-->
lau-sormen-haizetara-dublinetik-bilbora

Lau sormen-haizetara, Dublinetik Bilbora


EZINARI EKINEZ

Dublinetik abiatu zen Laugarren Loraldia, bertan ikasi baitzituen zuberotarren berbak Anton Abbadiak, XIX. mendeko Lore Joko moderno hauen sormen iturburuak. Ezinari egin zion aldarriak hunkitu gintuen. Festibalaren produkzio propio honek erakutsi zuen festibalaren bide zirraragarria. Ezinari ekin diogu Bilboko bihotzean eta euskarazko sormena izan da protagonista eta erreferentzia 22 egunez. Negua joan da eta udaberria hasi berri.
Anton Abbadiaren ikuskariaren hasieran Alaia Phillipsen ahotsak gaelikoz kantatu zuen sehaska-kantak bidea argitu zuen. Edertasuna izan baita festibalaren ibilbidearen paisaia. Alaia Phillips boz gaztea aurrenekoz ari zen euskal eszenan. Ibilbide artistiko honen hasiera liluragarria bat zetorren Txomin Heguy eskarmentu luzeko aktorearen azken interpretazioarekin. Txomin Heguyk Anton Abbadiari eman zion bizia eta hauxe izango da egiten duen azken jokoa.
Dublinetik Bilbora izan zitekeen laugarren Loraldi honen bidaiaren seinalea, Bilbo hirian bukatu baitzen azken jardunaldiko “Etorkizunak harrapatuta” ikuskariaren azken bertsoa. Maialen Lujanbiok titaniozko Bilboren iragana aldarrikatzen zuen geroari begira jarri zen ikuskari honetan. Arantxa Urretabizkaiak gidatutako ekinaldi zirraragarri honetan bizitza izan zuen hizpide (“esango dut hirugarren aldiz bizi naizela propina bati esker”) eta ondo ederto adierazi zuen Loraldiaren nortasuna: literatura, bertsolaritza eta musika sormen bidegurutzean. Dirdira handiz biztu ziren Urretabizkaia idazlea, Lujanbio eta Alberdi bertsolariak eta Senperena piano jotzaile aparta.
Oroimina berez ez da helburu. Iraganari begira jartzen da festibala gaurko sorkari garaikideak plazaratzeko. Berriztea, gaurkotzea, arriskuak hartzea… sormenaren bidelagun ditu euskal kulturaren topaketa erraldoi honek. Ausardiari erantzuna ezin hobea izan da. Aretoen aforoak lepo izan dira (%85 bete dira eta sarritan sould out zintzilikatu da txartel leihatiletan). Bilbon 7.000 ikusle inguru bildu da kultura garaikidearen festa honetan. Erronka ez da makala. Hemendik zubiak eraiki beharko ditugu oraindik euskal sormenari bizkarra ematen diotenek jakin dezatela Bilbon eta udaberrian ezinbesteko kultur hitzordu erakargarria altxatzen dela.

