Eta orain zer? Kukai Dantza Konpainiaren azken produkzioa Loraldia Festibalaren 9. edizioan

Kukai - Eta orain zer? Loraldia Festibalaren 9. edizioan

Eta orain zer? Kukai Dantza Konpainiaren azken produkzioa Loraldia Festibalaren 9. edizioan

  • Eta orain zer? formatu handiko ikuskizun berriak Kukai Dantza Konpainiaren 20. urteurrena ospatzen du eta esperientzia interaktibo bat bilakatzen da, sortzaileek eta publikoak espazio berdina partekatuko dutela.
  • Martxoaren 10ean Loraldia Festibalean baitan aurkeztuko da Euskalduna Jauregian, eserlekurik gabeko espazio zabalean. Espazio berdina partekatuko du publikoak, dantzari eta musikariekin.
  • Soka dantza antzinako errituala da, unibertsala. Dantzaren bidez gizartea batzen duena. Jon Maya Sein koreografoak kohesioa, errespetua eta elkar ulertzea sinbolizatu ditu. 

 

Loraldia Festibalaren 9. edizioak Kukai Dantza Konpainiaren Eta orain zer? ikuskizuna aurkeztuko du martxoaren 10ean Euskalduna Jauregian. Formatu handiko ekoizpena da, zuzeneko dantza eta musika uztartzen dituena.

Ez da ohiko ikuskizuna, artistek eta ikusleek espazio bera partekatuko baitute. Eszenatokirik eta besaulkirik gabe, hauxe da Kukai Dantzak bere hogeigarren urteurrenean prestatu duen proposamen berritzailea.

Ikusleek espazio huts bat aurkituko dute, non ekintza ezberdinak gertatzen hasiko diren. Murgiltze esperientzia honek espazio ireki eta gardena behar izan du, eta horregatik aukeratu da Euskalduna Jauregiko Urban hall espazioa.

Lanak Pascal Gaigneren jatorrizko musika eta Errenteriako HAE Orkestraren zuzeneko interpretazioa ditu, Sergio Zapirainen zuzendaritzapean.

Soka-dantza antzinako errituala da, unibertsala, herrialde eta kolektibo askoren kultura tradizionalean maiz agertzen dena; tokian tokikoa bezain unibertsala. Gizartearen kohesioaren eta komunitate bereko kide ezberdinen arteko errespetu eta ulermenaren ikurra da. Dantzaren bidez lortzen den gizartearen batasuna. Kide bakoitzaren berezitasunak errespetatu eta onartuz, guztiena den espazioa eraiki eta partekatuz.

Jon Maya Sein koreografoak sinbologia honetan sakontzea proposatzen du, gaur egungo gizartearen balioetan txertatzeko. Transbertsalitatea, kultur aniztasuna, eta espazioen demokratizazioa izango dira bidaia honetako gaietako batzuk, bizikidetzaren bidez eta adierazpenen eta jatorri koreografikoen aniztasunaren bidez.


Kukai Dantza

Kukai Dantza Errenterian (Gipuzkoa, Euskal Herria) jaio eta bizi den konpainia bat da, 2001 urtean Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren ekimenez sortuta. Dantza tradizionaletik abiatutako sorkuntza garaikidea ikur duela, elkarlanean oinarritutako lengoai propio bat landu du. Eta horren fruitu dira bere ibilbidean egin dituzten  kolaborazio eta ikuskizun arrakastatsu gutziak: ‘Oskara’, ‘Erritu’ edo ‘Gelajauziak’ ikuskizunak… Marcos Morau, Israel Galván, Cesc Gelabert koreografoekin lankidetzak… Lengoaia artistiko anitzekin elkarrizketak sustatu ditu (antzerkia, zinema, arte plastikoak, gastronomia…) eta nabarmentzekoa da Kukai Dantzak espazio eta ekimen berezietan lan egiteko adierazten duen gaitasuna: museoak, arkitektura bereziko guneak, naturguneak…

Kukai Dantzaren ikuskizunak hogeita bost herrialde baino gehiagotako antzoki eta jaialdietan aurkeztu dira. Horrez gain, sari esanguratsu ugari jaso ditu: Espainiako Dantza Sari Nazionala 2017, Arte Eszenikoen MAX SARIAK 2009, 2015, 2017 eta 2018an, Kataluniako Kritikaren Saria 2016, Huescako Nazioarteko Antzerki eta Dantza Jaialdiko Ikuskizun Onena, Donostia Antzerki Saria, Valladolideko TAC Jaialdia, Umore Azoka Ohorezko Saria…

Kukai Dantzak, bere proiektu artistikoarekin batera, herritar partehartzea sustatzen duen egitasmoa garatzen du Errenteriako bere egoitzan ikastetxe, kolektibo eta dantzari gazteentzat ekimenak sortuz.

 

Jon Maya Sein

Jon Maya Sein (Errenteria, 1977) Informazio Zientzietan Lizentziatua (UPV/EHU). Sei urte zituela murgildu zen dantza munduan, Errenteriako Ereintza Dantza Taldean. Dantza tradizionalean jaso du bere formazio nagusia, eta bertatik abiatuta landu ditu bere proiektuak. Bakarlari gisa, 1997 eta 2005 urteen artean zazpi aldiz izan zen Euskal Herriko Aurreskulari Txapelduna.

1999 eta 2001 artean LAXOK taldeko partaide izan zen, eta 2002. urtean, KUKAI Konpainia sortu zuen, bertan dantzari, koreografo eta zuzendari lanak betetzen dituelarik, dantza tradizional eta garaikidearen arteko bideetan sakonduz. Bertan artista ugarirekin elkarlanean jarduten da (Mireia Gabilondo, Cesc Gelabert, La Intrusa Danza, Pantxika Telleria, Iker Gómez, Jone San Martín, Israel Galván, Logela Multimedia, Marcos Morau/ La Veronal, Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Juan Mari Beltrán, Carlos Núñez, etab.).

Jon Mayak zuzentzen duen dantza-taldeak, beste sarien artean, 2009 MAX ikuskizun errebelazio saria jaso zuen; 2015ean Gelajauziak lanarekin bi MAX sari jaso zituen, dantza antzezle talde eta musika konposiziorik (Sabin Bikendi) onenaren ataletan; eta 2017ean hiru MAX sari, danta ikuskizun, dantza antzezle talde eta janzkera onenaren (Iraia Oiartzabal) ataletan. 2017an Kukai Dantzak Dantza Sari Nazionala irabazi zuen.