Musika, kanta eta arte bisualak uztartzen dira Laboaren mundua erakusteko Loraldia Festibalean

Laboa. Leketitiotik hegan

Musika, kanta eta arte bisualak uztartzen dira Laboaren mundua erakusteko Loraldia Festibalean

  • Laboa. Lekeitiotik hegan ekitaldian Mikel Laboaren Lekeitioak lanaren berrinterpretazioa da. 
  • Euskal musikariari eskeiniko zaion saio honetan hiru protagonista daude: Ensamble Kuraia, Maddi Oihenart eta Elektrart. 
  • Loraldia Kultur Elkartearen produkzio propioa da eta Euskal Kultur Erakundearen eta Ensamble Kuraiaren elkarlana izan du.

Loraldia Festibala euskal kultura biltzen den tokia da, obra berriak  sortzen eta birsortzen diren tokia. Askotan jasotzen dugu euskal kulturaren erreferenteek sortutako proposamenen lekukoa, eta gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatzen ditugu. Laboa. Lekeitiotik hegan obra ez da diferentea, Mikel Laboaren Lekeitioak albumean oinarrituta dagoen sorkuntza. Martxoaren 16an izango da, 19:30ean. Mikel Laboaren unibertsoaren zati hau Arriaga Antzokian egongo da ikusgai. 

Laboari buruzko begirada berria

Laboa. Lekeitiotik hegan proiektua Mikel Laboaren lanen berrinterpretazioaren nahitik abiatzen da. Laboaren sorkuntza esperimentalari ohore eginda, Ensamble Kuraiak, Maddi Oihenartek eta Elektrartek abeslari euskaldunaren unibertsoaren beren ikuspegia erakutsiko dute.
Kontzertua Kuraia Musika Garaikideko XXVIII. Topaketarekin elkarlanean sortu da.

Ensamble Kuraia

Ensamble Kuraia musika taldea Maria Eugenia Luc konpositoreak sortu zuen 1997. urtean, Bilbon. Euskal Herriko konpositoreen obrak zabaltzea dauka helburu gisa, eta  Europa zein Latinoamerikako jaialdi eta ekitaldi garrantzitsuenetan jotzen dute: Berlingo Universität der Künst eta Hochschule für Musik; Italiako Milango Kontserbatorioa eta Parmako Labirinti sonori; Music around (Strasbourg, Frantzia); Arsonic (Mons, Belgika), etab. 

Maddi Oihenart

Maddi Oihenart abeslari zuberotarra aski ezaguna da. Urte askotan egon da Zuberoako plaza eta tabernetan a capellaz abesten, eta denborarekin beste euskal musikari askorekin elkarlanean egon da: Olatz Zugasti, Juan Mari Beltran, Peio Serbielle, Rafa Rueda, Patxi Zubizarreta, Haurrock taldea,… bere abestiak idazteaz aparte hainbat euskal idazleen bertsoak eta poemak abesten ditu, adibidez, Bernardo Atxaga, Leire Bilbao eta Karlos Linazasoro.

Elektrart

Diziplina diferentetako artista eta teknologoez osatuta dago Elektrart, eta bi mundu horiek uztartzen dituzten proiektuak aurrera eramaten dituzte. Hainbat euskarritan egiten dute lan: ikus-entzunezko edukia diseinatu eta sortzen dute bideo mapping-erako; arte digitaleko instalazio inmertsiboetarako; Big Dataren interpretaziorako instalazio artistiko berritzaileetan; edo inpaktu handiko 2D eta 3D diseinu bisualak holograma bidez.