BERANDU DABILTZA

Bernardo Atxagak hartu zuen protagonismoa Dabilen harriari so. Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat kontzertuaren gau magikoan. Kaiera bat eskuan Berandu Dabiltza poemaren berridazketa bati ekin zion:
“Athleticen eta Leganesen arteko partidua nekosoa izan zela, eta Raul Garciaren bi golek “garaipen baltsamikoa” eman ziotela Athletici. Kronikak zioen 30.787 ikusle besterik ez zirela bildu San Mamesen, azken bi urteetako sarrerarik eskasena, eta ez ote den jendea ilusioa galtzen ari, ez ote duen galdu lehengo garaietan —eguneroko bizitzak ikatza bezalako labezomorroak isurtzen zituen haietan, eta baita lehenago ere— jendearengan zuen eragin emozionala; ez ote zen benetako futbola bukatu, Di Stéfanok behin esan bezala, aldageletara lehen sekadora, ile-lehorgailua, sartu zen egunean. Athletic-Leganes San Mamesen, eta 30.798 ikusle besterik ez.
Antzeko arazo bat geneukan guk. Joan gure partidua jokatzera, musika eta letra, San Mamesera —San Mames alboko areto batera, esan nahi dut— eta 30.798 zati 1.000 pertsona besterik ez, 30 pertsona, edo zehatzago esateko, 30,798 pertsona, eta galde egiten genion geure buruari ez ote zen jendea ilusioa galtzen ari, ez ote ginen gaizki jokatzen ari. Behar ote zuen gure munduak koblakaririk? Martinlarralderik?”
Loraldian ilusioa galdu baino berpizten dela esango genuke gau hartan sentitu genuen giroa ikusita. Ixiar Orejaren gozotasuna, Petti & Balerdi Balerdiren indarra (Neil Youngen keinuak gogora ekarriz), MICEren atmosfera erakargarriak, Ken Zazpiren goi mailako kalitatea eta Fermin Etxegoien idazlearen rupertorioaren orrazketa emozionala… izan ziren gau ahaztezin honen osagairik nagusienak.

NIRE EUSKALTASUNA LORE BAT DA

Izaro ez da egun bakarreko lorea. Iaz, 2017an, Izaro birritan izan zen festibalean, aurreneko diskoa aurkezten eta Pete Seeger kantaldian parte hartzen. Aurten eman duen aurrerapausoa ikaragarria izan da. Arriaga Antzokia lepo betetzea ez dago edozein artistaren esku. Emakumeen Plantoren eguna zen. Beraz, giroa bero zegoen. Argiak biztu ziren eta Izaroren edertasunak liluratu gintuen. Zaleek zutik gogoz txalotu zuten. Eason bigarren diskoan heldutasunaren hasierari kosk egin dio.
Loraldiak musika arlo guztiak plazaratzen dituela begi bistan da: rock, folk, kantugile, jazz, hip hop, beat box…
Imanol Jazz ikuskariak ere lepo bete zuen Azkuna Zentroko auditorioa. Lau eskutara bi pianotan Iñaki Salvador eta Karlos Jimenez musikariek goi jo zuten. Sentimenduz hauspoz gertatu zen kontzertua. Bi bozetan, Ainara Ortega dotore eta Petti indartsu, entzun genituen Imanolen klasikoak. Horra hor Oroimeneko Portua (Joseba Sarrionandiaren poema) kantua blues arrakalatua bihurturik Pettiren interpretazioari esker. Bukaeran, bihotzak sutsu, emozioa larrutan, Lau haizetara, Bilbaotik Euskal Herrira xuxurlatu genuen, lau musikari handirekin batera.
Gazte eremuetan beat box, hip hop eta street dance arloek ostatu zuten Bilbronx. Rap musika nagusitu zen ozenki eta Bat ere diru gabiltza aldarrikatu zuten sistema kapitalistari aurre eginez. Hiru talde aritu ziren gogoz: Gatom, Kirrinka Krew eta Selektah Stepi. Street dance eremuan, berriz, Dena Bilbao taldearen koreografia parte hartzaileek gazte asko erakarri zituen eta giro ezin hobean kaleko joerak euskaraz ere mintzo direla erakutsi zuten.
Beat box estiloari dagokionez, Euskal Herriko hirugarren txapelketa honek izugarrizko ikusmina sortu zuen. Txapelduna Boris Bringas izan zen.

NABIL BANABIL AMETSAK ORRAZTEN

Aingurak izena zuen Inun kantugileak plazaratu berri zuen hirugarren diskoa. Bertan aurkitzen da Nabil banabil kantua Iñaki Mendizabalen testu zoragarri batetik sortua. Inun ari da ametsak orrazten aipatu kantuak dioen bezala. Kantugile original (ez dago besterik Inunek egiten duen musika eremuan) honek bide esanguratsua landu du eta Loraldian aurkitu zuen babes portua.

