kalaportu. Sarrionandiaren poesia musikatua eszenan.
Loraldia Festibalaren produkzioa da eta Mireia Gabilondok egin du zuzendaritza artistikoa; Fernando Bernuesek asmatu du eszenografia. Eta oholtza gainean, musikariak, idazleak eta aktoreak bilduko dira eszenan Sarrionandiaren poesia kantu bihurtzeko. Besteak beste, Audience, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.