ARTE INSTALAZIO ELEKTRONIKOAK

Ezustez beterik gertatu da laugarren Loraldia. Baina bakar bat aipatu beharrean egonez gero Oholtza nabarmenduko genuke. Artista bat eta bi bertsolari. Komunikazio giltza: inprobisazioa. Arte inprobisatua, hain zuzen. Alde batetik, Beñat Krolem egurra eta instalazio elektronikoak erabiliz proposamen estetiko eta eskultorikoak sortzen, bestetik, Jon Martin etaOihana Iguaran bertsolariak eszena artistikotik abiaturik istorio inprobisatuak sortzen. Ezuste harrigarria. Irudimen handiko ezuste gozoa. Bertsolarien esku artean bizten ziren instalazio luze argitsu eta dirdiratsuek etorkizuneko giroa ematen zioten inprobisazioari.

ARDOA, GARAGARDOA ETA ATZEKOZ AURRERA DOAN ISTORIO BAT

Bi edarik zabaldu dituzte bide berriak. Ardoaren dastaketa eta kantuak alde batetik, garagardoa eta teatro laburra, bestetik. Bi ekitaldi biziki arrakastatsuak. Ardoonak dendako txokoan Euskal Herriko bost ardo ezagutzeko aukera izan genuen, lurrari eta mahatsaren zukuari kantatzen genien bitartean. Baskery tabernan, berriz, hiru artisau garagardo datatzeko aukera izan genuen Mikel Martinezek kaña bat ondo botatzeko instrukzioak jokatzen zituen bitartean.
Istorio bat atzezkoz aurrera interpretatzea ezinezkoa al da? Mikel Martinez aktoreak eta Patxo Telleria testugileak teatroan ezer gutxi da ezinezkoa. Oraingoan istorio bat atzezkoz aurrera. Patxo Telleriaren originaltasunak eta etorriak ez dutela mugarik nabaria da eta Mikel Martinezek komunikatzeko duen goi mailako gaitasunak ere ez. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña teatro laburrak turismoaren eragin gaiztoari eta gizakiaren bizitza grisari egiten die keinu.

OTEIZA PROFETA

Kukaik atea zabaldu zuen eta Oteiza etorri zen Loraldiara. Oteiza artistaren bizitza errebeldea eta sortzailea dantza bihurtu zenean gure erraiak hunkitu ziren. Edertasuna oinak arinetan. Godalet dantza eskultura txiki baten gainean. Kaxarranka artistaren omenez. Euskalduna Jauregiak espazio hutsa eskaini zuen, Oteizaren berbek oihartzun handia hartu zuten.
Hika eta Oinakari taldeek, berriz, sagarra nahi izan zuten dantza bilakatu. Koreografia originalek sagarraren historia margotu zuten eszenan. Tradizioak lekua bilatzen du sormen garaikidean.
Eta Mikel Laboa agertu zen. Laboaren esperimentazioa, hain zuzen. Mizel Theret koreografoak hamar urte luze behar izan du Laboaren Lekeitioak dantza bihurtzeko. Dantzariaren aurpegia ezkutatzen zen Laboak berba ezkutatzen duen bezala. Esperimentazioaren bidean muga gutxi daude eta emozio ugari.

ZERI KANTATZEN DIOGU EUSKALDUNOK

8 orduko mintegi mamitsu bati esker euskal kantagintzaren historiari errepaso galanta eman genion. Gotzon Barandiaran kulturgilea lemazain eta Rafa Rueda kantuen interpretea. Orreagan (Iratzeder) hasi eta afrikar etorkin bati eskainitako poema baten (Edorta Jimenez – Rafa Rueda) amaitutako ibilbidea. Abiapuntua Koldo Izagirreren hausnarketa hau: “Badirudi poetek barneratua dutela derrota kolektibo bat, alegoria ezberdinetan kantatzen dutena. Derrotaren kontzientzia honek ez garamatza, ordea, malkokeriara: poetak askatasun egarri handi batean kantatzen du.”
Marc Biosca kataluniarraren oinarri teorikoa ere erabili zuen Barandiaranek gure kantagintzaz aritzeko. “Kanten mezuetan ageri diren elementuen dimentsio sinbolikoak boterea ematen dio kantagintzari, gizarte kontzientzian eragiteko gaitasuna ematen dion neurrian”.
Mintegiaren helburua transmisioa zen eta bertatik igaro ziren: Oskorri-Aresti, Ruper Ordorika-Sarrionandia/Atxaga, Benito Lertxundi-Irigarai, Iparragirre, Pantxoa eta Peio-Monzon/Pagola, Errobi-Landart, Imanol-Izagirre… Berriro ere “Nire euskaltasuna pekatu bat da, eta ez du mea-kulparik” kantatu genuen.

AMURIZA, SARRIUGARTE ETA GOIENETXEA

Literaturaren itsasoan murgilduta hiru liburu plazaratu berri aurkitu genituen Loraldiaren portuan. Xabier Amurizak “literatura nazionala” egin nahi zuela adierazi zuen. Bertoko istorioak unibertsal bihurtu, alegia, horrela Zamorako kartzelan egin zuten iheserako tunelaren benetako gertaera eraman du paperera. Ekaitz Goienetxea, berriz, 80ko hamarkadaren droga giroan murgildu da. Azkenik Danele Sarriugarteren lan berria artearen begiradari buruzko nobela berria.
Sylvia Plath Iparramerikarraren poemak Arriaga Antzokiko tauletara heldu ziren. Hiru Emakume antzezlanean Maria Berasartek jarri zuen soinu banda ederra eta amatasuna (hiru begiratu ezberdinetatik aztertua) poemen haria.
Emakume aitzindaria izan zen euskal kantagintzaren hasieran Estitxu. Haren familiak bere akorduarekin bat eginez kantatu zuen hamaika ahotsetara.

VICARIOREN FILM LABURRAK

Bego Vicario ikus entzunezko artista eta artisaua da. Filmografia osoa ikusteko aukera eman zuen edizio honek eta honela ikus daiteke sortzaile honen garrantzia. Hareaz eginiko aurreneko animazioek edota hamaika materialekin eginiko azken esperimentazioek harritu gintuzten. Ez dira lan hutsalak, beti intentzio zuzena eta salataria.

TO BE CONTINUED

Aurten Joseba Sarrionandiaren bisitaldia izan dugu. Herejeen alaba ikuskariak Iurretako poetak 80ko hamarkadan kartzelan bertan idatzitako narrazio bat zuen abiapuntua. Ander Berrojalbiz historiagile eta musikariari esker berreskuratu genuen Durangoko Inkisizio garaia eta jakin genuen gurean kontatzen ziren istorioak Europa osoan zehar ere kontatzen zirela. Kultur unibertsal baten partaideak garen heinean, euskararen begiradak ematen dio berezitasuna. Goi mailako ekitaldia izan zen. Hizkuntza jasoa, literaturaren goi maila eta Erdi Aroko musika berreskuratua osagaiak izanik.
Joxan Artze joan zitzaigun festibala hasi baino aste batzuk lehenago. Pertsona joan zen baina haren poemek bizirik diraute. Hala gertatu zen Isturitzetik Etiopian Barrena sorkarian. 8 zirkulutan ibili ginen, DJ-a, zinema eta poeta baten eskutik. Artzeren hitzak entzun genituen: Ama / Amagandik sortu danak / Maite du ama / Ama / Lurra / Herria / Lurrik gabeko / Herririk gabeko / Amarik gabeko seme-alabak.
Ikuskari honetako Beñat Goitiaren poema honek eman dezake laugarren Loraldiaren akabera: “Ez ditut bukaerak gustuko. The end-ak baino, To be continued-ak nahiago ditut… Kandelak piztea puztea baino.” Biz diezaiogun bidea bosgarren Loraldiari.

Iruzkinak